Esperientzia pertsonal batetik abiatuta, sormenera eraman du Consuelo Otxoak (Lerin, 1957) heriotza batek sortutako mina. Prozesuan sortutako lanak erakusgai daude gaurtik Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Abenduaren 13ra arte zabalik egonen da Duelo erakusketa, eta bisita gidatuak izanen dira igandeetan, musikaz eta antzerkiaz lagunduta, doluan aditua den baten parte hartzearekin.
Zein da egitasmoaren jatorria?
Izenburuak dioen bezala, minetik sortutako lana da hau. Orain dela hiru urte anaia hil zitzaidan, bat-batean. Espero gabeko heriotza izan zen, sekula pentsatu gabea. Hamar minutu lehenago hitz egin nuen berarekin, eta hamar minutu geroago hila zen, eta nik ez nekien. Inpotentzia egoera bat sortzen da halakoetan, amorrua, eta konturatzen gara ezinezkoa zaigula ustez kontrolatzen genuena kontrolatzea.
Eta sormenera bideratu zenituen orduko sentimenduak.
Bai, lan honekin hasi nintzen egun gutxitara. Ez neukan ezer planifikatua, baina barrukoa botatzeko beharra nuen, pintura bota. Euskarri lau batekin hasi nintzen lanean, margo akrilikoarekin, eta konturatzen hasi nintzen dentsitate ezberdinekin eta zuriarekin eta beltzarekin bakarrik jardun arren margoa deskonposatzen hasten zela, eta gauza asko gertatzen zirela. Orduan, prozesuari argazkiak ateratzen hasi nintzen nire iPhonearekin, eta hasi nintzen ikusten unibertso paraleloak sortzen zirela, eta gauza bitxiak gertatzen zirela, eta kolorea desegin eta arrosak, urdinak edo okreak agertzen zirela. Eta batik bat konturatu nintzen heriotzarekiko eta haren ondorioekiko neukan obsesioa hor zegoela. Amorru horretan bazegoen halako indar bat, nire obsesioak azaleratu zituena. Hau da, heriotzaren ondoren geratzen dena, memoria, hezurrak. Eta, bat-batean, hezurrak agertzen zaizkit leku guztietan. Beraz, bada lehen fase bat, min oso handiarena, baina, gero, bira egiten du, eta beste aukera batzuk zabaltzen dira. Mina, bat-batean, askoz atseginagoak diren irudietara pasatzen da.
Sorkuntzak, beraz, eboluzioa izan du aurrera egin ahala.
Bai, hori da, dolu prozesuarekin batera eboluzionatu du. Minaren fase hori gainditzen ikasi dut, baita jadanik ez dagoen pertsona hori prozesuan integratzen ere, beste perspektiba batean kokatzen. Batez ere, zauriak sendatzen lagundu dit honek. Prozesu gogorra izan da, malko askokoa, eta bakardade handikoa. Eta, hala ere, prozesu honen bitartez, neure burua askatzen ikasi dut.
Arteak, beraz, terapia modura funtziona dezake?
Bai, noski. Nik zorte handia dut baliabide hau izan dudalako. Bizitza bera izan da lan hau. Aurretik beste bat egin nuen, nire bizitzako betetasun garai batean. Ezinezkoa zait sortzea ez bada bihotzetik ateratzen; ez dut bitartekorik aurkitzen. Zerbait indartsu gertatzen ari denean aurkitzen ditut bitarteko horiek. Oraingoan, zortea izan dut, lan honetan badirelako aurrez espero ez nituen gauzak. Uste nuena baino askoz gehiago eman dit obra honek. Ez zegoen aurrez zehaztutako ezer, baina jardunak berak eraman nau aurrera, margoa botatze hutsak. Gero, 3.000 edo 4.000 argazki atera nituen, eta horietako asko txundigarriak dira.
Margolanei ateratako argazkiek osatzen dute, hain justu, zure erakusketa.
Bai. Tira, ekarri ditut akrilikoak ere, egiten dudanaren lagin gisara, baina azken emaitzan dut interes handiena. Lanean nagoelarik, margoketan murgiltzen naiz; bueltak ematen dizkiot nire obsesioari. Gero, argazkiak ateratzen ditut, eta eskala aldatzen diet, eta zetazko mihiseetan inprimatzen ditut. Beraz, berez gogorra den zerbait zeta bihurtzen da, eta zeta gauza atseginekin, goxoekin eta hurbilekoekin lotzen dugu.
Heriotzari buruz hausnartzeko balioko zizun prozesu honek, ezta?
Heriotza hain da gauza erreala! Denok pasatu beharra dugu hortik, nahitaez bete beharreko fasea da heriotzarena. Hausnarketa egin beharra dago heriotzaren eta bizitzaren inguruan, eta daukagunari balioa eman, ezinbestekoak ez diren gauzei horrenbesteko garrantzirik ez emateko.
Garrantzitsua da, beraz, heriotzarekin bizitzen ikastea?
Bai, nik uste dut beharrezkoa dela. Bizitzaren barruan dago heriotza, guk nahi eta nahi ez. Lan hau ilusioa da niretzat, ibiltzen jarraitu ahal izateko eta bizitzen jarraitu ahal izateko ilusioa. Nire anaiak hainbesteko antza zuen nirekin, hila ikusi nuenean nire heriotza ikusi bainuen. Hori bada barruan geratzen den zerbait.
Domu Santu egunaren testuinguruan zabaldu da erakusketa. Testuinguru egokiena da?
Erakusketa hau maiatzean zen aurkeztekoa. Ez naiz kristau praktikantea, baina esaten dut jainkoa agertu zaidala, erakusketa berez maiatzean zelako aurkeztekoa, eta orain egingo delako. Testuinguru perfektua da hau, bai datagatik, baina baita espazioagatik ere. Ziudadelako Bolborategi honek badu ermitatik zerbait, norbere barnera biltzetik zerbait.
Prozesu pertsonal baten emaitza da hau. Hortik harago, gizartean eragin nahiko zenuke, heriotza ulertzeko moduari dagokionez?
Ez naiz inor horretarako. Besterik gabe, gustatuko litzaidake nire esperientzia kontatu eta partekatzea. Mundu guztia pasatu da hemendik; norberak badu bere esperientzia eta min propioa. Ez diot inori leziorik eman nahi; ez nuke luxu hori hartuko, baina uste dut garrantzitsua dela partekatzea. Izan ere, ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu, argia eta itxaropena dagoela erakusteko. Eta George Braquek dioen bezala, bi gauzak dira beharrezkoak, argia eta itzala, argirik gabe ez baitago itzalik.