Maite Aranburu: “Jaia urtarrilean egiteak balio du ikusteko negua zer gogorra den Itzaltzun”

Maite Aranburu: “Jaia urtarrilean egiteak balio du ikusteko negua zer gogorra den Itzaltzun”

Ander Perez

Urteroko saiorako prestakuntzan dabil Maite Aranburu (Azpeitia, 1979) Gartxot Ekimeneko kidea. Itzaltzuko Gartxot bardoaren kondaira ezagutarazi eta euskara zabaltzeko lanean dihardute. Bardoa hil zeneko Elkorretarainoko bidearen konponketa izan da orain arteko fruituetako bat.

Zein da Gartxot Ekimenaren jatorria?

Lehenengo bilera 2008ko urtarrilean egin genuen. Urte hartan Itzaltzuko udaletxean elkartu ginen Itzaltzuko herritar batzuk eta baita Gartxoten kondairaren inguruan lan egin zuen hainbat jende, Asisko Urmeneta edo Juanjo Elordi, besteak beste. Gu Itzaltzun konturatuta geunden, nahiz eta jendeak oro har kondaira ezagutu, Itzaltzuko herrian bertan ez zegoela Gartxoti buruzko ezer. Bilera horretan sortu zen Gartxoti plaza ondoko zuhaiztian tailu bat jartzeko ideia. Hori izan zen Gartxot Ekimenak egin zuen lehenengo ekintza, 2009ko urtarrilean. Ekitaldi xume bat egin genuen, eta han jarri genuen Gartxoten tailu hura.

Ordutik zabaldu da taldea, ezta?

Hori da. Urtero urtarrilean elkartzen hasi ginen Gartxoten inguruan hitz egiteko, eta pentsatzeko aurrera begira nola zabaldu genezakeen kondaira. Gero, dena azkartu zuten bai Gartxot filmak eta bai ondorengo liburuak ere.

Kondaira ezagutaraztea bidea da beste hainbat gai zabaltzeko.

Bai. Gartxot Ekimenak, bai hasieran taldea sortu genuenean eta baita gero 2013an elkarte forma hartu zuenean ere bazkide kanpaina batekin, beti izan ditu hiru helburu: Gartxoten kondaira zabaltzea, euskara bultzatzea eta auzolanari indarra ematea. Auzolan horren fruitu izan da Gartxot Ekimenaren helburuetako bat zena: Itzaltzutik Elkorretara, Gartxot hil zeneko kobazulo hartarako bide hori markatzea, jendeak egin ahal izan dezan, eta jakin dezan kondaira benetakoa dela eta han dagoela gure Gartxoten kobazuloa.

Gartxot Ekimena urte osoko jarduna da, eta antolatzen duen ekintzetako bat da asteburu honetako Gartxot Eguna.

Hori da. Gartxot Ekimena elkarteak urte osoan antolatzen ditu ekintza ugari. Egia da ekintzarik garrantzitsuena dela asteburuan antolatuko duguna, Gartxot Eguna. Baina badira ekintza ezberdinak: urte barruan antolatzen ditugun bizpahiru auzolan, Elkorretarako bidea txukun eta garbi mantentzeko, seinaleak markatuz eta sastrakak kenduz. Uda hasieran, udari ongi etorria emateko Udamuga festa antolatzen dugu ekainaren 23an. Abuztuan txikientzako egun berezi bat egiten dugu, Mikelot Eguna. Gero, urte osoan, saiatzen gara gure inguruan, Zaraitzu bailaran, antolatzen diren euskara jarduera guztietan parte hartzen. Aurten, duela bi urte bezala, Bardoak 2016ko saio bat egingo dugu Otsagabiako Gartxot elkartean, otsailean.

Zein izan da Gartxot Egunaren bilakaera?

2009ko urtarrilean hasi ginen, eta hasieran izaten zuen ekitaldi formatu xumea. Gero joan izan da pixka bat handituz. Handitze horretan, erru handia izan du Elkorretako bide hori prestatzeak. Argi genuen ibilbide horrek rol garrantzitsua izan behar zuela Gartxot Egunean, eta horrek esan nahi zuen egun bateko ekitaldiak bitara luzatzea. Formatu aldaketa ekarri zuen horrek. Gainera, kontuan hartuta Euskal Herriko zazpi probintzietako jendea inguratzen dela, aitzakia ederra zen asteburu osoko plana egiteko.

Gartxoti buruzko filmak ere lagunduko zuen jaia zabaltzen.

Bai. Jendeak Gartxoten kondaira beti jakin izan du Arturo Kanpionen istorioa irakurrita edota Benito Lertxundiren kanta entzunda. Ondoren komikia ere egin zuten Asisko Urmeneta, Marko Armspache eta Jokin Larreak. Baina egia da gazteengana heltzeko parada mundiala izan dela filma, eta hori nabaritzen da urtero.

Aipatu izan duzue: ez da kasualitatea jaia urtarrilean ospatzea.

Ez, eta beti izaten da bileretako eztabaida: “Zergatik ez dugu aldatzen maiatzera edo abuztura?” Hemen bertan bizi garenok esaten dugu datak laguntzen duela negua Itzaltzun zer gogorra den ikusteko. Gartxoten kondaira ere oso gogorra da, Elkorretan hil zen negu gogor baten ondoren; beraz, jendea etor dadila, eta ikus dadila 25 pertsona bizi garen herri txiki honetan guk ere behar dugula halako energia ziztada bat, eta urtarrilean behar du horrek; abuztuan dena da oso polita hemen.

Elkorretarako martxa izango da, aurten ere, egitarauan nagusi, eguraldia edozein delarik ere.

Iaz elurra zegoen, eta han abiatu ziren 65 bat pertsona elur erraketekin. Oso gustura bueltatu ziren. Bai eguraldi txarrarekin, eguzkipean zein euripean, egun horretan Elkorretara iristen da jendea.

Bada umeentzako alternatibarik, hala ere.

Bai, beti saiatzen gara txikientzako gauzak prestatzen, eta aurten ere 11:00etan elkartuko gara karpan, eta dantza eta jolas tailerra izango dugu haiekin.

Edonola, orain arte ohikoak izan diren ekitaldiak, bertso saioa edota elkartearen batzarra, ez dira aurten izango.

Saiatzen gara ekitaldietako bat Itzaltzutik atera eta bailarara eramaten. Ekitaldi hori Ezkarotzeko Ibar Etxean egin ohi dugu. Iaz Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi etorri ziren kantatzera, eta Asisko Urmeneta eta Dani Fanok margotzen zuten haiek kantatzen zutena. Aurten, horren ordez, Amama filma emango dugu, transmisioaren istorio honekin zerikusia daukalako. Batzarrari dagokionez, ikusi genuen ez zela eraginkorra izaten egun horretan. Gainerakoan antzekoa da egitaraua, afaria eta. Txartelak bukatu dira dagoeneko, 225 pertsonarentzat. Betiko arazoa da, baina karpan ez da jende gehiago sartzen.

Beldur al zarete, festa masifikatuko ote den?

Oraingoz ez, baina urtero aipatzen den kontua da. Uste dut karpa handiagorik ezin dugula jarri. Aurten mugitu behar izan dugu plazatik ondoko aparkalekura, eta pixka bat handiagoa da karpa. 250 pertsonara irits gaitezke, baina uste dut ez genukeela hortik pasatu beharko.