Kartzelarik ez Riau-riauaren harira epaitutako bost lagunentzat

Kartzelarik ez Riau-riauaren harira epaitutako bost lagunentzat

2012ko uztailaren 6an izan zen, arratsaldeko laurak aldera, Iruñeko Udaletxe plazan. Orduko alkateak, UPNko Enrique Maiak, sanferminetako lehen eguneko Riau-riaua ospatzeko asmoa iragarria zuen lehendik. Korporazioa udaletxetik irtetekoa zenean, ordea, istiluak piztu ziren plazan bildutako hainbat pertsonaren artean, eta bertan behera gelditu zen ekitaldia. Hurrengo egunetan, hainbat pertsona atxilotu zituen Poliziak, eta, orotara, bederatzi lagun auzipetu zituzten, gertakarien harira.

Azkenean, horietako bostek epaiketa izan zuten joan den astean, Iruñean. Akordioa erdietsi zuten han auzipetuen defentsak eta fiskalak. Horren arabera, zigortuak izan dira bost auzipetuetatik lau, baina batek ere ez du kartzelan sartu beharko. Orotara, hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote epaitutako bati, eta hamabi hilekoa beste biri. Laugarrenari zigor ekonomikoa ezarri diote, eta absolbitu egin dute auzipetutako azkena.

Kartzelarako zigorrak, beraz, ez dituzte bete behar izango epaitutakoek. Azken arrazoi hori dela-eta bat egin du defentsak akordioarekin, nahiz eta Mikel Auza auzipetuak dioenez ez dauden ados hitzarmenak jasotako edukiarekin. “Riau-riaua boikoteatzeko talde antolatua ginela dio akordioak, eta hori ez da egia”. Dioenez, “lagun batzuekin” egon zen bera Udaletxe plazan, eta lagun horiek ez dituzte epaitu. Gainera, berarekin batera plazako istiluetan egon izana leporatuta zigortu dituzten bi pertsonak ez zituen aurretik ezagutzen. “Beraz, ez da egia talde antolatua ginenik”.

Kronologikoki zerrendatu ditu Auzak 2012ko uztail hartako gertakariak. Azaldu duenez, “tentsiozko giroa” zen Iruñean urte hartako sanferminen hasieran. Bi egun lehenago Gora Iruñea plataformaren jai gunea debekatu zuen udalak, eta, Auzak dioenez, “ordurako ere martxan ziren gobernuan zein udalean funtzionarioen gaineko murrizketak”. Giro horretan zen ospatzekoa Riau-riaua. “Hainbat jende elkartu ginen plazan, politikoki oso ezberdinak, eta bazen zerbait gertatuko zen sentsazioa. Udaltzainen sindikatu batek ere txosten bat egin zuen, eta eskatua zuen ekitaldia bertan behera uzteko, baina alkateak ez zuen kasurik egin. Horri lotu behar zaio egun horretan jendea goizetik hasten dela edaten. Dena elkartu zen: alde batetik, alkohola, eta, bestetik, hainbat aldarrikapen eta ideologia ezberdin”.

Testuinguru horretan piztu ziren istiluak, eta kolpeak izan ziren plazan zeuden hainbat lagunen artean. Ados dago horrekin Auza, baina ez du uste “hainbesterako” izan zenik. Are gehiago, “beste urte batzuetan, 1991n eta 1996an, istiluak askoz handiagoak” izan zirela uste du. Horregatik, gertakariak “handitu” izana leporatu dio Auzak UPNri. Kasua puztu izana, nolabait.

UPN, “etekin politiko” bila

Hain zuzen ere, UPNk gertakari horietatik “etekin politikoa” atera nahi izan duela uste du Auzak. Larrutik pairatu zuen hark, hezkuntza publikoko irakasle gisara, aurreko Nafarroako Gobernuaren kanpaina. “Batetik, mediatikoki ikaragarrizko kanpaina bizi izan nuen nire kontra. Bestetik, Jose Iribasek ere bere kanpaina propioa jarri zuen martxan, ni hezkuntzatik kanporatzeko. Ikuskatzaileekin elkartu zen lehenbizi, eta Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen gero. Jo eta ke ibili zen, baina azkenean erran zioten ez zuela zer eginik. Eta orduan, geroxeago, lista beltzen kanpainari ekin zion; hezkuntzan genbiltzan ezker abertzaleko hainbaten kontra jo zuten”.

Orain, sanferminetan izandako gertakari horietatik hiru urtera iritsi da epaiketa, baina Auza ez dago ados prozeduraren planteamenduarekin berarekin. Dioenez, Udaletxe plazako liskar horretan parte hartu zuten “guztiak” epaitu beharko lituzke auzitegiak, “bai eskuinekoak eta baita gu ere”. Alde horretatik ere ikusten du auzia interes politikoetara lotzeko ahalegina.

Akordioarekin bukatu da prozedura, baina oraindik ere UPN “etekin politiko bila” ari dela uste du Auzak. “Orain arte bilatu izan du, eta egun hauetan ere hori ikusten ari gara”. Zerrendatu ditu, besteak beste, Joseba Asiron alkatea Iruñea Askatasunez taldearekin biltzeagatik UPNk egindako kritikak, baita Mari Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariaren kontra egindako salaketak ere, Auzaren beraren kontra aurreko gobernuak abiatutako akusazio partikularra bertan behera uzteagatik. Auzipetuak dioenez, “gobernu berriak txosten bat egin zuen, eta ikusi zuen Riau-riauan nik izandako jarrerak ez zuela zerikusirik nire hezkuntzako lanarekin”. Horren haritik, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari “eskerrak” eman zizkion Auzak joan den astean, auzitegitik ateratakoan hedabideentzat egindako adierazpenetan.