Nabarrismoaren barrenak azaldu ditu Gimenezek liburu berrian

Nabarrismoaren barrenak azaldu ditu Gimenezek liburu berrian

Huarte, Baleztena, Uranga, Arraiza… Azken ehun urteetan Nafarroa kontrolatu duten sendien deiturak dira. Ivan Gimenezek asteon aurkeztutako El Corralito Foral (euskaraz, etxalde forala) liburuan protagonismo berezia hartu dute. Izan ere, liburua labubiltzerakoan, Gimenezek gogora ekarri du garai batean abizen handi horiek politikan buru-belarri zebiltzala. Felix Huarte enpresaburua, kasurako, Diputazioko presidenteorde izatera heldu zen 60ko hamarkadan, frankismoan. Kargua hartu eta astebetera, “bere enpresen zein bere lagunen mesederako” industrializazio plana aurkeztu zuen. Egun, berriz, eliteen abizen handi horiek politikaren lehen lerrotik desagertu dira, “beste batzuek” egiten dietelako lan zikina. “Zenbaitetan, ordezkari horietako batzuek ez dakite ordezkari direla ere”.

Halaxe deskribatu du Ivan Gimenezek Pamielak argitaratutako 381 orrialdeko liburua. Argi utzi du kazetaria dela, eta ez dela historialaria. Kazetariek orainaz —eta gehienez ere gertuko iraganaz— jardun ohi dute, eta hasieratik azpimarratu nahi izan du bere lana ez dela memoria historikoari buruzkoa. Bere lehengaia eta abiapuntua krisi betean den erregimenaren egoera da, baina, haren sustraiak eta loturak aztertzerakoan, ehun urte atzera jo behar izan du. Azken finean, Rafael Chirbes idazle valentziarraren aipua ekarri du gogora: “Ondasun ororen jatorria injustizia bat da, eta zenbaitetan krimen bat”.

Maiz hitz egin da Nafarroan elite horiek duten indarraz eta eraginaz; baina gaia hartu, aurretik eskura zegoen informazioa bildu, eta liburua egiteko urratsa eman du Gimenezek. Datuz eta dokumentazioz josia badago ere, “tonua lotsagabea” dela azpimarratu du, eta argi utzi du bere asmoa ez dela ez neutrala, ez objektiboa izatea, autozentsurarako ateak baitira. “Kazetaritzak zintzoa izateko betebeharra du”, aipatu du Gimenezek.

Tokiko kazetaritza

Gervasio Sanchez gogora ekarriz, tokiko kazetaritzaren garrantzia azpimarratu du. Kazetaritzan, joera izan ohi da urrutiko gatazken berri ematen duten berri-emaileak goraipatzea eta tokiko kazetariak gutxiestea. “Sanchezen arabera, tokiko kazetaritza ausartagoa da, min eman dezakeelako”, aipatzen du Ivan Gimenezek, errazagoa baita Afganistango buruzagiak usteltzat jotzea gertuko agintariak baino.

Bere esanetan, nabarrismoaren barrenak desmuntatu, hustu eta azaldu nahi izan ditu liburuan. Bertan, azaltzen da nola Nafarroako gizartean errotutako sinboloak (foruak, sanferminak, xabierraldiak…) bahitu eta nahierara erabili dituzten, azken finean inork ez baititu sinbolo horiek auzitan jarriko. Bere ustez, azken mendean, sinbolo horiek “bereganatu eta kamuflaje gisa” erabili dituzte eliteek gizartearen gaineko kontrola ziurtatzeko.

Liburuak hemezortzi atal ditu bere azpiatalekin, eta bakoitzak du izenburua, gehienetan ironikoa. Gimenezek argi du lerroburuetan datzala kazetaritzaren gakoetako bat, eta izenburuan bertan islatzen da. “Liburua hasi nuenean, izenburua baino ez nuen”.