“Txanpon beraren bi aldeak dira NATO eta TTIP akordioa”

“Txanpon beraren bi aldeak dira NATO eta TTIP akordioa”

Edurne Elizondo

Giza katea eginen dute bihar, Iruñean (17:30ean, kartzela zaharrean), Nafarroak 1986. urteko erreferendumean NATOtik atera nahi zuela bozkatu zuela gogoratzeko. 30 urte pasatu dira erakunde militar horri buruzko galdeketa egin zutenetik. Gogoan ditu Andoni Romeok (Alesbes, 1960) orduko protestak, eta ikasitako lezioak jarri ditu, orain, mahai gainean.

Zer oroitzapen duzu duela 30 urteko erreferendumari buruz?

Ekologismoaren eta nuklearren aurkako mugimendutik ailegatu nintzen ni antimilitarismora, eta haren eskutik parte hartu nuen NATOren aurkako kanpainan. Oroitzen naiz hamaika protesta egin genituela, hamaika parodia. Gauzak aldatzeko asmoz aritu ginen kalean lanean, eta posible zela uste genuen. Ez genuen lortu, ordea.

Nafarroan ezetzak irabazi zuen.

Bai. Nafarroan helburua bete genuen. Baina erabakia ez zegoen hemen.

Bardean tiro eremua egoteak izan zuen eragina ezezko horretan?

Nik uste dut baietz. Bardeako tiro eremuarekin NATO etxean dugu. Iaz, adibidez, ariketa militarrak egin zituen NATOk Bardean. Tiro eremuari buruz galdeketarik ez da inoiz egin. 2001. urtean, kontratua berritu behar zutenean, Bardea Desarmatua 2001 izeneko taldea sortu genuen, eta bi inkesta egin genituen. Haien arabera, jendea ez zen tiro eremuarekin ados. 2001eko kanpaina hari esker, ia lortu genuen tiro eremuaren kontratua ez berritzea. Hainbat udalek erabakitako botoa aldatu zuten, ordea; zenbait herritan, halaber, udalak bozkatu beharrean, alkateak eman zuen botoa. PSN izan zen giltza; alderdi hori bere jarrera aldatuz joan da. Orain beste gehiengo bat izan dezakegu, halere. Eta hori garrantzitsua da.

Egin beharko litzateke galdeketa tiro eremuari buruz?

Nik uste dut baietz, egin beharreko gauza dela, eta uste dut irabaziko genukeela, gainera. Gehiengoak ezezkoa emanen liokeela tiro eremuari.

NATOri buruzkoa orain berriz eginen balitz ezezkoak irabaziko luke berriz, zure ustez?

Zaila da erratea. Nik uste dut emaitza oso parekatua izanen litzatekeela. Uste dut, halere, antimilitarismoaren aldeko lana zailagoa dela, gaur egun.

Intsumisioaren aldeko mugimenduak sekulako indarra izan zuen Nafarroan. Antimilitarista izan zen derrigorrezko zerbitzu militarraren aurkako kanpaina hura. Hustuz joan da mugimendua?

Egia da behera egin duela, eta, gaur egun, gutxiago gara. Baina mugimendu antimilitaristak eta intsumisioaren aldeko kanpainak lortu zutenak arrasto bat utzi dute. Eta sumatzen da arrasto hori oraingo hainbat talderen diskurtsoetan. M-15 mugimenduan sumatu da, adibidez. Hemen, akaso, ez hainbeste, baina Madrilen eta beste hainbat tokitan bai.

Erakunde militarra izan arren, NATOk bakearen aldekotzat saltzen du bere burua.

NATOren argudioa beti da bera, esku hartzen duen toki guztietan: bakea ezartzeko asmoz aritzen dela. Orain errefuxiatuen auzian esku hartuko du. Ez ditugu gure herrietan hartzen errefuxiatuak, eta NATO bidaltzen dugu. Ikaragarria da. Ez dakit jendeak mezu hori sinesten duen edo ez, baina iruditzen zait herritarrek uste dutela zaila dela gauzak aldatzea. Behin NATOn sartuta, oso zaila izanen dela ateratzea. Horregatik, erakunde horrek dituen egoitzetan egiten zituzten protestek behera egin dute. Nafarroan ere bai.

