Ogibidez irakaslea da Juan Carlos Etxegoien Xamar (Garralda, 1956), eta aspalditik ari da euskararen inguruko ikerketa eta dibulgazioan lanean. Aho bizarrik gabe mintzo da gaiaren inguruan.
Mapa soziolinguistikoa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak otsailean, eta denetariko balorazioak piztu ditu. Zein da zurea?
Nafarroan gertatzen dena leku guztietan gertatzen dena da, baina hemen areagotzen da. Ezagutza, bistan da, hazi da, batez ere D eredua dagoelako eta ikasten delako. Tira, guk ere gure garaian latina ikasten genuen. Hizkuntza hila zen, eta hila segitzen du. Alegia, hizkuntza baten erabilera bermatzeko, neurriak behar dira, eta, argi dagoenez, Nafarroan ez dira hartu. Hemen ez dago elebitasunik, hemen diglosia dago. Hizkuntza bat ezagutzeko beharra dagoenean, argi dago bestearen tokia non geratzen den.
Beraz, administrazioarena da huts-hutsean datu horien erantzukizuna?
Hori ere ez nuke esango. Betikoa da; politika, zentzu zabalean, denok egiten dugu egunerokotasunean. Eta, alde horretatik, guk ere badugu erantzukizunik. Gu hiztun gisa, eta, bertze aldetik, oposizioko politikari gisa ere. Oposiziotik ere egiten ahal da politika, eta politika hori abertzaleen aldetik ere eskas ikusten dut. Hizkuntza komunitatearen minimoen azpian dago beti.
Eta euskalgintzari dagokionez? Bidegurutze batean dagoela entzuten da azkenaldian.
Bai, baina euskalgintza, funtsean, gizartearen ispilu da. Harrigarria litzateke hizkuntz komunitateak behera egitea eta euskalgintzak gora. Ez da posible, bata bestearen ondorio baita. Bidegurutzean dagoena, beraz, herria da. Nekez hartu ahal dira neurriak euskalgintza sustatzeko ez badira neurriak hartzen hizkuntza komunitatea garatzeko.
Eta zeintzuk dira neurri horiek?
Betikoak dira, eta aspalditik daude formulatuak. Hasteko, hizkuntza baloratu behar da, eta bederen eskualde euskaldunean hizkuntza baloratua izatea lanpostuentzako, baina eremu euskaldunean ere ez da gertatzen hori. Gure ibarra, Aezkoa, eremu euskaldunean dago, eta orain arte egon den diferentzia bakarra da D eredua dagoela, baina hori eremu mistoan ere bada.
Ahalduntzearen ideia asko errepikatzen da azken aldian. Diskurtsoan indarra du, baina kaleko hiztunak ba al daki nola ahaldundu? Zer egin dezake?
Hor eragin handia du ohartzen ez garen gai batek, motibazioak. Arras ona da ekimen handiak egitea, deitu Korrika, Nafarroa Oinez… Ahalduntzeko ekimen horiek egiten oso onak gara, eta beharrezkoak dira, baina ez hori bakarrik: eguneroko motibazioa behar dugu. Eta hemen etengabe lantzen den motibazioa da euskara haustekoa, edo, beste era batera esanda, erdararen aldekoa.
Ahalduntzearen adibide praktikoa izan dugu asteon, Gaizka Garitanorena, hain zuzen ere.
Bai, oso adibide polita izan da, eta arras ongi egina. Baina arazoa ez da euskara Almerian, hori anekdota bat da; arazoa hemen dugu. Bitartean, beste Garitanok, Martinek [Gipuzkoako ahaldun nagusia], Donostia 2016rako Pablo Berasategi hautatu du kudeatzaile gisara. Bai Garitanok eta baita Donostiako alkateak ere esan dute kudeatzaile ona dela, euskaraz jakin ez arren. Hori PPren urteetako diskurtsoa da. Eta oso arazo larria da. Zeren gainean ari dira eraikitzen herria? Mingarria da.
Euskalgintzaren ibilbide osoari erreparatuz, eraikuntzakoa izan da azken 40 urteetako fasea: ikastolak, euskaltegiak, hedabideak…Zer dagokie egitea belaunaldi berriei?
Nik ez dut uste dena eraikia dagoenik, oraindik ere egiteko anitz dago. Gainera, ez gara ohartzen, baina eraikitako guztia, eta gure egoera politikoa kontuan hartuz, arras hauskorra da. Egun batetik bestera eror daiteke. Euskaltegien munduan hori sumatzen da, oso prekarioa da. Ikusi beharko litzateke nola zeuden euskaltegiak Iruñean duela 30 urte, ez du zerikusirik gaur egun gelditzen denarekin. Beti airean gaude, diru-laguntza baten menpe, edo limosna baten menpe. Eta beldur naiz D ereduarekin berdin ez ote den gertatuko, baitakigu zer oztopo jartzen dituen gobernuak alor guztietan. Pentsatzen dugu ez dakit zer egina dugula, baina hurrengo egunean eror daiteke.
Beraz, oraindik ez gaude biziraupenetik normalizaziorako saltoa emateko moduan?
Ez, ezta gutxiagorik ere. Biziraupena ez dago bermatua, eta hori Unescok berak esana da. Gertatzen dena da beharbada gogorra dela hori erratea, eta ez dugula aditu nahi. Hori ere ulertzen dut.
Badirudi euskalgintza gauzak komunikatzeko modua aldatzen ari dela. Mezu baikorrak lehenesten dira, ezkorren lekuan.
Bai, ados nago, mezu eraikitzaileak zabaltzen dira, eta hala behar du. Gurea negar egitea izan da. Eta, adinarekin, norbera aspertzen da egunero entzuteaz zer gaiztoak diren eta zein den egin diguten azkena. Beraz, egin behar dena da eraikitzea, baina sendo, eta ez du balio bakarrik besteei leporatzea. Jon Sarasuak ongi planteatzen du Euskara jendea dokumentalean: kontua ez da botila erdi hutsik edo erdi betea dagoen; botila hautsita dago, aspalditik. Ahalegin guztiak egonik ere, galera bat izaten da, horregatik ez da sekula betetzen.
Nafarroan eman litekeen aldaketaz asko hitz egiten da azken aldian. Zer ekarriko lioke horrek euskaren egoerari?
Nik arras zaila ikusten dut aldaketa. Gero eta zatiketa handiagoak daude, eta, beraz, gero eta zailagoa da akordioak egitea. Edonola ere, zaila dena da, nornahi iritsirik ere, UPNk baino makurrago egitea. Edonola, ez da posible istorio hau garaiaren araberakoa izatea, hauteskundeei edo balizko aldaketa bati begira. Ez, egunerokoa da, eta oposizioak ere ohartu behar du hizkuntzaren inguruan gogoeta sakona egin behar duela, eta praktikara eraman. Oraindik asko da egin dezakeguna; gai zabala da, eta gauza anitz egiten ari gara, baina ezin da kontu koiunturala izan.