“Farmazia industriak gaixo kronikoak nahi ditu”

“Farmazia industriak gaixo kronikoak nahi ditu”

Asier Garcia Uribarri

“Naturari bizkar emanda bizi gara”. Argi du Patxi Uriz fotokazetariak (Gares, 1964) zein mezu zabaldu nahi duen. Munduan gora eta behera ibiltzen da Uriz lanean, bidaia erreportajeak egiten. Baina bidaiarik garrantzitsuena norberak barrura begira egin behar duena dela uste du. Hala egin du berak Hijos de la Tierra (Lurraren seme-alabak) lanarekin.

Zer sentitu zenuen saria jasotzean?

Goya sarietarako hautatua izatea bera saria da. Baina behin hautatu ostean, neure buruari esan nion: “Hona heldu garenez, irabazi beharko dugu”. Hala ere, nire saria izan da bidean topatu ditudan xaman, druida eta belar biltzaile guztiak ezagutzea. Eurek erakutsi didate naturarekin lotuta egon behar dugula gure inguruko jakintzak ezagutzeko. Pertsona horiek ezagutzea hamar Goya irabaztearen moduko saria da. Bizitza aldatu dit honek. Horregatik, hizketaldia hasi nuenean esan nuen: “Gora bizitza, Paco!”. Sariak poz handia eman dit, baina, bereziki, mezu honi ahotsa ematen jarraitzeko aukera da. Bere garaian dokumentala Goya sarietara aurkeztu nuen zarata ateratzeko, eta, antza, nahikoa burrunba sortu du.

Asmoa duzu bide honetatik jarraitzeko?

Bai, noski. Grabaketa ordu mordoa ditut, eta nire asmoa da Hijos de la Tierra-ren bertsio luze bat egitea, beste izenburu batekin. Dagoeneko lanean ari naiz proiektu horretan, kontzientziak pizten jarraitzeko.

Dokumentala egiteko 150 ordu eta 70 elkarrizketatu grabatu zenituzten.

Elkarrizketa asko egin ditugu, baina dokumentalean hamalau lagun baino ez dira sartu; Lurreko hamalau apostoluak deitzen ditut nik. Laburpen lan ikaragarria izan da. Horregatik, jendeak ikusten duenean, gehiago jasotzeko gogoz gelditzen da.

Hijos de la Tierra duela lau edo bost urte hasi zen, eta proiektua aldatuz joan da. Azaldu dezakezu garapena?

Proiektua INAAC Zinemaren Nafarroako Institutuko laguntzetara aurkeztu genuenean Navazonia izena jarri genion proiektuari. Dokumentalaren gaia zen botaniko batek bizi zuen kultur trukea Amazonia eta Nafarroaren artean. Aurretik, botaniko horrek eskatu zidan liburu bat prestatzeko Iberiar penintsula eta Amazoniako sendabelarrei buruz. Lurrak ditu Amazonian, eta han, landareekin ikerketak egiten ditu. Berak aurkeztu zizkidan oihaneko xamanak. Baina lanean hasi ginenean, beste pauso bat eman behar genuela iruditu zitzaigun. Elkarren ezaguna den kazetari batekin elkartu, eta dokumentala egitea erabaki genuen.

Proiektuan Amazoniatik harago joan zineten.

Bai, gure Brasilgo produktorearekin Mexikora bidaia egin nuen. Horrez gain, Zeanuriko [Bizkaia] Mogor ordeneko druidekin egon nintzen, eta eurek eraman ninduten Aveburyko [Ingalaterra] artxidruida handiarengana. Gainera, Iberiar penintsulako hainbat belar biltzaile elkarrizketatu ditut. Baina benetan kosta zaidana belar biltzaile euskaldunak topatzea izan da. Azkenean, Oiartzunen [Gipuzkoa] topatu nituen: Mitxelena ahizpak. Bosgarren belaunaldia dira senda belarrak lantzen dituztenak.

Zergatik da beharrezkoa dokumental hau?

Lan honekin frogatu dugu naturari bizkar emanda bizi garela, eta ez gara konturatzen gure bizi iturri nagusia denik. Guretzat garrantzitsua da mezu hori zabaltzea: materialismoa eta kontsumo gizartea albo batera uzteko beharra dugu. Kreditu txartelekin zoriontasun kuotak erosten ditugula uste dugu. Baina, erosi ahala, gero eta gehiago erosi behar dugu zoriontsu izateko. Gauza bera gertatzen da erlijioekin. Erlijio monoteistek nahi dutena da jendeak artaldeari jarraitzea, eta norbera ez dadila erlijio aldetik garatu. Jendeak eskubidea du erlijioa nahi duen bezala bizitzeko. Ni sinestuna naiz, eta erlijioa nire erara praktikatzen dut. Nik uste dut jainkoa badagoela, guztiaren sortzailea dena, eta oso eskertuta nago. Baina ez dut onartzen besteek sailkatu eta estutu nazaten.

Dokumentalean farmazia industriari kritika handia egiten zaio. Nola aurre egin ahal zaio errealitate horri?

Estatistiken arabera, sendagaien kontsumoa munduko bigarren edo hirugarren heriotza kausa da. Abusua dago. Gezurrezko gaixotasunak sortzen ari dira. Juan Gervas medikuari entzun nion mediku batek hiru gauza behar dituela: ezagutzak, kontzientzia eta ausardia. Txina zaharrean medikuek kobratzen zuten pazienteak osasuntsu zeuden bitartean. Egun, gaixotasunak asmatzen dituzte. Gervasek dio norbaiti senide bat hiltzen zaionean pertsona horrek dolu natural bat pasatu behar duela. Orain, ordea, horrelako kasuetan medikuek sendagaiak agintzen dituzte, badaezpada. Hamabost egun pasatu ostean norbaitek gaizki jarraitzen baldin badu, depresioa izan dezakeela uste dugu. Josep Pamiesek argi dio sendatzea ez dela negozioa. Farmazia industriak gaixo kronikoak nahi ditu. Hala ere, nik ez dut uste medikuntza mota baten edo bestearen artean aukeratu behar denik. Biek elkar elikatu behar dute.

Non ikus daiteke Hijos de la Tierra dokumentala?

Nafarroako filmotekan maiatzean programatu dute, eta ziur nago aukera gehiago egongo direla. Hala ere, dokumentalaren webgunean DVDa eska daiteke, eta Vimeon ere ikusgai dago, 1,84 euroren truke.