Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati: zazpi urte bikotekide ohia bortxatzen saiatzeagatik eta urtebete harengandik urruntzeko zuen agindua urratzeagatik. Joan den ekainean, baina, hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizonari: 11 sexu erasoagatik eta urtebete urruntze agindua urratzeagatik. Gizonaren defentsak helegitea jarri zuen, eta partzialki onartu du epaitegiak: zigorra gradu bat jatsi dio, eta ez bi, eskatu moduan.
Dena den, Auzitegi Nagusiak gizonari ezarritako gainerako neurriak berretsi ditu. Hamasei urtez ezin izanen da emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora egon, eta kartzela zigorra bete ondoren zaintzapeko askatasunean egon beharko du, lau urte eta sei hilabetez. Gainera, emakumeari 20.000 euro ordaindu beharko dizkio, kalte moralengatik.
Epaitegiak kontatu duenez, 2024an indarkeria matxistagatik zigortu zuten gizona eta 2027 bitarte emakumearengandik urruntzeko agindua zuen. Halere, 2025eko ekainean harekin harremanetan jarri zen, eta emakumearen etxera joan; bertan eraso egin zion. Bizilagun batek Iruñeko Udaltzaingoari hots egin zion, eta etxebizitzara bertaratu zirenean gizonak emakumeari eraso egin ziola baieztatu zuten.
