Javi eta Miren gogoan

Juan Manuel, Arantza, Ramon, Araceli eta Karmen Paniagua

Gure anaia Javi Paniagua sistemak erail zuen 2013an, duela gutxi Miren Peñarekin gertatu zen bezala.  Horregatik Javiren senideok elkartasuna adierazi nahi diogu Mirenen senitartekoei.
Mirenekin gertatutakoa oso gogorra izan da guretzat, gure anaia, aita edo aitona kaleratua izan zenean  sentitutakoa biziberritu dugulako. Javiren kaleratzearen inguruan gertatutakoak antza handia du Mirenen kaleratzearen inguruan gertatutakoarekin.

Javi Paniagua lehenengo aldiz kaleratua izan zen 2011n, Lan Erregulazio Espediente hartako akordioan jaso zen kaleratuek urtebete igaro ondoren enpresan sartzeko aukera izango zutela. Itun hura enpresa komiteko gehiengoak sinatu zuen, LAB sindikatuak izan ezik.

Urtebete geroago, Javi Paniagua berriro sartu zen enpresan, langabezia prestazioaren zati handi bat agortuta. 2013ko apirilean kaleratu zuten, beste lankide batzuekin batera. Kaleratzeen oinarri ideologikoa salatu genuen orduan, gure anaiak LAB sindikatuaren zerrendatan parte hartu baitzuen.

Kontuan izan behar dugu, langile batzordearen gehiengoak sinatutako akordioak jasotzen zuenez, EREan kaleratuak izan zirenak azkenak izanen zirela beste erregulazo prozesuetan langabeziara joaten. Kasu honetan, akordioa ez zen bete eta Javi kalean gelditu zen, langabeziaren saria amaitzear zuela.

Sunsundegui enpresako kudeatzaile Jose Ignacio Murillo eta MCA-UGT sindikatuko arduradun Lorenzo Rios izan ziren langileak mehatxatu eta beldurtu zituztenak itxieraren mamua erabiliz. Ez bata ez bestea ez ziren langileen legezko ordezkariak enpresan.  Izan ere, bi pertsona hauek sinatutako akordio baten ondorioz, Sodena elkarte publikoarena zen enpresa  Jose Ignacio Murillorena izatera pasa zen.  Gogora dezagun enpresa hau Sodenak erreskatatu zuela diru publikoa erabiliz (36 milioi euro) eta  akordio honen bitartez egungo zuzendaritzak akzioen %51 lortu zuen. Langileak, aldiz, akzioen %49arekin geratu ziren.

Kaleratzeak izan eta denbora gutxira, enpresan kontratazio berriak  egiten hasi ziren: Aldi Baterako Laneko Enpresen bidez 50 kontratu sinatu, UGTren inguruko pertsonen mesedetan; UGTko ordezkariak saritu, enpresan ardura berriak emanez… Kontratazio berriak baldintza kaxkarragoetan egin dira, eta horrez gain, ordu estrak ohiko bilakatu dira, lan ikuskaritzan aurkeztutako salaketek adierazten dutenez.

Horregatik uste dugu ez zegoela beharrik Javi eta beste langileak kaleratzeko. Kaleratzeak arbitrarioak izan ziren. Iruzur bat. Miren Peñaren kasuan bezala, diskriminazioa egon zen.
Egun haietan Lorenzo Rios hainbatetan agertu zen hedabideen aurrean, Sunsundeguin arduraz jokatu  zuela adierazteko.  Guk galdera bat luzatu nahi diogu: zer da arduraz jokatzea? Kaleratuak izan direnak lanpostu prekarioekin ordezkatzea arduraz jokatzea da? Langabetuek etxea galtzen duten  honetan edota askok  elikagai bankura jotzen duten honetan, ordu estrak orokortzea arduraz jokatzea da?

Gure anaia kaleratu zutenetik bi urte igaro diren  honetan, oso gogorra egin zaigu Miren Peñaren heriotzaren berri izateak. Berriro ere gure anaiarekin bizitako guztia azaleratu duelako. Beraz, lerro hauek baliatuz, besarkada bat helarazi nahi diogu Miren Peñaren  senitarteko eta lagunei. Aldi berean, salatu beharra dugu, kaleratze bakoitzaren atzean txikitzen diren bizi proiektu asko daudela, familiak daudela. Javi eta Miren sistema honek erail ditu, euren delitu bakarra elkartasunez jokatzea eta euren eskubideak defendatzea izan da.

Javi eta Miren gogoan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude