Espainiako Gobernuaren LOMCE legea indarrean sartu da Nafarroan ere, eta lehen ondorioa antzeman daiteke jada. Aste honetan, azterketak egin dizkiete 8 urteko ikasleei, eta guraso elkarteek hamaika protesta antolatu dituzte Nafarroako beste horrenbeste herritan, araua bertan behera uzteko eta seme-alabei ebaluazio hori ez egiteko eskatuz. Proba horrek ikasleengan izan ditzakeen ondorioak salatu ditu Sortzen elkarteko bozeramaile Gari Torregrosak (Iruñea, 1987).
Itxialdiak, elkarretaratzeak, protestak… Erantzun gogorra eman diozue LOMCEri.
Bai, gure ustez, halako probek ez dute balio hezkuntza kalitatea hobetzeko, ezta haurren heziketa maila neurtzeko ere. LOMCE legearen eskutik ezarri nahi den hezkuntza sistema zaharkitua dago erabat. Aldaketak behar ziren, bai, baina, hain zuzen, kontrako noranzkoan. Guk defenditzen duguna da bestelako eskola eredu bat.
Auzi honetan, begien bistakoa da Espainiako Gobernuak duen ardura, baina zuek Nafarroako Gobernuari ere egiten diozue kritika. Zergatik?
Bada, azterketa berri hauen inguruan eta, oro har, LOMCEren auzi guztian, Hezkuntza Departamentuak izan duen jarrera lotsagarria iruditzen zaigulako. Probak bertan behera utz ditzatela edo, gutxienez, anonimoak izan daitezela eskatu dute guraso askok, eta, horren aurrean, gobernuaren erantzuna inposizioan oinarritua egon da.
Lehen Hezkuntzako 3. mailan ezarri dute azterketa, oraingoz, eta eragin akademikorik ez duela argudiatu du gobernuak…
Bai, baina probak eragin akademikorik ez duen arren, ezin dugu halako neurri bat normal-normal onartu. Eta aurten ez, baina datozen urteetan DBHn eta Batxilergoan ere ezarriko dituzte azterketa berriak, eta orduan bai, orduan eragin handia izanen dute ikasle bakoitzaren garapenean eta heziketan. Hori saihesteko, argi dugu errotik moztu behar dela gaitza, kalteak handiagoak izan baino lehen.
Zeintzuk izan daitezke kalte horiek?
8 urteko haur batentzat, erreakzioak askotarikoak izan litezke. Guk sumatu duguna eta gurasoek helarazi digutena da haur askori antsietate handia eragin diela azterketen aferak. Izugarrizko presioa sartu diete azken hiruhilekoan, curriculumaren edukiak azterketa hauetara bideratu dituztelako. Beraz, gaur-gaurkoz, badakigu proba hauek baldintzatu egin dutela haurren egunerokoa. Eta gure galdera da: eragin akademikorik gabeko proba batean horrelako presioa sortzen bada, zer gertatuko da DBHn eta Batxilergoan? Hori da gure kezka nagusia: eskola publikoak azterketa hauek prestatzea beste helbururik ez duten akademia bihurtzea.
Zein izan da, zure ustez, administrazioaren helburu nagusia, araua aplikatzeko garaian?
Galdera horri eman dakiokeen erantzunik onena Nafarroako Gobernuak berak eman zuen aurrekoan: hezkuntza sistema homogeneizatzeko balio dute azterketok. Izan ere, uniformizazio hori da LOMCEren helburu nagusia. Irakasgaiak kontrolatzea. Ikasle guztiak hezkuntza berbera momentu berean jasotzera behartzea. Eta nola lortzen da hori? Bada, azterketen bidez. Modu horretan, eskola bakoitzak izan dezakeen hezkuntza proiektuak garrantzi eta pisu osoa galtzen du, azterketa gaindituko bada, Hezkuntza Ministerioak ezarritako edukiak landu behar direlako nahitaez. Kontrola, hori da gakoa.
Jose Iribasek behin baino gehiagotan esan du berak legea aplikatu besterik ez duela egin. Badu alternatibarik?
Bai, jakina. Beste zenbait erkidegotan ez dituzte azterketak eginen. EAEn, adibidez, probak eginen dituzte 30 eskolatan, baina, berez, hurrengo ikasturtera arte ez dute legea aplikatuko; Katalunian ere kontra agertu dira… Dena den, argi dago ezin garela gobernu batek ala besteak esanen duenaren zain egon. Hezkuntza komunitatea kontra dago, eta mugimendu interesgarriak ari dira azaleratzen, bestelako eredu bat eraikitze aldera.
Desobedientziara jotzea pentsatu duzue?
Bai, ez dugu ezer baztertzen. Datorren ikasturtean azterketak zabaldu eginen dituzte beste maila batzuetara, eta hezkuntza komunitateak erabaki beharko du zer egin, proba horiek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.
Ekitaldi alaiagoa duzue lehenago, hilaren 17an Sortzen Jaia eginen baituzue Sarrigurenen. Nola doaz prestaketa lanak?
Azkeneko xehetasunak lantzen ari gara, Iruñerriko eskoletako guraso elkarteekin, irakasleekin eta, jakina, Sarrigurengo hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, festa ederra izan dadin. Egun horretan, gainera, eguzkia lagun izanen dugula uste dut.