Asier Garcia Uribarri
“Horren estrategikoa baldin bada proiektua, guk ere badugu zer erran”. Argi hitz egin du Maitane Maritorenak (Aniz, Baztan, 1982), Aroztegia… eta gero zer? plataformako kideak. Nafarroako Gobernua gaiarekin izaten ari den jarrera gogor salatu du Maritorenak, eta baztandarren hitza errespetatu dadila eskatu du.
Zein da mobilizazio honen helburua?
Bi helburu ditugu. Alde batetik, Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen plana (UGEP) gelditzea, Nafarroako Gobernuaren esku baitago hori. Bertzetik, eskatzen diogu Baztango Udalari herri galdeketa loteslea egiteko. Horretarako sinadurak biltzen ari gara.
Zer bide egin behar duzue legezko galdeketa egiteko?
Lekarozko herriak galdeketa bidez 2008an ezezkoa eman zion proiektuari. Baina Nafarroako Gobernuak UGEP gisa tramitatu duenez, Baztango Udalari eta Batzar Nagusiei adierazi diegu bat egin dezatela gurekin, eta eska dezatela herri galdeketa egitea Baztanen. Orain dela hilabete, Batzar Nagusietan bozkatu zuten gai horren inguruan, eta baiezkoa atera zen. Ia denek alde bozkatu zuten: UPNkoak abstenitu ziren, eta Geroa Baikoak izan ziren aurka egin zuten bakarrak.
Orain hiru hilabete ditugu sinadurak biltzeko. Erroldaren %10ek egin behar du bat eskaerarekin, hau da, 700 herritar inguruk. Aurreko astean 500 sinadura bagenituen, eta behin manifestazioa akituta, indarrak baliatuko ditugu horretan. Hortik aurrera bide administratiboa baino ez litzateke geratuko.
Puntu hori akordio programatikoan bilduta dago.
Hala da, desadostasunen arloan. Eta zer egin dute? Ez gatoz bat, ez gara saiatuko ados jartzen, eta guk sudur puntan jartzen zaiguna eginen dugu. Ez dakit noren interesak defendatu nahi dituzten. Baina Geroa Bai da bakarra horren alde atera dena. Plataforma Nafarroako Gobernua babesten duten alderdi guztiekin bildu da, eta beste guztiek bat egin dute gurekin.
Zergatik uste duzu jarrera horri eusten diola Geroa Baik?
Hori ez dakit nik. Argi dago proiektu hori interes partikular batzuk defenditzeko dela. Orain, sustatzaileen eta Geroa Bairen arteko erlaziorik ba ote dagoen ez dakit. Baina gauza garbirik ez da.
Baztango Udalak eragin linguistikoaren ebaluazioa (ELE) egin du Aroztegiari buruz. Zer dio azterketa horrek?
Aroztegiak euskararekiko izan dezakeen eragina astakeria bat da. Kontuan hartu behar dugu Baztango biztanleen %75,5 euskaldunak direla, eta, erabilera, %61ekoa. Orduan, 700 biztanleko herri berri bat sortzen badute, Lekaroz %200 handituko da. Horrek erran nahi du euskara lurperatuko dutela. Lekarozen etnozidio linguistikoa da hau.
Zergatik uste duzue herritar berriak erdaldunak izango direla?
Sustatzaileek ez dute erran balizko erosleak nongoak diren. Baina argi dago, gure ingurua ikusiz, hemen norberak bere herrian bizi nahi baldin badu bertze bide batzuk hartzen dituela. Ez doa herri berri batera. Era berean, ELEn aipatu dute balizko erosleak ez direla euskaldunak izango. Eskolan zer eredu aukeratuko dute? Lekarozen A eredua hiltzeko bidean dago, badira lau urte ez duela inork izena ematen. Pentsa 700 biztanle berrirekin. Dena jartzen du hankaz gora. Gainera, Koldo Martinezen hitz lotsagarriak entzun behar ditugu.
Hori diozu Geroa Baiko Koldo Martinezek sare sozialetan zalantzan jarri duelako proiektuak euskarari egin diezaiokeen kaltea?
Galesen badute lege bat erraten duena horrelako proiektu batek hizkuntzari kalte egiten badio ez duela aurrera egingo. Hizkuntza, gure ondare nagusia dena, beste argudio baten gisan erabiltzen dugu, eta besteek egiten dute ironizatu. Ematen du Galesen balio duenak hemen ez duela balio. Hainbertze urte Baztanen euskaraz bizi ahal izateko lanean, eta egun batetik bertzera dena xehatu egin behar da, batzuek sakelak ederki betetzeko.
Proiektuaren alde dauden alderdiek esaten dute Aroztegiak nazioarteko turismoa eta lana sustatuko dituela. Kontuan izanda gaur egun dugun egoera, zer iritzi duzue argudio horretaz?
Hasteko, lanaren izenean ezin da edozer gauza justifikatu. Hala ere, gai horren inguruan badago zer erran. Alde batetik, eraikuntzak sortzen duen enplegua aldi baterako da. Argi dago 228 etxe egin behar badituzte bertako igeltseroek ez dutela lanik izango. Kanpokoekin egingo dute. Beste aldetik, hotelak ekarriko luke lana hona. Bultzatzaileak 2003. urtetik baimena du hotela egiteko. Zergatik ez du nahi hotela? Erran zitzaien: hotela eta golfa bai. Baina ez dute nahi. Hemen ardatza dira 228 etxebizitzak. Egin dezatela hotela lana bada argudioa. Ez dute hori nahi. Turismoarekin berdin. Baztanera turista asko etortzen dira. Baina eurek “kalitatezko turismoa” bultzatu nahi dute. Eta orain artekoa zer izan da ba?