Zerga erreforma, onartuta

Zerga erreforma, onartuta
Hurrengo bi urteetan 127 milioi euro biltzea espero du Nafarroako Gobernuak zerga erreforma horri esker. Gaur osoko bilkuran aldaketaren aldeko indarrek onartu egin dituzte Errenta, Sozietate, Ondare eta beste hainbat zerga aldatzeko foru legeak. UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute.Berritasunetako bat da Erregaien gaineko Zerga (24 zentimo litroko), eta horri esker beste 16 milioi euro inguru biltzea espero du Ogasunak. Iragan urte amaieran PSNk, UPNk eta PPk onartutako zerga erreformak datorren urtean diru sarreretan eragin dezakeen murrizketa konpentsatzeko balioko du. Aztertzen ari dira 2017an ere ezartzea.Geroa Baiko Jokin Castiellak nabarmendu du “apustu zintzoa” dela eta uneko errealitate sozioekonomikoari erantzuten diola erreformak. EH Bilduko Adolfo Araizek aipatu du Europako batez bestearekiko zerga presioa 10 puntu txikiagoa dela eta “hobetzeko tartea” badagoela. “Motz geratzen da, baina norabide onean doa”, ondorioztatu du Ahal-Dugu-ko Fatima Andreok. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek goraipatu du legealdi honetan garrantzi handiko lehen legea dela honakoa: “Bere edukiarekin pozik gaude, norabide egokia duelako”.

Ez datoz bat posizio horiekin UPN, PP eta PSN. Juan Luis Sanchez Muniainek (UPN) kritikatu du oraingoan Nafarroak bere zerga ahalmen propioa “herritarren aurka” erabiliko duela. Bere hitzetan, zerga erreforma horrek arrazoia kentzen die Itun Ekonomikoa berezko erreminta ona dela dioten argudio zentralistei. PSNko Ainhoa Unzuren ustez, “erreformaren aita” Adolfo Araiz da, batzordeko eztabaidan gehien hitz egin zuen eleduna izan zelako. PPko Ana Beltranek, berriz, ez du oso gustoko izan Araizek Nafarroa Europarekin alderatu nahi izatea: “Eta zergatik ez munduarekin?”.

Erreformaren edukia

Hainbat zerga moldatuko dituzte. Errenta Zergan 30.000 eurotik gorako oinarri likidagarriei bat eta lau puntu artean igoko zaie zerga tasa. Kapital etekinen gaineko tasak igo egin dira, eta etxebizitza erosteagatik kenkariak kenduko dira.

Sozietate Zergan, enpresa handiei %25etik %28ra handituko zaie zerga tasa, eta enpresa guztiek gutxienez etekinen %13 ordaindu beharko dute. Ondare Zergan, berriz, zerga ez ordaintzetik libre geratzeko muga 800.000 eurotik 550.000 eurora jaitsiko da. Era berean, aitorpena egitera behartuko dituzte milioi bat euroko ondarea duten zergadunak.

Osoko zuzenketak atzera

Aurretik, 2016ko aurrekontu proiektuaren inguruan eztabaidatu dute taldeek. Aurrekontuei UPNk, PSNk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte aldaketaren aldeko indarrek, eta, hartara, aurrekontuek bere bidea egiten jarraituko dute.

Bitxikeria moduan, bozketan, PSN abtenitu egin da PPren eta UPNren osoko zuzenketan eta bi alderdiok, aldiz, PSNren zuzenketaren alde egin dute. Jarrera horregatik galdetu dio Ana Beltranek PSNri, eta “estatu interesen gainetik, interes alderdikoiak” izatea leporatu dio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.