Erretreta jo diote militar zaharrari

Erretreta jo diote militar zaharrari

Ion Orzaiz / NAFARROAKO HITZA

Mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria, lan eskubideen kontrako delituak, elkartzeko askatasunaren aurkako delituak, bazterkeria eta dokumentuen faltsutzea. Simon Santamariaren curriculuma baino luzeagoa da haren kontrako inputazioen zerrenda. Iruñeko alkateak, ordea, entzungor egin die salaketa horiei azken hamabost urteotan, eta karguan mantendu du Iruñeko udaltzainburua kosta ahala kosta. Orain arte.

Duela hilabete baino gutxiago azaleratutako salaketen ondorioz, eskandaluen pitxerrak gainezka egin du, eta Santamariak dimisioa aurkeztu behar izan du, udal eta foru hauteskundeetarako lau hilabete falta direla. UPNk eta Santamariak berak zabaldutako bertsio ofizialaren arabera, ordea, erabakiak ez du bozekin zerikusirik, ezta Udaltzaingoaren ereduari buruzko polemika garratzarekin ere. “Arrazoi pertsonalak, besterik ez”, azpimarratu du udaltzainburuak.

Oposizioko taldeek eta udaltzainen sindikatuek, berriz, ez dituzte Santamariaren arrazoiak sinetsi, eta erabakiaren kutsu politikoa salatu dute. “Aldaketa politikoa bidean dela ikusita, aurrea hartu nahi izan du Santamariak”, laburbildu du Bilduko Eva Aranguren zinegotziak. Haren irudiko, poliziaburuaren dimisioa “albiste pozgarria da”, baldin eta “lehen pauso edo abiapuntu bat bada, Iruñeko Udaltzaingoaren eredua errotik aldatzeko bidean”. Iritzi berekoa da Geroa Bai alderdiko Iñaki Cabases ere. “Udalean aldaketak etor litezkeela ikusi du Santamariak, eta eroriko den lehena bera izanen dela jakinda, nahiago izan du atzeko atetik atera”, esan du. Ezkerrako Edurne Eginoren esanetan, berriz, dimisioa “beranduegi dator”, eta Iruñeko alkatearen agintaldia baldintzatu du: “2011n, Enrique Maiak aukera izan zuen Simon Santamaria kargutik kendu eta Barcinak ezarritako bidetik aldentzeko. Ez zuen egin, eta, geroztik, Udaltzaingoaren egoerak okerrera egin du etengabe”.

Beste teoria bat dute APM-SPPME Espainiako Udaltzainen Sindikatuko ordezkariek. Haien ustez, dimisioa aurkezteko erabakia ez zuen Simon Santamariak hartu. Goragotik etorri zen. “Gure susmoa da UPNren jokaldi bat izan dela hau guztia. Santamariak hainbat auzi ditu zabalik, eta sententziak aurki argitaratuko dira. Kondenatuko balute, sekulako zaplaztekoa izanen litzateke hori UPNrentzat, hauteskundeen bezperan”, azaldu du Maite Gonzalez sindikatuko bozeramaileak.

Santamariak dimisioa aurkeztu eta hurrengo egunean, kazetarien aurrean azaldu zen Enrique Maia, azalpenak emateko. Alkatearen ustez, udaltzainburuaren erabakiaren atzean ez dago ezkutuko arrazoirik: “Niri eman dizkidan arrazoiak pertsonalak eta pribatuak dira, eta ez dago besterik”. Bestalde, “jazarpen bortitz baten biktima” gisa aurkeztu zuen Santamaria. “Bere izena zikindu nahi izan dute”.

Udaltzainburuaren lana “bikaina” izan dela gaineratu zuen Maiak: “Espainiako polizien sailkapenaren lehen postuetan utzi du Iruñeko Udaltzaingoa, eta lan hori ez da batere samurra izan, hiri honetan pertsona eta talde biolento asko daudelako”.

APM sindikatuko bozeramailearentzat, ordea, “iraingarriak” dira Maiak kazetarien aurrean esandako hitzak: “Simon Santamariaren eta beste ofizial batzuen kontra esan ditugunak ez dira unean uneko ateraldiak izan. Nafarroako Administrazio Epaitegiak eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzietako Auzitegiak arrazoia eman digute, besteak beste”. Santamariaren kudeaketa “penagarria” izan dela laburbildu du Gonzalezek. “Ondare negargarria utzi digu: hainbat pusketatan zatitutako Udaltzaingo bat eta hiritar gehienen mesfidantza”.

Udaltzaingoa militarizatzen

Udaltzain askoren irudiko, Santamaria ez da inoiz udaltzaina izan. Militarra zen. Kapitaina, America 66 erregimentuan. Hainbat eskandalu tarteko, erreserbara bidali zuten 1992an, eta handik, Volkswagenen segurtasun sailera egin zuen jauzi. 1999an, Yolanda Barcinak Iruñeko udaltzainen buru izendatu zuenean, hierarkia eta espiritu militarra ezartzea izan zen Santamariaren obsesioetako bat, instituzioaren ezaugarriak eta helburuak baztertuta.

“Tokian tokiko polizien betekizunak oso argiak dira: trafikoa zuzentzea, herritarrei laguntzea, eta abar. Santamariak, ordea, kontrako bidea hartu du: Bide Segurtasunerako Taldea desegin zuen, eta horren ordez, Udaltzaingoarenak ez diren funtzioak ezarri; besteak beste, istiluen aurkako operazioak edota ordena publikoa. Hori guztia, Alkatetzaren oniritziarekin”, salatu du APM sindikatuko kideak. Horrez gainera, zigor gogorrak ezarri zizkien haren kudeaketa kritikatzera ausartu ziren udaltzainei: “Apetazko diziplina txostenak eta delitu faltsuen inputazioak eguneroko ogia izan dira Simon Santamariaren gehiegikeriak aireratu ditugunontzat”.

Oposizioko taldeek ere gogor kritikatu dute Udaltzaingoaren militarizazioa. “Santamariak kargua hartu zuenean, Iruñeko Udaltzaingoa ez zen albistegietan ateratzen. Eta gauza ona da hori. Orain, militarizatua dago instituzioa, eta horrek arrazo ugari sortzen ditu. Polizia zibila, gertukoa eta herritarren neurrikoa behar dugu”, esan du Iñaki Cabasesek. “Auzoko poliziaren rola” aldarrikatu dute Bildu eta Ezkerrako zinegotziek ere. Otsailaren 1etik aurrera, Alfonso Fernandez komisarioak hartuko du Santamariaren lekukoa. Alderdi eta sindikatuek, ordea, ez dute aldaketa nabarmenik espero. “Santamariaren gertuko kargua da. Eredua da aldatu behar dena”, esan du Gonzalezek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.