Haurrak D ereduan matrikulatu ahal izatea. Aldarrikapen horrekin hasi ziren Sortzen elkarteko kideak eremu ez-euskalduneko festa antolatzen, 2010ean. Artaxoan, Larragan, Mendigorrian, Villatuertan eta Oibarren egin dute orain arte, baina helburuak ez dira aldatu. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak otsailean Euskararen Legearen erreforma onartu zuen arren, UPNren esku dagoen gobernuak entzungor egin die, oraingoz, D eredua ezartzeko eskaerei. Igande honetan, Faltzesen eginen dute festa, azken aldia izanen den esperantzarekin.
“Aurtengo jaia zertxobait ezberdina izanen da, Euskararen Legean zirrikitua irekitzea lortu baitugu”, azaldu dute Sortzeneko arduradunek, ohar batean. “Alta, lanean segitzeko deia ere izanen da aurtengoa. Legea aldatu den arren, euskararen zonifikazioak bere horretan dirau eta Hezkuntza Departamentua ez dago D eredua zabaltzeko asmotan. Horra hor Abartzuzan gertatutakoa, adibidez”.
Egoera hori salatzeko, gune anitzeko festa antolatu du Sortzenek, Faltzesko bizilagunekin elkarlanean: “Herritarrekin, elkarteekin eta udalarekin batera lan egin dugu. Ezin dugu ahaztu urtero-urtero Euskararen Eguna antolatzen dutela Faltzesko bizilagunek, eta hori izan da gure jaiaren antolaketarako oinarria”.
Deialdiarekin bat egin dute, gainera, eremu ez-euskalduneko herrietako zinegotzi zein alkate askok. Hala, iragan larunbatean agerraldia egin zuten Kasedako, Zangozako, Iratxetako, Lodosako, Abartzuzako, Miranda Argako eta Leozko hainbat ordezkari politikok, festan parte hartzeko deia herritar guztiei luzatzeko.
Azken urteetan bezala, Euskara herria josten leloa izanen du festak. Hiru gune nagusitan banatuko da: Foruen plaza, Gizarte Etxeko plaza eta Aurora plaza. Foruen plazan egonen da agertoki nagusia, eta hortxe egingo dituzte, besteak beste, zirku ikuskizunak, dantza emanaldiak eta Marianitoz Blai nahiz Trikidantz taldeen kontzertuak.
Gizarte Etxeko plaza, berriz, neska-mutikoentzako elkargunea izanen da. Puzgarriak, jolasak, tailerrak eta ginkana eskainiko dituzte txoko horretan.
Azkenik, Aurora plazan jarduera tradizionalak edo folkloreari lotutakoak izanen dira; besteak beste, kaikuak egiteko tailerrak, txalaparta tailerra, kantu saioak eta astoen erakustaldia.
Sortzen Jaia ere, abian
Igande honetako festa, bestalde, datozen asteetako hitzordu nagusien aurrerapen gisa ere uler daiteke. Izan ere, hilaren 25erako, euskararen aldeko ekitaldia antolatu du Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Maiatzaren 17an, berriz, Euskal Eskola Publiko Berriaren festa eginen du Sortzen-ek, Sarrigurenen.
Hain zuzen, Sortzen Jaia iragarriko duten abestia eta bideoklipa aurkeztu berri ditu euskal eskola publikoaren aldeko elkarteak. Euskal eskola berria sortzen, Sarriguren izenburua darama, eta Oskar Estanga kantari, musikari eta bertsolariak ondu du. Sarrigurengo ikastetxe publikoko dozenaka ikasle, irakasle eta gurasok parte hartu dute bideokliparen grabazioan.
17 urtez, Iruñeko Takonera parkean egin zen Sortzen Jaia, baina 2014an, hiriburutik atera eta Uhartera mugitu zen egitasmoa, hango ikastetxeko guraso elkarteak antolatu baitzuen. Aurten, Sarrigurengo ikastetxeaz gainera, herriko beste hainbat eragilek ere parte hartu dute festaren antolaketa lanetan.