Nafarroan, inoiz baino gehiago

Jokin Sagarzazu / BERRIA

Maiatzaren 24an bozetan, Nafarroako Parlamenturako inoiz baino zerrenda gehiago aurkeztuko dira, 1983an hautatze sistema aldatu zutenetik, bederen. Denera, hamalau alderdi ariko dira lehian, baina orain arte eginiko inkestetako datuak berretsiko balira, haietarik zazpi-zortzik baino ez lukete aukera izango parlamentariren bat lortzeko: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Ezkerra, Ahal Dugu eta Ciudadanos edo UPDk. Legeak zehaztutakoa betez, 50 andre eta gizonek osatutako hautagai zerrendak aurkeztu dituzte alderdi guztiek. Aukera gehien dutenen artean parekidetasuna bete dute, gorabehera txiki batzuekin, eta zazpi alderdi horien artean lautan izango dira emakumeak zerrendaburu: PSN, Geroa Bai, PPN eta Podemos Ahal Dugun. Guztira, 501.243 herritarrek bozkatu ahalko dute; horietatik 23.110 atzerrian bizi dira.

Emaitzen esperoan, hilabete inguru barru egingo diren hauteskundeen lehen argazkia da hori, eta aldaketa handirik ezean, Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur berretsiko ditu datuok. Hala, eta duela lau urtekoarekin konparatuta, honako alderdi eta koalizioa hauek parte hartuko dute berriz: UPN, PSN, PPN, Ezkerra, UPD, Equo, SAIN Partido Solidaridad y Autogestión Internacionalista eta NOK Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoa. Euskal Herriko koalizio abertzaleen artean bada aldaketarik: Bildu eta Nafarroa Bairen lekuan ariko dita EH Bildu eta Geroa Bai, aurreneko taldeetako alderdi kideen artean mugimenduak egon baitira azken urteetan —Aralarren, bereziki; NaBain aurkeztu zen duela lau urte eta orain EH Bildun; 2012ko azarotik, halere, bi taldetan bananduta aritu dira NaBaiko parlamentariak—.

Alderdi berrien artean, berriz, bik dute aukera legebiltzarrean ordezkaritza lortzeko, inkestek diotenez: Podemos Ahal Dugu-k eta Ciudadanosek, eta berria ez den beste batek ere lor dezake ordezkaritza: UPDk. Horiez gain, beste bi alderdi berri aurkeztuko dira, baina azterketek ez die aukerarik ematen: PACMA alderdi animalista eta Libertate Nafarra alderdi estatalista.

Zerrendak aurkeztu ez dituztenen artean, berriz, CDN, Iniciativa por Navarra (Ezkerraren zatiketa bat) eta Derecha Navarra y Española daude. Juan Cruz Alli gobernuburu izandakoa buru zuen alderdia (CDN) desegin egin zen 2011n, legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratu ondoren. Derecha Navarra y Española eskuin muturreko hautagaitzaren tokia, berriz, Vox alderdia zen hartzekoa, baina, ez dute zerrendarik aurkeztu, besteak beste, horiek osatzeko «arazoak» izan dituztelako, Nafarroa osoan eta herrietan bereziki; Leitzako Udalerako, esaterako, alderdi horretako kide batzuk UPNren zerrendan doaz, independente gisa.

Hain zuzen ere, UPNk aurketu du zerrenda gehien udal eta kontzejuetako bozetarako: Noticias taldeak zabaldutakoaren arabera, 86 denera. PSNk, berriz, 72 aurkeztuko ditu (duela lau urte baino hamar gutxiago). EH Bilduk atzo jakinarazi zuen 65 zerrenda aurkeztu dituela (Bilduk baino hamabi gehiago). PPNk 55 aurkeztuko ditu (bat gutxiago); Geroa Baik, berriz, 21, bere izenarekin; eta gauza bera Ezkerrak, hamabi udaletan.

Akordioak, «derrigor»

Bozetara hamalau zerrenda aurkeztu izanak erakusten du, alderdi horietako batzuetako zerrendaburuen arabera, Nafarroaren «pluraltasuna». Horixe azpimarratu zuten atzo UPNko Jose Javier Esparzak, EH Bilduko Adolfo Araizek eta Geroa Baiko Uxue Barkosek. Hirurek adierazi zuten bozen ostean «derrigorrezkoak» izango direla alderdien arteko akordioak. Esparzak esan zuen UPN «beti» izan dela gai horiek lortzeko, eta horregatik ziurtzat eman du agintean jarraituko dutela. Barkosek, berriz, gobernu aldaketa nahi duten alderdi eta eragileei dei egin die nork bere interesei begiratu baino gehiago «aldaketaren alde» egiteko. «Gure helburua ez da gobernua nola edo hala lortzea; gure nahia da Geroa Baik zeresan handia izatea aldaketa horretan». Araizentzat, berriz, hautagaitza kopuruak erakusten du «batzuek uste baino pluralagoa» dela Nafarroa. Pluraltasun hori erakundeetan islatu behar dela uste du hark.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude