Leihoak zabaldu, kiratsa joan dadin

Iruñeko Udala, UPNren eskuetan, hilotz politikoa dela entzuten dugu tarteka-marteka tertulietan edo egunkarietako analisi politikoetan: “Akabaturik dago”, “ez du etorkizunik”, “iraungitze data gainditua du”… Baina hitzak hitz eta norberaren desioak desio, egia bakarra da Iruñeko Udala UPNren eskuetan dagoela oraindik orain, eta hiria gobernatzen segitzen duela. Hilik dago, antza, baina etengabe zutitzen da. Eta arrazoi bakarra egon daiteke horretarako: Enrique Maia alkatea buru duen udal gobernua zonbi bat da.

George A. Romeroren edo Lucio Fulciren pelikuletako hildako ibiltarien antzera dabil udala. Noraezean, automata baten gisara. Berdin urteko aurrekontuak prestatzen nahiz sanferminetako egitaraua jendaurrean aurkezten. Eta nabari da. Ustel usaina du irentsarazi nahi diguten festa ereduak ere: zezenketak, sangria epela litroka, mugarik gabeko parranda —baita emakumeen eskubideen bizkarretik bada ere— eta turismo merkeari gorazarre.

Eta jakina, sanferminetako kultur eskaintza ofizialari antzeko kiratsa dario. Naftalina eta ardoa. Gomina eta xanpain botila zezen plazako itzalpeko harmailetan. Halako ikuspegi atzerakoi batekin soilik uler daiteke egitarau ofizialeko ekitaldi gehien-gehientsuenak gaztelania hutsean izatea: Espainiako irrati-formulako sasi-abeslariak gazteentzat, movida madrildarretik erreskatatutako fosilak helduentzat eta adinekoentzat, azkenik, berbena eta Los del Rio. Bai. Macarena abesten zuten horiexek. Baina nabarmenkeria ez da hor amaitzen, antzerkialdi berezia ere antolatu baitute Gaiarre antzokian: Montxo Borrajo, Bertin Osborne eta Arevalo igoko dira oholtza gainera, Iruñeko establishment-arentzat kultura benetan zer den azaltzeko.

Horregatik guztiagatik, Gora Iruñea plataformak eta beste hainbat eragilek sustatzen dituzten jai eredu alternatiboak ez dira eskertzeko modukoak bakarrik. Behar-beharrezkoak dira. Leihoa zabaltzen dute UPNren berotegi itogarrian, haize berria sar dadin. Egitarau alternatiboari begi kolpea ematea nahikoa da aldeaz jabetzeko: Berri Txarrak, Esne Beltza, Kashbad, Motxila 21, Betagarri, Governors, ZTK rap, Irrien Lagunak, haurrentzako gune berezia, dantzak, erakusketak, antzerkia… Baina artistez edo ekitaldiez harago doa iraultza. Eredu aldaketa da Gora Iruñeak planteatzen duena: jaien parekidetasuna benetan sustatu eta sexu erasoak errotik erauzteko lan egiten dutenen eredua, euskarari zor zaion lehentasuna ematen diona eta, zonbien antzera zerebroak jan beharrean, burmuinari eragiteko aukera eskaintzen duena.