Lau urte alkandora urdinekin

Lau urte alkandora urdinekin

Espainiako izaera zatiezinaren parte da Nafarroa. Nafarrak, nafar diren heinean, espainolak dira. DNE Derecha Navarra y Española -Naparro ta Españico Escuñe alderdiaren printzipio ideologikoen artean, hori da lehena, baina gainontzekoek ere argi eta garbi azaltzen dute alderdiaren izaera ultranazionalista, eskuindar eta katoliko sutsua: “Bizi guztiko kartzela zigorraren aldekoak gara, eta baita zigorrak, murrizketarik gabe, osotasunean betetzearen aldekoak ere”; “funtsezkotzat jotzen dugu legez kanpoko immigrazioa zorrotz kontrolatzea, ez baita gizartearen garapenerako lagungarria”; “gizonaren eta emakumearen arteko ezkontzatik sortutako familia da gizartearen oinarria eta ardatza, bestelako ezkontzarik ez da existitzen”; “milaka urteko vascuence jatorrizkoa babesten du DNEk, ikastolen, euskaltegui-en eta euskara batuaren laguntzaren beharrik ez duen hori”… Zerrenda luzea da.

Printzipio horiekin aurkeztu zen DNE 2011ko foru eta udal hauteskundeetara, eta emaitza kaskarrak erdietsi zituen: ez zuen parlamentari bakar bat ere eskuratu, eta Nafarroako hamaika udalerritan lehiatu arren, zinegotzi bakarra lortu zuen Leitzan. Hautetsontzietan jaso ez zuen babesa azpijokoen bidez lortzea erabaki zuen orduan Nieves Cipresen alderdiak, eta udalbatzarik gabeko bi herritara zuzendu zuen begirada: Garinoain eta Lukinera.

Behin-behineko batzorde banak gobernatzen zituzten udalerri txiki horiek, hautagaitzarik ez baitzen aurkeztu. DNEk abagunea baliatu zuen zinegotzirik gabeko herri horietara paraxutistak bidaltzeko, eta inori ezer esan gabe, sekretupean kasik, zerrendak aurkeztu zituen Garinoainen eta Lukinen. 2011ko azaroan egin ziren ezohiko bozak.

Eskuin muturraren azpijokoaz jabetu eta berehala, mobilizatzen hasi ziren herri bateko zein besteko bizilagunak. Botoen %5 lortu ezean, DNEk ez zukeen ordezkaritzarik izanen; beraz, boto zuria emateko deia egin zuten herritarrek. Lukinen, boto bakarra jaso zuen eskuin muturrak —Nieves Cipres alderdiko buruak “abertzaleen mehatxuei” egotzi zien emaitza—. Garinoainen, berriz, hemezortzi pertsonak eman zioten babesa eskuin muturrari. Botopaperen %5,6 lortuta, udalbatza osatzen duten zazpi zinegotziak eskuratu zituen DNEk.

Hauteskunde gauean bertan hasi zen amesgaiztoa garinoaindarrentzat. Udaletxe aitzinean protesta egin zuten 500 bat bizilagunek, eta iruzur egitea leporatu zieten eskuindarrei. Foruzainek eskoltaturik atera ziren zinegotzi berriak, eta iritsi bezala alde egin zuten: autoko kristal belztuen atzean ezkutaturik, ustez gobernatu behar zuten herria ikusi behar ez izateko.

Izan ere, DNEren hautagaitzan ez zegoen garinoaindar bat bera ere. Lizarrako, Tafallako eta Tuterako militanteak jarri zituzten zerrendaren lehen postuetan, eta, AES Alternativa Española alderdi xenofobo kristauarekin sinatutako itunaren ondorioz, eserleku bana eman zieten Madrildik etorritako bi ultraeskuindarri.

Herritarrek protesta ekintza ugari antolatu zituzten bozketaren hurrengo egunetan, eta, horiei esker, Gonzalo Vicuña alkategaiak uko egin zion karguaren zina egiteari. Hori dela eta, zerrendako bigarrena izendatu zuten alkate, Javier Etxarri, 2012ko urtarrilaren 4an. Hala ere, dimisioak etengabeak izan dira agintaldi osoan: DNEren zerrendan zihoazen zazpi pertsonetatik seik kargua utzi dute azken hiru urteetan.

