Nafarroako larrialdietako sistema berria kentzeko eskatu dute 112ko langileek

Nafarroako larrialdietako sistema berria kentzeko eskatu dute 112ko langileek

Hiru hilabete iragan dira Nafarroan larrialdi zerbitzuen kudaketa ezarri zenetik. Gaur egun, Espainiako Poliziaren 091 eta Guardia Zibilaren 062 telefono zenbakietako dei guztiak 112 larrialdi zerbitzuetara bideratzen dira. Bertako langileen arabera, lan karga handitu egin zaie eta are larrialdiei aurre egiteko sistema ere okertu egin da, «premiazkoak ez diren polizia deiei erantzutea oztopo bat delako». Sistema hori kentzeko eskatu diete «eskumena duten erakundeei». 

Trafiko eskumena itzultzeko akordioaren baitan, Espainiako eta Nafarroako gobernuek hitzartu zuten sistema berria, eta gero eta argiago dago Guardia Zibila konpentsatzeko neurri bat izan dela. Urriaren 12an, Hispanitatearen egunean, Jose Miguel Barbero Guardia Zibilaren Nafarroako koronelak «esker onak» zuzendu zizkion Nafarroako Gobernuari, «lehen pausoak eman direlako larrialdi batetik gertuen dagoen patruilak erantzun diezaion ezbeharrari».

«Aldaketa egun batetik bestera egin da, aldez aurretik abisatu gabe, langileei prestakuntzarik eman gabe»

ISABEL ANAUT112 larrialdi zerbitzuko langilea

EH Bilduk eta Geroa Baik eskatuta, bestelako azalpena eman du Isabel Anautek, 112 larrialdi zerbitzuetako langileen izenean —berekin batera izan dira Julian Perez, Sorospen Baron, Mercedes Eneriz eta Sonia Muniainek—: disfuntzioak eta atzerapenak daudela salatu du. Gaineratu duenez, aldaketa «egun batetik bestera egin da, aldez aurretik abisatu gabe, langileei prestakuntzarik eman gabe, jarduera protokolorik gabe». Nafarroako udailtzainei ere ez zaie horren berri eman.

Gaur egun, 091 eta 062 telefonoetako dei guztiak 112 zenbakira bideratzen dira. Anauten arabera, orain arte soilik larrialdietarako zerbitzu gisa nabarmendu da, eta, herritarrek eurek hala barneratu dute. Aitzitik, aldaketa horren ondorioz, «kontraesanean» erori dela uste dute. Azaldu duenez, iraganean bestelako zerbitzuek informazioa emateko egokitzat ikusten zuten telefono hori baliatzea —trafikoa, farmaziak, telealarma, osasun aholkuak…—, baina langileek eurek presio egin zuten soilik larrialdietarako erabil zedin. «Denborak arrazoi genuela erakutsi zigun». 

Orain «antzeko egoera» sor daitekeela uste dute. Gobernuak azaldu du premiazkoak ez diren telefono deiak oso gutxi direla. Alta, lehen hilabeteetan premiazkoak ez diren polizia deiak «%8-10» ugaritu dira. Teorian, dei horiek Foruzaingoaren kontrol zentrora edo beste telefono batera bideratu behar dira. Alta, maiz, langileak azalpen hori bera eman behar dio herritarrari, informazioa eman, izapideak egin… Ondorioz, erantzuteko denbora luzatu egiten da, «kasu batzuetan %20 inguru».

Disfuntzio ugari ere antzeman dituzte. Adibidez, gaur egun, larrialdietan parte hartzen duten eragile guztiak —foruzain, suhiltzaile, osasun zerbitzu, udaltzain… — geolokalizatuta daude eta haien kokapena uneoro agertzen da kontrol guneko pantailatan. Kokaguneaz gain, erantzuteko denbora eta zerbitzuaren iraupena ematen du. Aitzitik, sistema berri horretan, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ez ditu bere patruilak geolokalizatzen. «Ez dakigu zergatik», azaldu du Anautek.

Horrek guztia zailtzen du. Hiru hilabeteotan, gertaera bat gertatu den tokitik «gertu samar» Foruzaingoaren patruila bat zegoen, baina haren zerbitzua guardia zibilei esleitu zitzaien eta foruzainek behar luketena baino denbora gehiago behar izan zuten. Are, errefortzu moduan deitutako foruzainak ustez gertuago zeuden guardia zibilak baino lehenago ere iritsi izan dira kasu batzuetan. 

Gainera, larrialdi bat sortzen denetik, 112 zerbitzuak informazio fitxa bat sortzen du hasieratik. Egungo sistemarekin egoera zaildu egin da, Anauten arabera. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak ez dute gertaeraren inguruko informaziorik partekatzen. 

Horren guztiaren aurrean, gobernuei eskatu diete sistema hori bertan behera uzteko. Hori posible ez balitz, eskatu dute sistema eteteko, «atzemandako arazoak berrikusi eta konpontzeko». Bestela, premiazkoak ez diren polizia deietarako 091 eta 062 zenbakiak erabiltzeko eskatu dute, soilik larrialdiak bideratuz 112ra.

«Estatistikak emateko eskatu diguzue, baina guri horiek berdin zaizkigu. Deitzen digute galdetzeko trafikoaren zenbakia edo bestelakoa… Hori ez da gure lana. Lan handiagoa eskatzen digu horrek. Gu ohituta gaude sute bati, ezbehar bati erantzuten. Horrek ez digu denbora eskatzen. Aldiz, bestelako deiek baiak. Ez dira gure lana eta horiekin galtzen dugu denbora gehien», azaldu du Julian Perezek.

Gaineratu duenez, Inma Jurio Barne kontseilariak bi langile gehiago kontratatuko zirela zin egin zuen baina iragan astean egin ziren kontratazioak. «Orain arte ordu estra ugari egin ditugu», aipatu du.