Aurrera pausoa, sarean

Urtzi Urkizu / BERRIA

BERRIAk hasitako aldaketa prozesuaren bidean, «jarraipen naturaltzat» jo du Ion Orzaiz Nafarroako Hitza-ko zuzendariak webgunea berritzea. «Bere garaian apustua egin genuen papereko diseinua eta edukiak indartzeko: irudi erakargarriagoa, diseinu ikusgarriagoa… eta, aldi berean, sakoneko erreportaje eta elkarrizketak». Horren osagarria dator orain, euskarri digital berria: Nafarroa.hitza.eus. «Nafarroako Hitza-k bazuen webgune bat, baina ez zen batere dinamikoa. Hori aldatzen saiatu gara», nabarmendu du Orzaizek.

Agerkari digital berria gaur aurkeztuko dute, 19:00etan, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Astekariaren zuzendariaren arabera, webgunea «argia» eta «irakurtzeko erraza» da: «Bisuala da, argazkiei protagonismo handia ematen die eta garbia da». Sakelako telefonoetan eta tabletetan erabiltzeko web moldagarria da, BERRIArena bezala.

Esate baterako, papererako maiatzeko hauteskundeei lotutako gaiak ari dira lantzen egunotan. Interneten, eduki horiez gainera, berri txikiagoak ere argitaratuko dituzte: agenda luze bat, bideoak eta bestelako multimedia edukiak. Webgunean, ostiralero papereko edizioaren edukiak irakurri ahalko dira. «Baina horiez gain, orain arte tokirik ez zuten albisteak sartuko ditugu: unean unekoak zein BERRIAko kazetariek lantzen dituztenak», iragarri du Orzaizek.

Interneteko sare sozialetan ere, Nafarroako Hitza-ko kideak ez dira estatikoak izanen. «Ez dugu papagaioarena egin nahi. Hau da, paperean idatzitakoa zabaltzeaz gainera, profil aktiboak izanen ditugu, interaktibotasuna sustatuko dugulako», esan du kazetariak. Twitterren, Facebooken eta Youtuben kontu berriak sortu ditu Nafarroako Hitza-k.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude