Ander Perez
Hura hil eta hamahiru urtera, ez genuen inondik inora espero halakorik”. Roldan Jimenoren hitzak dira, joan den astean BERRIAri esanak, Nafarroako Gobernuak aurtengo Urrezko Domina Jose Maria Jimeno Jurio aita zenari emango diola jakitean. Nafarroako historia, etnografia, hizkuntza eta memoria berreskuratzeko egindako lan eskerga aitortuko zaio, azkenean, Jimeno Juriori. Abenduaren 3an emango diote domina sendiari, Nafarroako Egunarekin batera.
1927an jaio zen Jimeno Jurio, Artaxoako familia karlista batean, Primo de Riveraren diktadurak “sentimendu katolikoa, familiaren morala eta administrazioaren zintzotasuna” bultzatzen zuen garaian, Roldan Jimeno semeak Manuel Lekuona sariaren bildumarako idatzi zuenez —1998an eman zioten saria aitari—. Tradizio horretatik edan zuen, non eta Artaxoako 40ak izenez ezagutu ziren erreketeen herrian, 1936ko kolpe faxistan Donostia hartu zuten horiek zoritxarrerako ospetsu egin zuten herrian. Maisu ikasketak egin zituen lehenbizi, eta apaizarenak gero. 1956an ordenatu zen. Eta bai irakasle eta bai apaiz modura ere, Nafarroako geografia alderik alde zeharkatu zuen. Handik hona egindako bidaietan gerturatu zen herritarrengana, testigantzak jasoz, eta interesa piztuz. Handik eratorriko zen, gerora, bere lan etnografiko aparta eta zabala.
Izan ere, ikerketari emana bizi izan zen; toponimia, historia, euskara, artea, etnografia… Pamiela argitaletxeak hartu du lan guztiak argitaratzeko erronka, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera. Orotara, 62 liburutan argitaratuko dituzte testu eta ikerketak —gehienak kalean dira—. David Mariezkurrena etnografoa da bildumaren koordinatzailea. “Pozik” hartu du albistea, uste duelako merezi duela: “Nafarroan pertsona gutxik barnebiltzen dutelako hainbeste materia”.
Jimeno Jurioren errekonozimenduak badu justiziatik ere asko. Hil zenean, hainbat kultur talde eta eragilek aurkeztu zuten hautagaitza, Vianako Printzea saria eman ziezaioten. Trikimailua erabili zuen orduan Nafarroako Gobernuak: saria jasotzeko baldintzak aldatu zituen; hila zegoen pertsona bati ematerik ez zegoela erantsi zuen. Horrek kanpo utzi zuen, zuzenean, Jimeno Jurio.
Harekiko jarrera, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak hamarkadetan euskara eta euskal kulturarekiko izandakoarenaren erakusgarri da. Horri aurre egin zion ikerlariak: erakundeek sistematikoki Nafarroako historia eta identitatea ezkutatzen zutela ikusi zuen, eta ikerketaz erantzun zion ukazioari.
Trantsizio pertsonala
Hain justu, trantsizio pertsonal eta politiko baten istorioa da Jimeno Juriorena. 1960ko hamarkadan hasi zen bere kontzientziazioa, bizi zen eferbeszentzia politiko eta soziala zela medio. Euskarara ere hurbildu zen, eta jaioterrian bertan aurkitu zituen lehen arrastoak, 1968an Artaxoako toponimiari buruzko lana argitaratu zuenean. 1970ean azkartu zuen bilakaera: apaizgoa utzi zuen, eta bi urtera ezkondu zen.
Jose Mari Esparza editoreak ongi gogoratzen du Jimeno Jurioren trantsizioa: “Nafarroako historiaren ikerketak aldatu zuen haren ideologia. Eskuindarra zen, apaiza, karlista…Nafarroako historia deskubritu zuen arte”. Memoria historikoaren ikerketak lotu zituen, batik bat, Esparza eta Jimeno Jurioren bideak. Aitzindaria izan zen, “ausarta”, Esparzarentzat, lehena izan baitzen Nafarroan 1936ko kolpe militarrak eragindako errepresioa ikertzen.
Orduan Mirentxu Purroyk zuzentzen zuen Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratu zituen ondorioetako asko, baita Errepublika garaiarekin eta euskal estatutuarekin lotutako ikerketak ere. Ausardiak, ordea, bazuen prezio bat: Triple A talde paramilitar faxistak aldizkariaren Iruñeko egoitza zartarazi zuen, eta gutun anonimo bat utzi zuten Jimeno Jurioren postontzian, ikerketak utzi ezean hilko zutela mehatxatuz. “Presio ikaragarri” horiek, Esparzak dioenez, gelditu egin zuten Jimeno Jurioren lana. Baina ordura arte egindakoak ekarpen handia egin zion gerora Nafarroan memoria historikoaren alorreko lan kolosalenetako bati. Jimeno Jurioren ikerketak abiapuntu izan ziren Navarra 1936, de la Esperanza al terror liburua osatzeko. Altafayllako kide gisa, Esparza izan zen lanaren bultzatzaileetako bat: “Oso kontent geratu zen, oso ongi bateratu genituelako bi lanak. Haren lanik gabe gu agian ez ginateke animatuko, baina Altafayllaren lanik gabe ez zen argitara aterako haren ikerketa”. Hitz onak baino ez ditu Esparzak hura gogoan: “Ikaragarria zen, mundiala, Nafarroan egon den intelektualik handiena, eta oso umila lanean”.
Euskararen historian, toponimian eta etnografian ere sakondu zuen. Azken horretan Joxemiel Barandiaranen eragin zuzena izan zuen. Eta alor horretan du, Mariezkurrenaren ustez, “aberastasun ikaragarriena”. Argitaratu gabea da etnografian egindako lan gehiena, orain Pamielak jasoko duena. “1973ko elkarrizketak dira, gaur egun ehun urtetik gora izango lukeen jendearenak, haien herriko ospakizunak deskribatzen. Egun bildu ezingo genituzkeen testigantzak dira”.
Nafarroako Gobernuaren dominak, ziur aski, mahai gainean jarriko du lan hori guztia. Sinatutako dekretuan, “intelektual errepikaezin eta ezohikoa” aipatu zuen. Eta bat dator Mariezkurrena “ezohikoa” izenondoarekin. “Gaur egun pertsonen superespezializaziora ohitu gara: ‘Historialaria naiz, eta izugarri dakit 1936ko Nafarroaz, baina beste ezer ez’. Jimeno Juriok historiaurretik hasi eta gaur egungo historiarainoko jakintza barnebiltzen zuen. Eruditua zen, dena jakin nahi zuena”.
Hortik, beraz, “ezohikoa”. Eta ezohikoa izan zen haren praktika ere, ia beste inork egiten ez zuenean. Historia ofizialean lekurik ez zuten gertakari eta izenak berreskuratu zituen. Ohiko bihurtu nahi baitzuen, finean, ordura arte “ezohiko” izandakoa.