Urtero badira protestak Bardeako tiro eremuaren aurka, halere.

Bai, eta hori garrantzitsua da, kontrako jarrera hori dagoelako oinarrian. Ez da galdu. Gure erronka da auzia berriz ere agenda politikoan jartzea. 2018. urtean kontratua berrikusiko dute; aukera bat dugu hor lantzeko. Erriberan bi talde daude tiro eremuaren aurka lanean; ez dago sintonia handirik haien artean; gure lana izan daiteke bitartekari izatea, denen lana elkarren osagarri bilakatzeko.

PSNren jarrera aipatu duzu tiro eremuari buruz. NATOri buruzko erreferendumean ere esanguratsua izan zen sozialistek erakutsitako jarrera aldaketa. Zer deritzozu haien jokabideari?

Nik uste dut sozialistek pentsatu zutela NATOtik ateratzeko urratsa eginez gero haien gobernua oso erradikaltzat joko zutela. Azkenean, egoerak irentsi egin zituen. Eta ez zen bakarrik NATOren afera izan. Intsumisioaren garaian, adibidez, sozialistek jendea bidali zuten kartzelara soldaduska ez egiteagatik.

NATOren barruan jarraitzeak zer ekartzen du, gaur egun?

Ekartzen du estatuaren gastu militarra erakunde horren helburuetara egokitzea. Eta ez da gutxi. Azken urteotako testuinguruan, krisia piztu aurretik egindako inbertsioek eragindako zorra ordaindu gabe dagoela nabarmendu behar dugu. Hainbat ministrok onartu dute, gainera, inbertsio horietako zenbait alferrik egin dituztela.

Espainiak 1986ko erreferendumean ezarritako baldintzak ez ditu bete, gainera.

Egitura militarrean sartu zen, adibidez. Siriatik, Afganistandik edo Iraketik jendeak ihes egiten du gerra bat izan delako. Espainiak eta NATOk gatazka horiek lagundu dituzte. Udaberri Arabiarra gertatu zenean, herritarrak modu baketsuan altxatu zirenean, deigarria da hemengo agintariek ez zutela deus egin laguntzeko. Baina protesta horiek gatazka armatu bilakatzen direnean, orduan erabakitzen dute parte hartzea. Libia eta Siria dauden bezala daude orain, eta Mendebaldearen esku hartzeak hiru buruko munstroa sortu du.

Etekina lortzea da kontua?

Bai, etekin ekonomikoa dago, bai eta herri horietako natur baliabideekin lotutakoa ere. Baina bada gehiago; bada asmo bat toki estrategiko horietan kokatzeko. Toki horietan eragin ahal izateko.

Testuinguru horretan, zer ekartzen ahal die urteurrenak erreferenduma ezagutu ez zutenei?

Duela 30 urte jendeak bere iritzia emateko eskubidea izan zuen. Behin bakarrik izan dugu eskubide hori, eta inportantea da gogoratzea, behintzat. Beste lezio bat eman zigun erreferendumak: gobernua eta hedabideak baiezkoaren alde ziren, eta, halere, tarte txiki batek eman zien garaipena. Beste mundu bat posible dela erakusten digu horrek. Nazioarteko harremanei eta armaden rolari buruzko hausnarketa behar da. NATOtik kanpo egoteko formulak badira. Finean, NATO zertarako dago? Mendebaldeko gizartearen hegemonia militarra ezartzeko mundu osoan. Baina bilatu behar ditugu bertzelako harremanak, parekotasuna oinarri izanen dutenak. Ez arlo militarrean bakarrik. NATO eta TTIP txanpon beraren bi aldeak dira; akordio horrek Mendebaldearen hegemonia ekonomikoa ezarri nahi baitu. Beste bideak landu behar ditugu.