Aspaldiko ametsa bete du Kai Etxaniz musikariak. Lehenengo aldiz aktore lanetan aritu da Esta soledad filmean (Bakardade hau). Javier Ginerrek zuzendu du lana, eta Donostiako Zinemaldian lehiatu da aste honetan, Zuzendari Berriak sailean. Txikitatik dauka musikan aritzeko grina, eta, kanta propioak sortzeaz gain, beste artista batzuentzat ere konposatzen du.
Nola sentitu zara zineman debuta eginda?
Oso ongi sentitu naiz, zineman aritzeko gogo handia bainuen. Betidanik antzeztu nahi izan dut, baina ez zen momentua. Orain arte ez dut aukerarik izan, eta oraingoan zerutik erori zait aukera. Javier Ginerrekin, Oriol Plarekin eta, orokorrean, talde guztiarekin lan egitea izugarria izan da. Asko disfrutatu dut, eta oso zaindua sentitu naiz.
Zer-nolako erronka izan da zuretzat?
Desberdina, baina bazituen antzekotasunak aurretik eginikoekin. Azken finean, artea da hau ere. Grabaketara heldu, eta talde tekniko bat eta zuzentzen duen pertsona bat daude. Aprendiz bat naiz honetan, eta profesional ikaragarriz osatutako talde bat aurkitu dut. Izugarrizko harrera sentitu dut, eta horrek asko erraztu dit espazio horretan neure burua garatu ahal izatea. Niretzat jolas polit bat da, eta lotura handia dauka musikarekin. Azkenean, adierazpen modu bat da: beste modu batekoa, baina, musikan bezala, barruko zerbait ateratzean datza hau ere. Kontua da zineman pertsonaia eman egiten dizutela. Nire kasuan, musikarekin, nire proiektua denez, ez dut deus asmatu behar; pertsonaia ni naiz. Oso mundu berria izan da niretzat, baina ez naiz oso kanpo sentitu.
Filma prekaritateaz, ziurgabetasunaz, krisiez, babes sareez eta bestez mintzo da. Zer neurritako lotura du horrek gaur egungo egoerarekin?
Nire ustez, handia. Oso ongi islatzen du harrapatuta zaudelako sentsazioa; leku guztietatik burua ateratzen saiatu, baina prekaritateak galarazi egiten dizulako sentipena. Azkenean, sistema gogorra da, eta norberaren egoera mundu bat da. Asko dauka sozialetik. Filma amaitzen denean, ematen du filmak hartu egiten zaituela. Oso erreala da.
«Kudeatzaileek zuzentzen dute musikaren industria, eta hor ez dago arterik»
Artearen eta prekaritatearen arteko loturaz ere mintzo zarete…
Niri, adibidez, bizitzan ezinbestekoak zaizkit musika eta artea. Ordaindu diezadakete edo ez, baina hor dago ni naizen hori. Ordaindu edo ez, hori dut adierazpiderik naturalena. Nire iritziz, dena izorratzen duena industria da. Azkenean, kudeatzaileek zuzentzen dute musikaren industria, eta hor ez dago arterik. Uste dut prekaritate handia dagoela. Zorte handia izan dut gazte joan nintzelako Madrilera eta ongi lan egin nuelako. Eta lanean jarraitzeko aukera ere izan nuen, baina kide asko ditut talentu iguala dutenak, eta ez dutenak lortzen burua ateratzea. Jende askok beste lan batzuetan aritu behar izaten du benetan nahi lukeen horretan jarraitu ahal izateko. Ez dakit prekaritatea aldatu den, baina orain, sare sozialen kontuarekin, esposizioaren demokratizazioa dago. Horrek esan nahi du, lehen ez bezala, zure musika etxetik ere zabal dezakezula. Baina prekaritatea da, artistok etengabe lanean ari garelako, ordutegirik gabe eta guk egiten dugulako dena. Hala ere, uste dut ezin diogula egiteari utzi.
Zineman pertsonaia bat antzezten duzu, baina oholtzan zu zara. Zuk nola daramazu esposizioa?
Ezin dut besterik egin. Nik idazten dut kantatzen dudana. Uste dut erridikulua dela pertsonaia bat sortzea. Gainera, ni ez naiz kapaz. Uste dut jendearekin sortzen den konexioa esentziatik eta araztasunetik datorrela. Ez dut inoiz beldurrik nire emozioetatik abiatuta idazteko, ezta muturrekoak izan direnean ere. Txikitatik atera dut dena horrela, eta, hortaz, nire proiektuan dagoena egia da. Esposiziorik nahiko ez banu ez nintzateke oholtzara igoko. Sendotasuna erakuts daiteke norbere burua zaurgarri agertuz. Nik ez dut ezkutatu nahi; ez dut nahi ez armadurarik, ez korazarik. Ikusgai jartzen zarenean, bestearen egiarekin konektatzen duzu. Abesti bat sortzen dudanean, hark hegan egiten du, eta zure bihurtzen da. Ez badut egia esaten, zertarako balio du?
Baina fikziorako lekurik ere bada?
Bai, pertsonaiak ere sor ditzakezu, nolabait. Ez dakit fikzionatzen ari zaren, baina gertatzen diren gauza asko makillatu egiten dira, bestela oso esplizitua izango litzateke eta.
Beste artistentzat ere konposatzen duzu. Nola bizi duzu besteen emozioekin lan egitea?
Normalean neure emozioei begiratzen diet, baina niretzat ederra ere bada beste bati begiratzea eta hari galdetzea zertaz hitz egin nahi duen. Batzuetan ideiak bilatzen dizkizute, baina askotan ez dut kasurik egiten. Nire ustez hark kontatu nahi duena saiatzen naiz kontatzen. Eta kontatzen duen horretan ni nago. Lagun batekin komentatzen nuen nire tragedia guztiak sakabanatuta daudela, nireak diren baina jendeak nireak direla ez dakien abestietan. Nire barrutik ateratzeko beste modu bat da, eta beste pertsonaren musika estiloa ere balia dezaket halakoetan. Oso lan polita da. Estilo askorekin jolastea gustuko dut, eta honek aukera hori ematen dit.
