Ander Perez
Bihar beteko dira bi aste ehunka gaztek, Berpizten mugimenduaren ekinbidez, Iruñeko Compañia kaleko eraikin bat okupatu zutenetik. Ordutik, bertan da Iruñeko gaztetxea. Okupazioak joko politikoaren lehen lerroan jarri du gazteen lokal autogestionatuei buruzko eztabaida, eta, hori dela eta, era guztietako jarrerak azaleratu dituzte alderdi politikoek.
Nasuvinsa Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoa da eraikinaren jabe. Hortaz, Uxue Barkosen gobernuari dagokio, azken finean, okupazioari nola erantzun erabakitzea. Joan den astean, auzia negoziazioaren bidez konpontzeko eta indarrik ez erabiltzeko eskatu zuen Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan. Ganberak, ordea, atzera bota zuen asmoa: kontra bozkatu zuten UPN eta PPk, alde EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak, eta abstenitu egin ziren Geroa Bai eta PSN. Erabakiak, beraz, gaztetxearen etorkizuna zaildu dezake.
Edonola ere, alderdien eztabaida politikotik harago, lanean jarraitzen dute gaztetxean dozenaka gaztek. Egoeraz kontziente dira, baina ez dute horregatik proiektua alboratzeko asmorik. “Hasieratik izan dugu hustearen aukera presente”, dio Ibai Navarro gaztetxeko kideak, “eta segurtasun neurriak hartu ditugu, egoera hori gertatuko balitz prest egoteko”. Edonola, Saioa Lekunberrik dioenez, “printzipioz ez dugu oraindik husterik espero”.
Okupazioaren egunetik bertatik ari dira gazteak Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen, eta, hain zuzen ere, negoziazio horiei eutsi nahi diete, auziari konponbide bat emateko. “Elkarlanean puntu komun batera ailegatzea da gure helburua, gure proiektua garatu ahal izateko puntu batera iristea”, dio Navarrok. Alde horretatik, prest daude bestelako proposamenak aztertzeko, eta ez diote aterik ixten beste lokal batzuetara mugitu ahal izateko aukerari. “Nahiz eta lekua ez izan garrantzitsuena, argi dugu gure proiektua garatzeko espazio bat behar dugula. Hori posible litzatekeen espazio bat eskainiko baligute, eta gure batzarrak onartuko balu, ez legoke arazo handirik”, dio Navarrok.
Bitartean, ordea, Compañia kaleko lokalari itxura ematen jarraitzen dute. “Gure proiektua aurrera eraman ahal izateko lekua egokitzen ari gara”, dio Navarrok. Egunero izaten dira auzolanak eraikinean: hezetasunak eragindako kalteak konpontzen hasiak dira; zementuz estali dituzte paretetako zuloak; eta pintatu dituzte hainbat gelatako hormak ere. Gainera, espazioa nola banatu ere aztertzen hasiak dira, lokalak izango lituzkeen erabilerak kontuan hartuz.
Eraikinaren inguruko bizilagunekin lehen harremanak egiteko ere baliatu dituzte gaztetxeko kideek lehen bi aste hauek, Lekunberrik dioenez: “Dinamika ezberdinak prestatzen ari gara, eta astero bilerak egingo ditugu bizilagunekin. Compañia kalea nahiko lasaia da, baina azken egunetan jende asko pasatu da, eta kalea okupatu dugu. Beraz, eraikin barnera sartzea da gure asmoa, eta bizilagunekin harremanak ongi lantzea”. Dioenez, “denetariko” iritziak jaso dituzte orain arte: “Kexa batzuk, eta baita gauza positiboak ere”. Eta, Navarrok dioenez, “kexei ahal bezain pronto eman zaie buelta, oso konkretuak baitziren”. Argi du inguruko auzokideekin harreman ona izateak duen garrantzia: “Komunitate batean bizi gara; haiekiko errespetua izan behar dugu, eta haiekin batera hainbat arau adostu. Horretan gaude”.
Zazpi hilabeteko bidea
Aurtengo ekainean abiatu ziren gaztetxea lortzeko lehenengo batzarrak, Navarrok gogoratu duenez: “Orain dela zazpi hilabete hasi ziren biltzen Alde Zaharreko hainbat pertsona, gaztetxe bat lortzeko. Proiektua handituz joan zen, eta azkenean kolektibo eta leku askotako jendea bildu da haren inguruan”. Lekunberriren iritziz, denborarekin egitasmoa “izaera zabalagoa hartuz joan da, eta honezkero ez da Alde Zaharreko proiektu jakin bat. Askotarikoagoa da gaur egun”.
Ekainetik orain arteko bidean, asteroko batzarrak egin ditu mugimenduak. Tarte horretan proiektua “zehaztea” izan da eginkizun garrantzitsuenetako bat. Alegia, gaztetxearen izaera eta helburuak definitzea. Eta, Lekunberrik dioenez ,”malgua da” proiektu hori, “egokituz doalako, ekarpen berriak gehituz”. Orain, espazioa eskuratuta, “prozesua beste aro batean” sartua dela uste du gaztetxeko kideak. Eta pozik mintzo da, “askoz jende gehiago ari delako biltzen, jende berria”. Horregatik, “batzar forma berri bat hartzen ari” dela uste du.
Paper gainean idatzitako egitasmo hori praktikara eramatea izango da hurrengo aste eta hilabeteetako erronka. Gaztetxea “jendarte eraldaketa sakon eta zabal baterako” tresna bilakatzea, alegia. Eta bide horretan deia egin diete gaztetxeko kideek gizarte mugimenduetako kide eta kolektiboei, “proiektuan modu aktiboan parte hartu dezaten”. Izan ere, Navarrok dioenez, okupazioak “ilusio handia” piztu du herri mugimenduko jendearengan. “‘Bazen garaia’ da nik gehien entzun dudan esaldia”.
Ikusteko dago zeintzuk izango diren gaztetxearen hurrengo urratsak. Eta ikusteke dago zein izango den instituzioen erantzuna ere. Oraingoz, Compañia kaleko eraikinean geratzeko asmoari eutsi diote, eta irmo defendatzen dute okupazioaren alde egindako hautua. Izan ere, Lekunberrik dioenez, “proiektua instituzioetatik at garatzeak autonomia ematen dio proiektuari berari”. Eta Navarrok zera gehitu du: “Bada tempo kontu bat ere: ikusi izan dugu nola luzatzen diren denboran instituzioek utzitako lokalen esperientziak”.
Edonola ere, eta oraingoz okupatutako lokalean geratzeko asmoa agertuta ere, argi utzi dute: espazio fisikoa ez da garrantzitsuena. Lekunberrik azaldu du kontu hori: “Oinarritzat hartu ditugun balioak gizartera hedatzea da gure helburua. Toki honetan balitz, primeran, baina batez ere proiektua garatzea da interesatzen zaiguna”. Eta bide horrek, zehaztu dutenez, toki batean zein bestean, aurrera jarraituko du.