Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Imanol Lapeña: «Euskara eta kirola lotzea da helburua»

Ander Perez / Nafarroako Hitza

Euskararen aldeko aldarria presente izango da San Fermin Txikiko jaietan. Laugarren urtez, Euskaraz bizi nahi dut lelodun lasterketaren lekuko izango dira Alde Zaharreko kaleak, bihar goizean. Euskalgintzako taldeek abiatutako lasterketa da; prestatzeko, ordea, Imanol Lapeña (Iruñea, 1963) Hiru Herri atletismo taldeko kidearengana jo zuten orain lau urte. Iñaki Mendiorozekin batera, lasterketaren prestaketarako logistikaz arduratzen da urtero Lapeña.

Dioenez, lasterketaren aurreko egunetan izaten dute lan gehien. Finean, “ongi eraman behar dira gauza guztiak, egunean, dena ongi atera dadin”. Besteak beste, lasterketarako beharrezkoa den materiala lortzeaz arduratzen da, bai eta ibilbidea markatzeaz ere, adibidez. Eskarmentua du horretan, Iruñerriko bestelako kros eta lasterketen antolaketan ere ibilia baita.

“Zerbait berezia egin nahi zelako” sortu zen 2012an euskararen aldeko lasterketa bat egiteko ideia. “Zerbait berezia, kirolarekin harremana izango zuena”. Izan ere, Lapeñak dioenez, “euskara eta kirola lotzea izan zen helburua lasterketa formatuan. Ez lehiatzeko, baizik eta parte hartzeko, eta, hala, egun eta festa polita sortzeko”. Data aukeratzerakoan, San Fermin Txikiko festekin batera egitea erabaki zuten, “jai giroan antolatzeko”. Eta bistan da asmatu zutela, “jendearen erantzuna eta sortutako giroa oso polita izaten delako”, Lapeñaren hitzetan.

Euskararen aldeko aldarrikapenerako kirola aukeratu izana ez da kasualitatea, Hiru Herri taldeko kidearen ustez. Are gehiago, kirolean, eta bereziki atletismoan, euskararen erabilerako potentzial handia dagoela uste du: “Kirolarena beste mundu bat da. Agian orain arte ez gara ohartu mundu horretan euskara erabiltzeko zenbat aukera dauden. Iruñean asko dira atletismo taldeak, eta horietan dabiltzan asko dira euskaldunak”. Horretaz gain, lasterketaren moduko formatuak jendea erakartzeko izan dezakeen gaitasunaz mintzo da Lapeña: “Jendea erakartzeko aukera polita da. Jendea mugitzeko gauza erraza da korrika egitea”.

Errezetak emaitza onak eman ditu orain arte. Aurretik egindako

hiru lasterketetan “oso giro polita” sortu izan da, Lapeñaren hitzetan. Partaideen kopurua ere “poliki-poliki” gora doa, “bai helduen eta bai umeen lasterketetan ere”. Eta orain arte behintzat, eguraldiak lagundu izan du, eta “hori oso garrantzitsua da”.

Guztira, 300 bat lagunek parte hartu ohi dute lasterketan. Ez da kopuru makala. Are gehiago, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietan egiten diren antzeko lasterketen artean, “jendetsuena” omen da Iruñekoa. Orain hiru urte, egun bakarrean egin ziren lasterketa horiek guztiak, 30 bat herritan. Orain, ordea, “hilabeteko epea” ematen zaie antolatzaileei, “herri bakoitzak hilabete horretan nahi duen data aukeratu dezan”.

Denetariko korrikalariak

Aniztuna izan ohi da euskararen aldeko Iruñeko lasterketan parte hartu ohi dutenen profila. Batetik, Lapeñak dioenez, “atleta onak izaten dira, Iruñerri ingurukoak, famosoak batzuk”. Horietako askok “entrenamendu modura” hartzen dute lasterketa. Antolatzaileak dioenez, Iruñerriko klub gehienetako —Lagunak, Ardoi, Pamplona Atletico, Ederki, Hiru Herri, Beste Iruñea, Berriozar…— kideak izaten dira lasterketan. Bestalde, krosa “oso herrikoia” dela dio Lapeñak, eta “edonork” parte har dezakeela. Aniztasun horrek egiten du lasterka “polita”.

Orain arteko erantzunari eustea izango da, aurten ere, antolatzaileen helburua. Horretarako ondu dute bost kilometro inguruko ibilbidea. San Frantzisko plazatik abiatuko da, 10:30ean. Eslava, Kale Nagusia, Udaletxe plaza eta Santo Domingoko aldapa igaroko ditu, Arrotxapea zapaldu aurretik. Curtidoresko zubitik ibaia zeharkatu eta ertzetik ibiliko da, Vergel zubira iritsi arte. Arantzadira eginen du salto handik, eta inguru horretan buelta eman ostean Zumalakarregiko atetik igoko da berriro Alde Zaharrera. Karmen, Navarreria, Mercaderes, Txapitela, Gazteluko plaza eta San Nicolas kaleak igaroko ditu orduan, eta San Migel kaletik iritsiko da berriro San Frantzisko plazara, han bukatzeko. 09:00etan jarriko dituzte izena emateko mahaiak. Puntual izateko eskatzen die Lapeñak korrikalariei.

Helduen lasterketaren ostean izango da haurrena, San Frantzisko plaza inguruko kaleetan. Aurten hiru talde osatuko dituzte antolatzaileek, adinaren arabera. Txikienek, 6 urtera arte, gurasoen eskuei helduta eginen dute lasterketa. 7 eta 9 urte bitartekoek haien lasterketa egiteko aukera izango dute, eta hortik gorakoei helduen lasterketan parte hartzeko aukera emango zaie, hala nahi badute. Dena bukatuta, zozketa eginen dute parte hartzaileen artean. Euskara eta kirola lotzeko aukera, bihar, edonoren eskura.