«Ez dugu atez atekoa ezartzeko asmorik; oraingoz, ez»

«Ez dugu atez atekoa ezartzeko asmorik; oraingoz, ez»

Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza

Alde handia dago herri bateko zinegotzi izatearen eta Iruñerriko Mankomunitateko buru izatearen artean, baina Aritz Aiesa (Iruñea, 1978) gogotsu dago lanean hasteko. Mankomunitatea “aldaketarako tresna” izan daitekeela uste du.

400 langiletik gora, 360.000 erabiltzaile baino gehiago, aurrekontu itzela… Ur handitan sartu izanaren sentsazioa izan al zenuen kargua onartzean?

Ilusioa sentitu nuen, batez ere. Ilusio handia, lan egiteko aukera ederra baita. Finean, aldaketarako lan tresna izan daiteke mankomunitatea. Garraio publikoan, hondakinen bilketan… Oro har, orain arte egindako lanean harago joan gaitezkeela uste dugu, irizpide ekologikoak ardatz hartuta. Aukera ederra dugu bestelako ikuspegi bat hedatzeko.

Mankomunitatearen presidentetzarako hautagai bana aurkeztu zenuten EH Bilduk eta Geroa Baik, eta horrek polemika piztu zuen. Nolakoa da bi koalizioen arteko harremana?

Ona. Guk akordio sendo eta zabal bat lortu genuen programa baten inguruan [EH Bilduko ordezkariez gainera, Podemos-Ahal Dugu, Aranzadi eta Ezkerra alderdiek nahiz hautetsi independenteek sinatu zuten], eta erabateko asmoa genuen Geroa Bairekin ere bat egiteko. Baina haiek badute lan ildo bat, eta guk, berriz, geurea. Hala ere, adostasuna bilatuko dugu aurrerantzean ere, programa ardatz hartuta.

Askok uste zutenaren kontrara, mankomunitateko presidentea hautatzeko bozketan, babes zabala jaso zuen zure hautagaitzak. Konfiantza ematen dizue horrek?

Izugarri pozik gaude izandako sostenguarekin. 26 boto jaso genituen [11 boto lortu zituen UPNk, eta PSNk, berriz, lau], eta hori sekulako marka da. Finean, programan oinarritutako hautagaitza da hau, eta gainontzeko taldeekin negoziatzen eta neurriak adosten segitu nahi dugu, baita Geroa Bairekin ere.

Zer da ugariago Geroa Bairen programaren eta zuenaren artean, adostasun ala desadostasun puntuak?

Bada, egiaren aitortzeko, hasiera batean uste genuena baino handiagoa da gure arteko adostasun maila. Besteak beste, bat egiten dugu zerbitzu publikoen aldeko apustuan.

Garraio publikoarena da jakin-min handiena piztu duen proiektuetako bat. Duela gutxi aurkeztu zen zirriborro bat hiri garraioa iraultzeko. Zein puntutan dago proiektu hori?

Gure asmoa da zirriborro horren gainean lan egitea eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa lortzea. Izan ere, behar-beharrezkoa da garraio publikoaren eredua goitik behera aldatzea. Buelta ematea. Garraio mota hori eraginkorrago bihurtzea da erronka: lineak aldatu, inguruko herri txikiak hiriburuarekin lotu, billabesendako bideak sortu… Berez, bi proiektu daude mahai gainean, bata garestiagoa eta anbiziosoagoa; eta bigarrena, xumeagoa. Bi horien gainean erabaki behar da orain. Edonola ere, prozesu parte hartzaile baten ondorio izanen dira bata zein bestea.

Hondakinen kudeaketak ere zeresan handia eman du, eta badirudi polemika iturri bihurtu dela, EH Bildu agintera heldu baino lehenagotik ere…

Horri dagokionez, gure planteamendua argia da: Europak ezartzen duen zero zabor helburura iritsi nahi dugu. Eta, horretarako, lau irizpide izanen ditugu: berreskuratzea, birziklatzea, berrerabiltzea eta hondakinak murriztea.

Eta irizpide horien barruan sartzen da hondakinen atez ateko bilketa ere?

Ez, oraingoz ez. Iruñerrian zabaltze bidean da bosgarren edukiontziaren egitasmoa, eta datuak ongi dauden arren, bide horretan askoz gehiago sakondu beharra dagoela iruditzen zaigu. Horregatik, une honetan, atez atekoa ezartzea ez dugu aurreikusten.

Zenbait berripaperek argitaratu dute EH Bilduk Itoizko urtegiko ur emaria “moztu” nahi duela Iruñerrian. Egia al da hori?

Eskuinak izuaren mezua zabaldu nahi du, baina errealitatea oso bestelakoa da. Urari dagokionez, afera oso sinplea da: Iruñerriak kanon izugarria ordaintzen du Itoizko ura erabiltzeko aukerarengatik, eta hori da argitu nahi duguna. Orain arte, milioi bat euro ordaintzen genuen urtean; eta hil honetan bertan, %15 garestitu digute tarifa, 1.152.000 eurora. Horren arrazoia jakin nahi dugu, aukerak berraztertu eta berriz negoziatu.

Aipatu dituzunaz gainera, zeintzuk dira programan aipatzen diren beste lan ildoak?

Alde batetik, Iruñerriko ibai parkearen bidea handitu nahi dugu, eta, bestetik, antolakuntzan, funtzionamendu berri bat ezarri nahi dugu: gehiegizko presidentzialismotik ihes egin eta ardurak zinegotzien artean banatu, gure koaliziokideak izan ala beste talde politikoetakoak izan.

Urte luzez, mankomunitateak FCCren gisako enpresa handiei adjudikatu dizkie zerbitzu asko: garraioa, hondakinen bilketa… Hori berrikusteko asmorik ba al duzue?

Bai. Ene ustez, kontrata handiak berraztertu behar dira, batez ere. Hondakin bilketa kudeatzeko kontratua iraungi zenean, beste lehiaketa bat egin zen, baina enpresa batek helegitea jarri zuen, eta prozesua stand-by moduan dago orain, auzibidean, ez aurrera ez atzera. Horrekin zer egiten dugun ikusi beharko da orain, auzia konponbidean jarri arte kontratua luzatuta baitago. Gure asmoa, behinik behin, kudeaketa publikorantz jotzea da.

Zergatik?

Kalitatea hobetzeaz gainera, merkeagoa ere izan daitekeelako. Hondakinen bilketaren kudeaketa publikoa oso eskura dugu, gainera, baliabide guztiak mankomunitatearenak direlako: azpiegiturak, kamioiak… Kudeaketa hutsa da esleitua dagoena.

Eta eperik ezarri al duzue?

Bada, hondakinen bilketarena epe laburrean konpondu beharko dugu. Garraio publikoaren kontratua, berriz, 2019. urtean amaituko da; beraz, denbora dugu publifikazio prozesua ongi antolatzeko.