“Etxekotzat du jendeak Xorroxin”

“Etxekotzat du jendeak Xorroxin”

Edurne Elizondo

Musika jartzen hasi zen Josetxo Apezetxea (Erratzu, 1965) Xorroxin irratian. 1992tik ari da esatari lanetan. Onartu du zaila egin zitzaiola hasieran, baina moldatuz joan dela. Harena da, egun, irratiko ahotsik ezagunenetako bat.

35 urte bete berri duzue. Urteurren gazi-gozoa da?

Bai. Garai zaila da oraingoa guretzat. Hirugarren urtea da lan erregulazio txostena dugula, diru sarrerak eta irteerak ez baitziren orekatzen. Hori egiteko beharra izan dugu. Hori ez da sobera goxoa. Azken bost urteotan okertuz joan da egoera. Jakina da aurreko gobernua 2009tik hasi zela laguntzak murrizten, eta 2011n bazter utzi zituen, erabat. Ezinegona eragiten zigun guri egoera horrek, urteko aurrekontua taxutzeko ez baikenekien nola jokatu. Ea orain zerbait moldatzen den. Argi dugu, edozein modutan, egun batetik bertzera ez dela konponduko egoera.

Oraingo gobernuak iragarri du euskarazko hedabideentzako laguntzen deialdia berreskuratuko duela.

Bai. Laguntzak emanen dituela erran du, eta diru sail bat ere zehaztu du horretarako. Gobernuak berak onartu du, halere, ez dela nahikoa. Hor dago, hala ere. Gauza da batetik etortzen ahal dena bertze aldetik desagertzen ahal zaigula, ematen baitu Eusko Jaurlaritzak ez duela laguntzarik banatuko nafar hedabideen artean, Nafarroako Gobernua berriz hasiko delako bereak banatzen, hain zuzen ere. Beraz, nik uste dut egoera ez dela askorik aldatuko guretzat.

Herritarren artean egin duzue kanpaina, laguntzaileak lortzeko. Hortik etor daiteke behar duzuen konponbidea?

Zaila da duela hamar urteko egoerara itzultzea; ez bakarrik irratigintzan. Edozein arlotan ikusten da zaila izanen dela lehengo egoera horretara itzultzea. Baina aurrera jarraitzeko oreka behar dugu, segurtasuna, eta hori lortzeko bidean egin genuen bazkidetza edo laguntzaileak lortzeko kanpaina hori, iaz. Egia erran, emaitza aski polita izan da, 500 laguntzaile inguru baditugulako, eta horrek diru sarrera bat bermatzen digu. Urrats handia egin dugu, baina ez dut uste erraza denik ere bide horretan anitzez gehiago lortzea.

Jende anitz dagoelako laguntza eske?

Hori da. Gure asmoa da aurtengoa izatea lan erregulazio txostena dugun azkena. Urteko gastuak eta diru sarrerak orekatzea eta gure burujabetasuna berreskuratzea. Egia da hainbat hedabide eta jende badela laguntza eske. Hedabide horietako hainbat sarean ere bagaude. Nik uste dut, halere, tokiko hedabideak beharrezkoak direla. Hemengo jendeari galdetuz, hurbiltasun hori estimatzen dute, hemengo errealitateari lotutako hedabidea izatea, eta hemengo hizkuntzan. Kontua da denon artean eraginkorrago izateko zer egin. Badira sareak. Arrosa sarean gaude, bai eta Tokikomen ere.

Babesa ematen dizue sare horietan egoteak?

Bai. Tokikomen ez gaude aspalditik, eta uste dut oraindik bidea egiteko garaian garela. Hutsune eta gabeziak badira betetzeko, baina ari dira urratsak egiten ere. Hortik ere, bertzeak bertze, erran.eus martxan jarri da gure eskualdean. Hor, bertzeak bertze, Xorroxinek eta Ttipi-Ttapak bat egiten dute. Agerkari digitala da, eta ematen du etorkizuna hor dela. Gu saiatzen ari gara, eta horren adibide da erran.eus. Oraindik hobetu beharko dugu zerbait, baina gero eta erabiltzaile gehiago ditu.

