Albina Prieto (Tafallako zinegotzia): “Norberekeria bazter utz dezala PSNk”

Behin eta berriz errepikatu du. “1978. urtetik naiz ni alderdi sozialistako militante”. Horregatik nabarmendu du harridura, haserrea eta etsipena eragin diola PSOEren zuzendaritza batzorde federalak hartutako erabakiak. Albina Prieto (Sahagun de Campos, Leon, Espainia, 1946) duela berrogei urte baino gehiago ailegatu zen Tafallara, eta herriko udaleko zinegotzi sozialista da. Alderdiak behin-behinean kanporatu du, Juan Jose Martinez kidearekin batera, biek EH Bilduren udal gobernuan sartzeko urratsa egin eta gero. Behin betiko erabakiaren zain dira orain, eta egunotarako espero dute. Argi utzi dute biek aurrerantzean ere zinegotzi izanen direla.

“Sekula ez nuen pentsatu halakorik gerta zitekeenik; PSNk bide beretik jarraitzen badu, hutsaren hurrengo bilakatuko gaitu. Ideia sozialistei eman beharko lieke alderdiak lehentasuna, eta norberekeriak bazter utzi. Argi dut PSNn badela alderdiari onik egiten ez dion jendea, eta jende horrek alde egin beharko luke”.

Argi eta garbi mintzatu da Prieto PSNko zuzendaritzaren jarduerari buruz; eta argi eta garbi erran du, halaber, udal gobernuan sartzeko erabakiak Tafallako PSNren udal batzordearen babes ia erabatekoa izan duela. “Gu behin betiko kanporatzeak Tafallako PSN desegitea ekarriko luke”, ohartarazi du zinegotziak. Juan Jose Martinez da Tafallako sozialisten idazkari nagusia, hain zuzen ere. Prieto ere zuzendaritza batzordeko kidea da.

“Iparra galduta dabil PSN arlo anitzetan. Gaizki egindakoak erranen ditut. Ez naute isilduko”, erantsi du zinegotziak. Minduta dagoela onartu du Prietok. Uztailaren 1ean, txostena ireki zien alderdiak hari eta Martinezi. “Guri ez ziguten deus erran; PSNko inork ez gintuen deitu Iruñetik; hedabideen bidez izan genuen hartutako erabakiaren berri; ez genuen horrelakorik merezi”, azaldu du.

Bere txostena Madrilera bideratu zuen PSNk, eta, ondorioz, uztailaren 3an, burofax bat igorri zien PSOEren zuzendaritza batzorde federalak. “Hilaren 7an jaso nuen nik; eta hurrengo egunean nire alderdikideak; hamar eguneko epea eman ziguten zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Iruñean auzi hau martxan jarri izan ez balute, Madrilen ez lukete deus egin izanen”. Beren burua defendatuko dutela nabarmendu du Prietok, eta abokatuen esku dagoela auzia.

“Aurrera egin”

“Joandako urak, indarrik ez”. Horixe uste du Prietok, eta halaxe nabarmendu du: “Garai hagitz txarrak bizi izan ditugu; gure alderdikideen hiletetara joan behar izan dugu; nire semea ere PSNko zinegotzi izan da herrian, eta bizkarzainarekin ibili behar izan du, batetik bertzera. Hori hor dago, gogorra izan da, eta ez dugu bertzerik gabe ahaztuko; baina aurrera egin behar dugu. Bertze erremediorik ez dugu. Ezin gara beti atzera begira egon. EH Bilduk alkatetza du 2.000 herritarrek baino gehiagok botoa eman ziotelako. Koalizioa legezkoa da, eta hori errespetatu egin behar dugu. Kito”.

Tafallako Udalean EH Bilduk du alkatetza, zortzi zinegotzirekin. UPNk lau ditu; Iniciativa por Tafalla taldeak bi, eta bertze bi PSNk. Ezkerrak, berriz, bakarra. “EH Bilduk talde guztioi egin zigun udal gobernuan sartzeko gonbita; UPN bakarrik gelditu da kanpoan”, azaldu du Prietok.

“Tafallaren alde lan egiteko erabaki genuen sartzea; guk ez diogu EH Bilduri txeke zuririk eman, eta gauzak gaizki egiten baditu, eskatuko dizkiogu kontuak, eta hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak, gure kontzientziaren arabera”, erantsi du.

Herritarren eta udaleko bertze taldeen babesa jaso dutela nabarmendu du Prietok, eta hori dela garrantzitsuena. “Herritar anitzek ere harriduraz hartu dute gertatzen ari dena. Herritarren alde ari gara, eta haien babesa badugu; ongi ari gara”. Egoera, nolabait, normalizatu egin behar dela gaineratu du. “Tafalla ez da bakarra izanen; ziur naiz bertze hainbat herritan ere PSNk parte hartuko duela EH Bilduren udal gobernuetan; denak kanporatuko gaituzte, orduan?”, galdetu du Prietok; erantsi du taldeen arteko harremanak normal-normal hartzeko ordua dela.

Ildo horretan, aspaldiko garaiak ere ekarri ditu gogora Tafallako zinegotziak. Gizarte Ongizaterako Sailaren ardura du oraingo udalean, eta sail horren eskutik hasi zen, hain zuzen ere, gizarte kontuetan lanean, Tafallan. “Herri Batasuna zegoen orduan udaletxean; Gizarte Ongizaterako Saila ezarri zuten, eta talde horretako zinegotziak eman zidan lan egiteko aukera. Autoarekin ibiltzen nintzen, etxez etxe, bakarrik ziren herriko zaharrei jatekoa eramaten”.

Aspaldi hasitako bidean urratsak egiten jarraitu nahi du Prietok. “PSNren barruan, edo bertze izen batekin, baina nire ideia sozialistei uko egin gabe”. Alderditik at sentitzen da. Eta horrek amorratzen duela aitortu du. Eutsi dio, ordea, hartutako erabakiari.