Bulego baten diskreziotik, plaza publikora. Azken urtean Nafarroako Gobernuaren Erreparazio Batzordeak segurtasun indarrek zein eskuin muturreko taldeek eragindako 81 biktima aitortu ditu, horietako gehienak torturatuak. Aitortza bakoitzaren atzean istorio eta prozesu luze bat dago, eta bere ebazpenaren bidez sinesten zaitut esaten die ofizialki Nafarroako Gobernuak. Gaur arratsaldean, berriz, ekitaldi publiko bat egin du aitortza guzti horiek gizartearen aurrean aurkeztu eta omentzeko. Hori egiten duen hirugarren aldia da.
Iruñeko Baluarte jauregian ordubeteko ekitaldia antolatu du Euskara, Memoria eta Bizikidetza Departamentuak. Aretoan, biktimak eta euren senideak elkartu dira, bai eta erakundeetako eta elkarteetako ordezkaritza zabal bat. Hitzartzeak tartekatuz, Kukai dantza taldeak eszenografia berezi baten bidez, barrenak mugitu nahi izan ditu. Iluntasunak hartu du agertokia, baina itxaropenaren argia ere irudikatu nahi izan dute dantzaren bidez.
Auzolan demokratikoa
Hain zuzen ere, ekitaldi amaieran Ana Ollo presidenteorde eta Memoria kontseilariak azpimarratu du «auzolan demokratiko» batean murgilduta dagoela Nafarroa, eta erreparazio prozesu horien guztien helburua dela motibazio politikoko biktimek jasan duten mina «sendatzea». «Prozesu oso luzea izan da, oztopoz betea, eta osatu gabe zuetako askorentzat; baina aldi berean, sendagarria, gertatutako guztia ezkutatu eta zenbaitetan justifikatu egiten zuen gizarte baten aurrean».
Hamar urte iragan dira kargu hori hartu eta Bake eta Bizikidetza zuzendaritza sortu zuenetik, eta orduan halako ekitaldi bat egitea ezinezkoa zirudiela nabarmendu du. Ordu arte, torturaren errealitatearen aurrean ezikusiarena egin eta «ahanztura aktiboa» lantzen zela adierazi du. Horren adierazle, gogora ekarri du 2024an lehen ekitaldia egin zuenetan, giza eskubideen defentsan ibilitako militante batek, hunkituta, esan ziona: «Inoiz ez nuen pentsatu ere egingo gobernuak biktimak aitortuko zituenik. Ametsik onenean, nire seme-alabek ikusiko zutela pentsatzen nuen».
«Prozesu oso luzea izan da, oztopoz betea eta osatu gabe zuetako askorentzat; baina aldi berean, sendagarria»
ANA OLLO Nafarroako Gobernuko presidenteordea
Orain arte, Erreparazio Batzordeak 122 kasu aitortu ditu —horietarik 65 iaz, eta beste hamalau, aurtengo lehen hiru hilabeteetan—. Gainera, beste ehun eskaera inguru jaso dituzte, eta uneotan tramitatzen ari da batzordea.
Azken hamabost hilabeteetan aitortutako 81 biktima horien izenean hitz egin du Txaro Etxetxipia artazuarrak. «Beti izan naiz abertzale eta militante». Halaxe aurkeztu du bere burua. Hamasei urterekin, 1976an, batzar batera joan zen lehen aldiz, eta han atxilotu zuten. Mila pezetako isuna ordaindu eta fitxa poliziala egin zioten.
24 urterekin atxilotu zuten berriz. 72 ordu egin zituen polizien eskuetan: polizia onaren eta txarraren rola jokatzen zuten galdetegiak, kolpeak, mehatxuak, garrasiak… Egun haietako zertzelada batzuk baizik ez ditu deskribatu. Adibidez, komun zikinak, eta gora eta behera egiten zuela eskaileratan. Honako mehatxua ere egin zioten: «’Zu kalean saltoka zoaz poz betean, baina guk hori kenduko dizugu’, esan zidaten».
«’Zu kalean saltoka zoaz poz betean, baina guk hori kenduko dizugu’, esan zidaten poliziek»
TXARO ETXETXIPIA Torturaren biktima
Etxetxipiak aipatu duenez, esperientzia hark beldurra eta izua utzi zion. Oraindik ere arrastoak geratzen zaizkio. «Kotxe handiak nahiago izaten ditut, andere bat naizen itxura izateko polizien aurrean. Irratian ere gaztelerazko sintoniara aldatzen dut haien aurrean. Haientzat, zapal daitekeen txingurri bat naiz».
Aurretik, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendariak azaldu du nolakoa izaten den Erreparazio Batzordeak biktima bakoitzarekin erabiltzen duen metodologia, Istanbulgo Protokoloan oinarritua. «Erantzun tekniko eta zientifikoa da, eta koherentzia klinikoa eta forentsea lehenesten du». Bere esanetan, zuzenbide estatu batek «guztiz debekatuta» behar luke tortura erabiltzea. «Biktimak aitortuta zuzenbide estatu moderno batek eskatzen duen egiarako eta erreparaziorako konpromisoa betetzen dugu.
Kukai dantza taldeko kide bat, argiarekin kantuan, oholtzara igo aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
