“Bi arazo ditugu guk, Esa eta Itoitz”

“Bi arazo ditugu guk, Esa eta Itoitz”

Edurne Elizondo

“Segurtasunik ez da”. Horixe nabarmendu du Galipentzuko alkate Karmele Irigibelek (Galipentzu, 1951). Esako paretatik behera da herri hori, urtegiko magaletako lur mugimenduen mehatxupean. Sorterrian lasai bizitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Duela bi aste, Esako urtegia handitzeko lanen batzordeak bilera egin zuen, baina ez zizuten parte hartzen utzi. Zergatik?

Urtegia handitzeko obren aurka agertu delako gure herria. Batzorde hori ez dakigu nondik atera den, baina argi gelditu da bilera egin zuela Ebroko Ur Konfederazioaren mezua zabaltzeko: obrak aurrera jarraitzen duela, eta urtegia segurua dela errateko, alegia. Proiektuaren aldekoen babesa berresteko ekitaldia izan zen konfederazioarentzat.

Segurtasunaren mezu hori sinisten duzu zuk?

Ez. Hainbat adituk erran dutelako ez dela segurua, eta herritarrok ere zuzenean ikusi ahal izan ditugulako Esako magaletan agertu diren pitzadurak eta arrakalak. Zer gertatu zen Esan? Urbanizazioa hustu behar izan zuten lur mugimendu baten ondorioz. Segurua zela erraten jarraitu zuten, baina azkenean etxe horiek desjabetu egin dituzte. Arazoak begi bistakoak dira.

Sortu berri duten batzorde hori Ebroko Ur Konfederazioaren oraingo presidente Raimundo Lafuenteren ekimenez egin dutela uste duzu?

Ezin dugu ahaztu Lafuente zela Esa handitzeko lanen zuzendari. Aurreko presidentearekin ez zen inoiz halako bilerarik egin. Uste dut batzordea osatu dutela proiektu horrekin kontent direnen babesari eusteko. Engainatu dituzte, nire ustez; ureztatzaileek uste dute, adibidez, Esa handituta behar duten ura izanen dutela. Baina ez dituzte hainbat adituk mahai gainean jarri dituzten alternatibak aztertu ere egin nahi. Merkeagoak dira, eraginkorragoak, eta kalte gutxiago eraginen liokete ingurumenari. Baina ez dute horretaz ohartu nahi.

Segurtasun arazoez ere ez?

Ez diete alternatibei so egin nahi. Eta gu gaude erdian. Presatik behera bizi garen herriok bizi gara urtegia handitzeko lanek eragiten duten arriskuarekin. Presatik gora, berriz, sekulakoa da proiektuak ingurumenean eragin duen kaltea. Artiedan izan nintzen lehengoan, eta etsita itzuli nintzen handik. Artadiak txikitu dituzte.

Itoizko urtegia egiten ari zirenean sortu zuten proiektu haren aldeko Uraren Plataforma. Haren antza du Esako batzordeak?

Ekartzen dit gogora, bai, Itoitzen gertatu zena. Plataforma hori, bai eta sortu zuten Itoizko Urtegia-Nafarroako Ubidea Fundazioa ere. Udalei sariak ematen zizkien fundazioak, haien babesaren truke. Orain sortu duten batzorde hau antzekoa dela iruditzen zait. Batere argia ez den modu batez betikoei egin nahi die mesede.

Haiei mesede; kontra zaretenoi?

Atzera egin dezagun lortu nahi dute. Etxean nahi gaituzte herritarrak. Ez dute udalon eta herritarron oposiziorik nahi. Kontuan hartu beharko lukete Nafarroako Gobernua babesten duten taldeak ere urtegiaren aurka agertu zirela, hauteskundeen aurretik. Eta batzordearen bileran ere, entzun behar izan zituen Ebroko Ur Konfederazioak kontrako ahotsak. Ez zuten dena alde izan. Zaragozako Udaleko zinegotzi Teresa Artigas, adibidez, kontra agertu zen. Zalantzak agerikoak dira.

Nola bizi duzue, paretatik behera, egoera hori?

Ez gaude lasai. Eta zaharrak, batez ere, beldur dira. Gerta daitekeenaren beldur. Inor ez dago lasai. Denok bizi gara kezka horrekin. Larrialdi plana badugu, baina hori ez da konponbidea. Herria hustu beharko genuke, zerbait gertatuz gero, eta herritarrak Galipentzuko goiko aldera eraman.

Herria bitan zatituta dago, ezta?

Galipentzuk bi herrigune ditu, bai, bata bertzetik sei kilometro ingurura. Herri zaharra goian dago; eta berria, nolabait erranda, ibarbidean, ibaitik hurbil. Alde horri eraginen lioke Esan gerta daitekeenak.

Larrialdi plana udalak prestatu du?

Bai, udalon ardura da. Kontua litzateke herritarrak goiko aldera eramatea. Talde bat osatu dugu, zeregin horretarako. Herrian 115 pertsona inguru daude erroldatuta. Zenbaitek Iruñean egiten dute lan. Egoera, beraz, ezberdina litzateke egun batean edo bertzean, baina uste dugu 60 pertsona inguru mugitu beharko genituzkeela.

Eta zer epe izanen zenukete hori egiteko?

Ordubete inguru, konfederazioak berak, eta Esa + Ez Lanak Gelditu taldearekin ari diren geologoek egindako txostenen arabera. Tristea da. Ni solidarioa naiz. Baina ez zait ongi iruditzen ustezko elkartasun hori eskatzea, betikoei mesede egiteko. Are gutxiago gure segurtasuna badago jokoan. Eta kasu honetan hori gertatzen ari da.

Zein neurritan baldintzatzen dute Esa handitzeko lanek zuen egunerokoa?

Guri lanek ez digute eragiten. Guri eragiten digu segurtasun ezak. Galipentzuk bi arazo nagusi ditu; bat da Esa, eta bertzea Itoitz. Itoitzen zerbait gertatuko balitz, guri eraginen liguke.

Itoizko segurtasun arazoez gutxi hitz egiten da jada, ordea.

Bai, baina mehatxuak hor jarraitzen du. Ezin dute ziurtatu deus gertatuko ez denik. Baina hori da zabaltzen duten mezua. Eta gertatzen bada? Badira hainbat kasu: Biescas; Tousko presa, Vajontekoa, Italian…

Joan al da jendea herritik, beldurrez?

Gertatzen da aurrera egin bertze erremediorik ez dugula. Borrokan jarraituko dugula argi dugu, eta gure herrian bizi nahi dugula ere bai. Orain, bikote gazte batek landa hotela zabalduko du herrian. Arrisku bat da? bai. Baina aurrera egiten ez badugu, desagertuko gara.

Nafarroako Gobernuak proiektua gelditzeko zerbait egin dezakeela uste duzu?

Presioa egin beharko luke, handitzea bertan behera uzteko. Segurtasunik ez dagoelako.