Garinoaingo udal gobernu taldeak hartutako lehen neurriak hautsak harrotu zituen herrian: ikurren legea baliatuz, Espainiako bandera udaletxean jartzea. “Garinoain herri txikia da, 500 bat biztanlekoa, eta inoiz ez dugu banderarik eduki, haizeak hondatzen dituelako”, azaldu du Aritz Intxusta kazetari eta Garinoaingo bizilagunak. “Hala eta guztiz ere, alkatea tematu egin zen gai horrekin, eta ikurren legea betetzera behartu zuen udala”. Intxustaren ustez, mahai gainean lehen kolpea ematea izan zen hori. Indar erakustaldi hutsa.

Ordutik, DNEk Garinoainen egindako lana “hutsaren hurrengoa” dela uste dute herriko biztanle gehienek. “Legeak ezarritakoaren arabera, osoko bilkuretara etortzen ziren hiru hilabetean behin. Eta kito. Ez zuten besterik egiten”. Utzikeria horrek hainbat arazo eragin dizkio herriari. Intxustaren irudiko, udal gobernu taldeak “erabateko gaitasunik eza” erakutsi du behin baino gehiagotan, eta herritarrak izan dira hutsunea bete dutenak.

“Udaletxea, esate baterako, aspaldi konpondu behar zuten, egitura arazo larriak zituelako, baina ez zuten ezertxo ere egin, eraikina hustera behartu zituzten arte. Ez dira jabetzen herrian gertatzen denaz”, dio kazetariak. “Nafarroako Administrazio Auzitegiak behin baino gehiagotan zigortu du udala, utzikeriaz jokatzen duelako, duen erantzukizunari uko eginez”.

Axolagabekeriaz gain, DNEren agintaldiaren bigarren ezaugarri nagusia alkatearen eta zinegotzien jarrera oldarkorra izan da. “Hainbat bizilagun auzibidean jarri gaituzte, alkatearen eta zinegotzien kontrako ustezko jazarpenean parte hartu dugulako, baina, gerora, gure kontrako frogarik ez zegoela eta esandako guztia gezurra zela frogatu da epaitegian. Nire kontrako salaketa jarri zuten, protesta ekintza batean parte hartu nuelakoan. Epaiketan, alkateak serio demonio esan zuen mehatxu egin niola, baina egun horretan ez nengoen Garinoainen, Iruñean baizik. Lanean”.

Beste zenbait bizilagunek 150 euroren isunak ordaindu behar izan dituzte alkateari oihu egiteagatik edo osoko bilkurak oztopatzeagatik. “Ematen du herritarrak zigortu nahi dituztela. Murriztu egin dituzte elkarteei ematen zaizkien diru laguntzak, eta, aldi berean, udal zergak bikoiztu egin dituzte, inongo justifikaziorik eman gabe”.

Alternatiba, auzolanean

Udalaren jarrera ikusita, alternatiba eraikitzen hasi ziren garinoaindarrak 2012an. Lehen bilera horietan sortu zen Aupa Garinoain elkartea, eta herritarrak oso harro daude auzolanari esker lortu dutenaz. “Krisi honek alde on bat izan du. Herritarrak batu egin gara, ideologiak alde batera utzita, inongo legitimitaterik ez duen udal horri aurre egiteko: UPNko boto-emaileak izan ala ezker abertzaleko militanteak izan, denok egin ditugu kontzesioak, proiektu bateratu bat sortze aldera”, azaldu du Intxustak. Hamaika lan egin ditu Aupa Garinoain plataformak; besteak beste, herriko jaiak antolatu, futbol zelaia konpondu eta bideetako garbiketa egin. Agintaldia amaituta, hauteskunde zerrenda bat ere osatu dute, maiatzeko bozetan parte hartzeko. Eta alkandora urdinen amesgaiztoa behin betiko ahazteko.