“Kalteak zenbakaitzak dira”

Etsiturik so egiten dio Rufino Martinezek (Mendabia, 1968) lokatzak estalitako lursailari. Duela hilabete eskas, letxuga eta zerba kimuen itsaso batek berdez margotzen zituen soro amaigabe horiek. Orain, ale bakan batzuk antzeman daitezke, ur marroietatik burua ateratzen. “Kalteak zenbakaitzak dira. Uzta hau guztia galduta dago jada, baina baita hurrengoak ere, datozen hilabeteetan ezin izanen baitugu ezer landatu”, dio. Martinezek ez du bere burua laboraritzat. Baina laboraria da. Kamioilari lanbidea utzita, bederatzi hilabete daramatza lurra lantzen. “Eta orain, hau”.

Ez da kexu, hala ere. Soldatapeko behargina denez, ezbeharrak ez dio kalte ekonomiko zuzenik ekarri, beste nekazari askori ez bezala. “Badira ni baino okerrago dauden asko. Baratze edo lur sail propioak dituzten laborari askorentzat, galera izugarria izan da”. Ez denentzat, ordea. Piperraren edota zainzuriaren sektorean lan egiten duten nekazari eta enpresa handiek gaitasuna dute ureztatze sistema modernoak ezartzeko eta, ondorioz, negutegiak nahiz baratzeak ibaiaren inguruetatik urruntzeko. “Nekazari txikiak izan dira gehien kaltetuak”.

Eskuarekin agur egin dio lokaztutako eremua ikuskatzen ari den lagun bati. Jose Angel Sancho da (Iruñea, 1968). Sortzez iruindarra da, baina bizitza osoa darama Mendabian. Urte horien erdiak baino gehiago, laborantzari emanak. Ez du gogoratzen otsailaren 3ko uholdearen parekorik, baina onartu du horrelako fenomenoak gero eta ugariagoak direla. “Ebro ibaiaren arroa ez da behar bezala zaindu azken urteotan”, azaldu du. “Garbiketa sakona behar da hemen. Eta eskerrak uholdeek ez gaituztela udaberrian harrapatu, uraren maila askoz azkarrago igotzen delako ibaiaren zolan eta inguruetan landaretza hostotsua baldin badago”.

Ibaiaren hazkundeak ustekabean harrapatu zituen mendabiarrak. “Orain etengabe ari dira oharrak ematen eta alarmak pizten, baina otsailaren 3ko uholdearen aurretik inork ez zuen abisurik eman. Ohartarazpen bakarra ahoz aho heldu zitzaigun, ibaia gainezka egiten hasi zenean. Nekazari batzuek zakurrak eta zaldiak zituzten etxaldeetan, eta korrika etorri behar izan zuten, ito ez zitezen”, gogoratu du Sanchok.

Babesak suntsituta

Hilabete hasierako nahiz atzoko uholdeetan, altuera eta indar handiarekin igaro zen Ebro ibaia Mendabiatik: 3,69 metroko altuera. 730 metro kubiko ur segundoko. Lur-jausi ugari eragin zituen horrek Logroñorako errepidearen inguruan. “Lurra jan egin zuen urak”.

Horregatik, uraldiak eragindako kalterik larrienak azpiegituretan nabaritu zirela uste du Sanchok: “Otsailaren 3ko uholdeak suntsitu egin zituen ibaiaren ertzean eraikitako lubetak. Azpiegitura horiek eutsi egiten diote urari, herrietan edo soroetan sar ez dadin, baina, behera erori zirenez, babesgabe gaude erabat. Ibaiak gainezka egiten badu berriz, ura sukalderaino sartuko zaigu, ez baitu oztoporik aurkituko”.

Mendabiarrek uste dute, gainera, lehenengo uholdetik atzo arte denbora nahikoa izan duela Ebroko Ur Konfederazioak, defentsarako azpiegitura horiek konpontzeko eta azken euri jasak eragindako kalteak arintzeko. “Gauzak ez dituzte behar bezala egin”, dio Sanchok. “Konfederazioak argudiatu du ezinezkoa dela apurtutako azpiegitura guztiak bizpahiru astetan konpontzea, eta hori badakigu, baina lubetak berriz altxatu izan balituzte sikiera, behin-behineko babes sistema izanen genuke. Orain biluzik gaude”.

Martinezek baiezko keinua egin du buruarekin, eta gaineratu: “Borondate kontua da. Finean, lau katu gara hemen, Nafarroako hegoaldean. Konfederazioari bost axola dio Mendabian, Castejonen edo Lodosan zer gertatzen den”. Laborariaren irudiko, gainera, “ez beretzat eta ez besterentzat” ibili dira konfederazioko agintariak: “Ez dute ezertxo ere egin azpiegiturak konpontzeko, eta udalerriren bat saiatu denean bere kabuz lubeta konpontzen, salaketa jarri diote, konfederazioaren eskumenak inbaditzen dituelakoan”.

Martinezen irudiko, arrazoi sinple bat dauka jarrera horrek: “Nafarroako erribera urez itotzen den bitartean, Ebroko Ur Konfederazioa lasai egonen da, uholde hori ez baita iritsiko Zaragozara [Espainia]. Hori da, benetan, izua eragiten diena: ibaiak gainezka egitea Zaragoza bezalako hiriburu handi batean. Mediatikoki, kolpe latza izanen litzateke haientzat. Baina gu? Albo-kalteak besterik ez gara”.

Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzaz ere deus gutxi espero dute mendabiarrek. “Hauteskundeen atarian egonda, promesa asko eginen dizkigu UPNk, baina, hortik harago, ez dut uste zezenari adarretatik helduko diotenik”.