“Nahi ez duzun lizunkeria bat edo arrotz baten piropoak entzun behar izatea eraso bat da, mozkorti batek ipurdia ukitzea eraso bat da, norbaiti ezetz esateagatik irainak jasotzea eraso bat da… Horiek guztiak ohikoak dira jaietan, baina askok normaltzat jotzen dituzte. Emakume asko orain hasi dira halako jarreren inguruan ahotsa goratzen, bortxaketez edo jipoiez gaindi ere, intentsitate baxuko indarkeria oso errotuta baitago gure jendartean”. Ekintzaile feminista da Zurine Altable (Iruñea, 1980). Urteak daramatza sexu parekidetasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontra lanean, eta, iaz, sexu erasoen kontrako lantaldea osatu zuen beste bi emakumerekin batera, Gora Iruñea plataformaren barruan. “Auzoetako jaiak nahiz sanferminak askatasunez gozatzeko eskubidea” bermatzea da taldearen xedea.
Hasiera batean, hiru kidek osatzen zuten lantaldea. Sei dira orain. Kide berrienetako bat da Kai Galarza (Gasteiz, 1987). Haren irudiko, orain arteko esperientzia “oso aberasgarria” izan da parte hartzaile guztientzat: “Askotariko pertsonak biltzen gara, eta hori positiboa da, ideia eta iritzi ezberdinak parteka daitezkeelako”. Lan kargarik handiena sanferminen aurreko asteetan izaten duten arren, urte osoko prozesua da haiena: “Irailean hasten gara batzartzen, eta sanferminen ostean amaitzen dugu sasoi bakoitzeko lana. Astean behin egiten ditugu bilerak, plangintzak adosteko, balorazioak egiteko, ideiak planteatzeko…”, azaldu du Galarzak.
Hiru ardatz nagusi ditu lantaldearen jardunak: “Iruñeko Udalarekiko harremanak, auzoetako jai batzordeekin batera egiten dugun elkarlana, eta azkenik, sanferminetarako propio antolatutako egitasmoak”. Sexu erasoen berri emateko telefono zenbakia, kontzientziazio kanpainak eta autodefentsa feminista ikastaroak dira, besteak beste, Gora Iruñearen jardunak eta hausnartze etengabeak eman dituen fruituak.
Lantaldearen sorreraren lekuko eta protagonista izandakoa da Aitziber Arriaga (Iruñea, 1984). Haren esanetan, sexu erasoen kontrako egitasmoaz gainera, parekidetasunaren aldeko ikuspuntua nagusi da Gora Iruñea osatzen duten talde eta eragile guztien artean ere: “Gure taldearen lan esparru espezifikoa sexu erasoena da, baina Gora Iruñearen barruan, beste alor batzuk ere jorratzen ditugu, jai parekideak bermatze aldera. Hainbat irizpide dira aintzat hartzen ditugunak: besteak beste, erabaki guneetan andrazkoak izatea, edota oholtzaren gainean ere emakume artisten edo emakumez osaturiko taldeen presentzia bermatzea”.
Udalarekiko harremana
Sanferminetan kanpaina eraginkorrak diseinatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da Iruñeko Udalarekin elkarlana sustatzea. Maiatzeko hauteskundeen osteko egoera eta aldaketa politikoa “lagungarriak” izanen direla uste dute Gora Iruñea taldeko kideek, baina administrazioaren jarrera aldaketa aurretik gertatu zela nabarmentzen dute. “Iaz hasi ginen udalarekiko harremanak normaltzen eta elkarlanerako bideak zabaltzen”, dio Altablek. Sanferminak Berdintasunean udal taldeko kide da Gora Iruñea ere, beste hainbat elkarte, sozietate eta eragilerekin batera. “Guretzat, garrantzitsua izan zen bide hori urratzen hastea, ordura arte, administrazioaren eta herri mugimenduen arteko espazio komunik ez zegoelako. Zorionez, iazko esperientzia ona izan zen, eta aurten jarraipena eman diogu harremanari”.
Oro har, udalaren jarreran “txip aldaketa” sumatu dute ekintzaile feministek. “Lehen, sanferminetan sexu erasoak gertatzen zirenik ere ez zuten onartzen; orain, berriz, salatu egiten dituzte. Iaz, adibidez, salaketa aurkeztu zuten, sexu eraso baten irudi batekin iragartzen zen enpresa baten kontra. Lan handia dago oraindik egiteko, baina urrats bat da”, gaineratu du Galarzak.
Hala ere, UPNren oinarrizko politiketan ez da sakoneko aldaketarik gertatu, Gora Iruñea taldeko kideen ustez: “Aurrerapausoak egon direla onartuta ere, UPNren politikaren ildo nagusiak ez dira aldatu. Ez dugu ahaztu behar, orain arte, Iruñeko Udala alderdi eskuindar eta kontserbadoreen eskuetan egon dela, eta hori agerikoa da. Horregatik, oso albiste pozgarria da guretzat, Iruñean aldaketa politikoa hezurmamitu izana”.
Oro har, administrazioak, pixkanaka-pixkanaka bada ere, iritzia aldatu izana borroka feministaren ondorioetako bat dela uste du Altablek. “Mugimendu feministak hamarkada oso bat darama sexu erasoak salatzen, eta lan horren fruituak dira orain ikusten ditugunak. Lehen gutxi batzuek bakarrik egiten genituen aldarrikapen horiek; orain, gizarte osoak onartu ditu. Sozializatu egin da arazoa”.
Galarzaren arabera, indarkeria sexista “egiturazko indarkeria” da. “Gizartean errotua dagoen biolentzia mota bat da, eta herrietako jaiek, gainera, testuinguru ezin aproposagoa eskaintzen dute, halako erasoak ikusezin bihurtzeko. Horregatik, lanketa ideologiko sakona eta iraunkorra behar da, jendartearen ikusmoldea errotik aldatzeko”.
Itunak eragileekin
Emakumeen askatasuna bermatzeko bidean, Gora Iruñearen lantaldeak eginiko ekarpena nabarmentzen dute ekintzaileek. Arriagaren ustez, “izugarria” da bi urteren buruan egindakoa: “Lehendik egindako lan eskerga errentabilizatu dugula uste dut. Aspaldi, ahaleginak eta bi egiten genituen hainbat alorretan, baina bakoitzak bere aldetik, eta ikusgarritasun gutxi zuen esfortzu horrek. Dena lotzeko haria falta zitzaigun. Orain, kanpaina bera egiten dugu auzoetako jai guztietan, erasoen kontrako prebentzioa eta erantzuna barnebiltzen dituen ikuspegi orokorradaukagu, eta eragileekin batera sinatutako itunei esker, gure borroka askoz eraginkorragoa da”.
Autodefentsa ikastaroak eta kanpainak antolatu ditu Gora Iruñeak azken urtebetean, eta apika-apika, gizartearen ikuspegia aldatzen ari dela uste dute hiru ekintzaileek. “Hala ere, asko dugu oraindik egiteko”, gehitu du Altablek. “Erasoak, nahiz eta intentsitate baxukoak izan, salatu egin behar dira. Eta jaietan olagarro lerdetsu bat hurbiltzen bazaigu, ez dugu zertan alde egin. Espazioa gurea ere badela frogatu behar dugu, eta guztion artean, jarrera horiek agerian utzi, erasotzaileak izan daitezen alde egiten dutenak”.