Urte luzez, nafar eskuinaren indarguneetako bat izan da Tutera. UPNren gotorlekua. Erregionalistek aise maneiatu dute boterea Erriberako hiriburuan —askotan, PSNren jarrera otzanari esker—; baina hogei urteko erregimena bertan behera gelditu zen iragan maiatzaren 24an, ezkerreko indarren igoera ikusgarriaren eta eskuinaren amiltzearen ondorioz.
Ezkerra koalizioa izan da bozetako garaile argiena. Orain arteko marka guztiak apurtu ditu, 2011n baino 1.000 boto gehiago eskuratuta (3.766). UPNk ere sei eserleku izanen ditu hurrengo agintaldian, baina 1.100 boto galdu ditu 2011ko hauteskundeetatik. Higadura are nabariagoa da, aurtengo emaitzak 2007ko datuekin alderatuz gero. Urte hartan, eskuindarrek hamabi zinegotzi lortu zituzten hauteskundeetan; agintaldi honetan izanen duten ordezkaritzaren bikoitza.
PSNk ere antzeko higatzea pairatu du: zazpi zinegotzi zituen 2007an; bostera jaitsi zen 2011n; eta aurtengo bozetan beste bi eserleku galdu ditu, 1.200 boto gutxiago lortuta. PSNk Nafarroa osoan izandako emaitzen isla izan da Tuterako kasua ere.
Maiatzeko bozetan, gainera, ezustea eman dute ezkerreko bi alderdi berrik: Tudela Puede (Podemos Ahal Dugu-ren zerrenda) eta ezkertiar nahiz abertzaleak biltzen dituen CUP Herritar Batasuneko Hautagaitza. Hiru zinegotzi lortu ditu lehenengoak; CUPek, berriz, ordezkari bakarra, ia 1.000 boto lortuta. Inoizko udalbatzarik ezkertiarrena osatuko dute denen artean.
Ezkerra, Ahal Dugu eta PSNko ordezkariek aste honetan abiatu dituzte bilerak gobernu alternatibo bat osatzeko eta 1995az geroztik agintean izan den erregimena eraisteko. Oraindik ituna sinatu ez duten arren, hiru alderdiek borondate argia adierazi dute aldaketa udalera eramateko. Baita UPNren makulu izandako PSNk ere: “Emaitzak ez dira onak izan guretzat, eta ez ditugu aurreikuspenak bete, baina irakurketa argia egiten dugu: aldaketa eskatu dute herritarrek, eta horren alde lan eginen dugu”, azaldu du PSNko hautagai Carlos Gimenok.
Itun horretara batu daiteke CUPen zinegotzia ere, baina ikusteko dago PSNk betoa ezartzen dion hautagaitza horri. Edonola ere, aldaketaren aldeko blokeak nahikoa babes izanen du lasaitasunez gobernatu ahal izateko.
Iraultzaren gakoak
Hiru dira Tuterako aldaketa politikoaren gakoak: Erriberako atzeraldi ekonomikoa; UPNren higatzea eta herritar batasuneko hautagaitzen fenomenoa.
Krisialdi ekonomikoak ito egin ditu Erriberako udalerri asko, eta Tutera ez da salbuespena izan: Nafarroako batez bestekoa baino altuagoa da Tuterako langabezia maila (%21), batez ere gazteen artean; azken ikerketen arabera, bazterketa egoeran dauden herritarren kopuruak gora egin du nabarmen; eta hainbat azpiegitura eta zerbitzu publiko desagertu egin dira lau urte hauetan.
Testuinguru horretan, UPNk Tuterako Udalean eta Nafarroako Gobernuan eginiko kudeaketak kritika latzak jaso ditu Erriberan. Osasungintzan eginiko murrizketak, besteak beste, polemika iturri izan dira azken urteetan.
Horrek guztiak abstentziora bultzatu ditu UPNren ohiko boto-emaileak; ezkerreko indarrek, berriz, modu eraginkorrean mobilizatu dute botoa. Prozesu horretan, berebiziko garrantzia izan du herritar batasuneko hautagaitzen sorrerak. Tuterako EH Bilduk urtarrilean erabaki zuen ez aurkeztea hautagaitza propiorik, eta, horren ordez, CUP bultzatzea. Lortutako emaitzen argitara, erabakigarria izan zen hori ere.