E. Elizondo
Zinemaren esparrua berezkoa du Alberto Cañadak (Iruñea, 1962). Saide etxetik ailegatu zen, 2011n, Nafarroako Filmotekara.
Saiden ia hogei urtez aritu eta gero, zer iruditzen zaizu Carlos III zinema aretoen itxiera?
Pena handiz hartu dut berria. Baina, azkenean, ezin dugu ahaztu Saideren atzean higiezinen enpresa bat dagoela; tamalez, bertzelako interesak sartzen dira tartean.
Ez dira emaitzek behartutako itxiera bat, zure ustez?
Seguru nekien zinema ikusleak berreskuratzen ari zela. Erdialdean halako eraikin bat izateak, baina, etekin gehiago ematen ahal du bertzelako hainbat jardueratara bideratuz. Nik uste dut gehiago irabazteko aukerak ekarri duela erabakia.
Zu hasi zinenean areto bakarreko zinema zen, ezta?
Bai. 1.300 eserleku zituen areto handia zuen zinemak. Banatzaileen eraginez gertatu zen aldaketa, neurri handi batean; presio handia egiten zuten film bat edo bertze estreinatzeko. Aretoa betetzea ere ez zen erraza.
Erdialdea zinema aretorik gabe gelditu da. Filmoteka ere ez da erdigunean. Hainbat eragilek kritikatu dute. Zer deritzozu?
Eragile horiekin bat egin dut, hasieratik. Nik ere argi dut filmotekak erdigunean behar zuela egon. Akaso ideia hori berriz bultzatzeko garaia da.
Golem aretoak kenduta, gainerakoak merkataritza guneetan dira, hiritik kanpo.
Gisa horretako zinema aretoek kontsumo eredu jakin batekin dute lotura. Halakoetara joaten direnak ez dira, berez, zinemazaleak; krispeta eta hanburger zaleak dira, batez ere; berdin kontsumitzen dute gisa horretako janaria eta zinema.
Bidea hori da, halabeharrez?
Nik uste dut ezetz. Nik uste dut, azkenean, estreinaldiak ere etxean ikusiko ditugula. Uste dut hainbat aretok baino ez diotela eutsiko, estreinaldi bereziak egiteko. Baina gainerako filmak etxean ikusiko ditugula. Horretarako sistema garatuko dutela, etxean filmoteka birtual modukoa izateko, nahi duguna ikusi ahal izateko. Nik uste dut eredu hori ezagutuko dudala.
Filmotekak ere izan ditu gora-beherak. Gobernuak Nafarroako Zinemaren Institutua bertan behera utzi zuen 2014. urtean. Nola eragin dizue erabakiak?
Filmotekak bi arlo ditu: artxiboa da bat, eta programazioa bertzea. Artxiboaren ardura orain Liburutegi Zerbitzuaren esku da, eta nire ardura da programazioa. Nik uste dut institutua sortzea izan zela Nafarroako ikus-entzunezkoen arloan berri nagusietako bat, baina martxan jarri zuten agintari berberek erabaki zuten bertan behera uztea. Ez dut inoiz ulertuko erabaki hori. Akatsa izan zen. Institutua bazen modu bat ikus-entzunezkoen inguruko guztiak erakunde bakar batean zentralizatzeko. Jendeak bazekien nora jo.
Erabaki horrek erakusten du zinemaren aldeko apusturik ez dela?
Kulturaren esparrua beti da azkena aurrekontuetan. Nire irudipena da egoerak bultzatzen duela gastu gutxi duten proiektuak egitea, lagun artekoak. Politikarena berehalako emaitzen esparrua da, eta kultura ez da horrelakoa. Egiten den inbertsioaren emaitza, anitzetan, ez da berehala jasotzen. Nik uste dut sortzaileak badirela; badela mugimendua, eta teknologia berriek erraztu dituztela prozesuak.
Filmotekaren lana ere bada egiten den hori zabaltzea?
Filmotekaren lana da gordetzea eta erakustea. Eta gordetzen duguna erakustea. Ikusleen esku jartzea, ikus-entzunezkoen inguruko kultura aberasteko egokitzat jotzen dugun hori. Eta hori egitea inolako aurreiritzirik gabe.
Zure esku dago programazioa; zeintzuk dira zure irizpideak?
Nik ia ezeri ez diot ezetz erraten. Hori da nire irizpide nagusia. Ez dut aurreiritzirik; ez aspaldiko zuzendarien lanari buruz; ezta orain egiten denari buruz ere. Hala ere, beti saiatzen naiz oreka bilatzen.
Zer-nolako erantzuna jaso duzue?
Hagitz ona. Helburutzat hartu genuen batez beste 50 ikusle izatea saio bakoitzeko, eta kopuru hori bikoiztu egin dugu. Ehun ditugu, bai eta gehiago ere. Ikusle fidelak dira, gainera.