Asier Azpilikueta / Irakaslea eta kazetaria
Barkatuko didazue, irakurle estimatuok, baina duela lau urte berripaper honetantxe idatzi nuen artikulu baten egitura kalkatuko dut jarraian. Ordu hartan izkiriatu nuen ergelkeria are ergelagoa, eta beraz (ustez) interesgarriagoa, baita lau urte geroago. Hortaz, irudika maiatzaren 25a dela.
UPN (19), PSN (8), EH Bildu (8), GeBai (7), PP (3), Ezkerra (3), Podemos (1), Ciudadanos (1). Bada jendea Senda Viva basamortuko zoologikoa gustuko duena; eta Los Arcosko zirkuitu apenas bisitatua; eta Reyno Arena ireki gabea; eta loturarik gabeko AHTa; eta osasun etxea baztertu duen Fiteroko kuartela; eta eraikuntza enpresak neurriz kanpo aberasten dituzten autobiak eta Nafarroako Ubidea; eta Noaingo aireportu ezertarako handitua; eta Agoizko Udalaren zulo hondo gabea… Eta jende horrek guztiak UPNri eman dio botoa berriz, lotsa gabe. Hasiera batean etxean gelditu behar zuten, baina azken asteetan Esparza ikusi dute Nafarroak Nafarroa izateari uzteko nahi duten nafar ukatzaileei oihukatzen, errieta egiten, eta adoretu egin dira. Eta tropelka joan dira hauteslekuetara. Eta inertziaz, beraiekin batera eraman dituzte triste samar zebiltzan PSNko boto-emaileak.
Podemos (18), EH Bildu (11), UPN (8), PSN (5), GeBai (4), Ezkerra (2), PP (1), UpyD (1). Navarrometro inkesta fantastikoak iazko azaroan eman zituen emaitza zinez sinesgarriak errepikatu dituzte nafarrek txintxo-txintxo. Zaila zirudien, baina Laura Perezen lan taldearen koherentziak, argitasunak, lasaitasunak eta zehaztasunak nafar asko eta asko konbentzitu ditu. Eta aldaketaren zirimolak lagunduta, ezker abertzalea eta bertze batzuk biltzen dituen koalizioak abertzaletasunaren hegemoniari txukun eustea lortu du. Eta horren guztiaren usaina zutenez, UPNko boto-emaile fidelenak ere etxean gelditu dira, lotsatuta.
UPN (15), EH Bildu (9), Podemos (7), GeBai (7), PSN (5), PP (3), Ciudadanos (2), Ezkerra (2). Kostatu zaie, ederki kostatu ere. Baina, azkenean, botoa ematera joan diren nafar guztiek lotu dute akordioa boto banaketak parra egin dezan, eta beraz erregimenaren aldeko alderdiek 25 eserleku lor ditzaten eta erregimenarekin zerikusirik ez dutenek, bertze 25. Barreak ziurtatu nahi izan dituzte horrela. Eta bigarren itzuli bat. Edo nork daki, akaso hirugarren bat ere bai.
GeBai (13), UPN (12), Podemos (7), EH Bildu (6), PSN (6), PP (3), Ezkerra (2), Ciudadanos (1). Inkestek hobekien baloratu ohi duten politikaria, Uxue Barkosek, azkenean erdietsi du balorazio on hori boto uholde bilakatzea. Nafarroan eskela gehien saltzen dituzten egunkarien zerrendan bigarren sailkatua dagoen berripaperak eginiko lanak eman du fruiturik, eta Geroa Baik lasai asko eratu ahal izanen du aldaketarako gobernua, barnean PSN sartuta.
PP (17), PSN (15), Podemos (7), Ciudadanos (6), Ezkerra (2), UPN (1), EH Bildu (1), GeBai (1). Tele5 eta La Sexta telebistetako larunbat gauetako eztabaidek izan dute ondoriorik: Nafarroak Nafarroa izateari utzi dio.
OHARRA: Goiko zenbaki segida horiek guztiek ez dute batere oinarri zientifikorik (egunkarietan argitaratzen dituzten inkesta anitzen gisara, bide batez erranda).