Teknologiaren esparruan urrats handia egin dute hedabideek; irratia egiteko modua ere anitz aldatu da?

Aldatu da teknologia, eta aldatu dira baliabideak. Aurrrera egin dugu. Gainerakoan, irratiaren mamiak edo funtsak hor jarraitzen du. Garai batean, kaseteak erabiltzen genituen, eta orain, dena digitalizatu da. Baina funtsa bera da, eta hori gabe nekez eginen genuen deus. Egia da, halere, baliabideen esparruan izandako aldaketak errazten duela lana.

Zein da 35 urteko bidea egin ahal izateko mami edo funtsa horren gakoa?

Nik uste dut giltzarria hurbiltasuna dela. Jendeak etxeko hedabidetzat hartu du Xorroxin. Parte hartzea ere beti bultzatu dugu, eta nik uste dut entzuleek estimatu izan dutela hori. Jendearen kezkak, zalantzak eta bertzelakoak zabaltzeko aukera eman du Xorroxinek. Erran daiteke sozialki ere hari bat lotzen duela Xorroxinek gure eskualdean.

Erratzuko eskolan hasi zen mataza osatzen. Zer oroitzapen duzu?

Ni gazteegia nintzen, oraindik, irratian aritzeko, baina oroitzen naiz lehen egun hartaz. Erratzuko eskolatik hasi ziren hainbat gazte emititzen. Oroitzen naiz eskailera batekin sartu zirela eskolan, leiho batetik, atea itxita zegoelako. Pasadizo horrek ere islatzen du orduko irrati libreen izaera hori. Baimenik gabe, ahal zuten moduan aritzen ziren. Eta lehen urteak horrela joan ziren, bertze irrati libreen modura. Xorroxin izanen da oraindik irauten duten herri irratien artean zaharrena. Segidan, halere, sortu ziren bertze hainbat.

Erratzun hasi, baina Xorroxinek lortu du handitzea eta profesionalizatzea. Nolakoa izan da bidea?

Jauzi ikaragarria egin dugu. Irratia martxan jarri zutenek ere halaxe erraten dute. Nekez imajinatzen ahal zutela orduan, hasi zirenean, egin duen bidea eginen zuenik Xorroxinek. Jauzia handia izan da. Garai erosoena, akaso, orain dela hamar urte edo izan genuen. Saiatzen gara, oraindik ere, eusten. Aurrera egiten. Hori da gure helburua. Ikusten dugu lantaldea ttipituz joaten bagara, eta lanaldia murriztuz, azkenean irratiaren mamia ere galduko dela. Gure helburua da, ahal den neurrian, lantaldea mantentzea.

Ahaleginak egin dituzue zuek ere, soldata murriztuz.

Bai. Baina ez gara bakarrak. Ez gara salbuespen. Bertze hainbat tokitan gertatzen ari dena gertatzen zaigu guri ere. Eta nahi duguna da irratiari ahalik eta ongien heltzea. Eta horretarako argi dugu denak garela beharrezkoak.

Entzuleen leialtasuna nabarmendu izan duzue. Gazteak erakartzea ere lortu duzue?

Hori izan da beti gure erronka, eta orain ere bada. Orain, inoiz baino gehiago, hain zuzen ere, sare sozialen erabilera gero eta nabarmenagoa delako gazteen artean, eta ari gara egiten ahalegina esparru horretan ere egoteko. Irratian bada jendea trebea arlo horretan, eta ari dira bide hori baliatzen gure edukiak bertze modu batera zabaltzeko. Emaitzak nahiko onak izaten ari dira. Hor gazte edo ez hain gazteak aritzen ote diren, hori zehazteko bertze ikerketa bat egin beharko genuke.

Eskoletan ere aritzen zarete. Gazteak irratira hurbiltzeko bertze modu bat da hori?

Bai. 25 urte edo egin ditugu jada bide hori lantzen, eta hagitz garrantzitsua da. Segitzen dugu lan hori egiten, eskolaz eskola. Irratia ezagutzera emateko modu bat da, gazteengana iristekoa, eta ikusten da ere hari bat sortzen dela irratia eta herriak lotzeko. Indarra ematen digu horrek.