“Ospitaleen antza dute hemen zaharrentzako egoitzek”

“Ospitaleen antza dute hemen zaharrentzako egoitzek”

Edurne Elizondo

Zaharrentzako egoitzen inguruko mahai ingurua egin zuen Krisiaren Aurkako Zaharren Koordinakundeak joan den astean. Hizlari aritu zen Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako kide Carmen Maeztu (Valtierra, 1962). Zuzenean entzun zituen zahar anitzen kexak. Haserrea erakutsi zioten hainbatek. Gobernuarentzat lehentasun izan nahi dutela esan zuten denek.

Zer moduzkoa izan da halako foro batean parte hartzea?

Hagitz interesgarria iruditu zait. Argi dut zaharren ahotik entzun behar dugula zer pentsatzen duten. Harritu nau parte hartzeak. Jende askok hartu du hitza, eta hitz egin dutenek agerian utzi dute benetako kezka dutela zaharrentzako egoitzen inguruko gaiekin.

Anitzek aipatu dute dirua. Ez dute uste arazoa hori denik, dirua gastatzeko lehentasunak zehaztea baizik. Zer deritzozu?

Egia da, oraindik ere, behar anitz daudela bete gabe. Lau urterako plangintza egin dugu guk, eta argi dago martxan jarri nahi ditugun neurriek dirua behar dutela. Egia da, halaber, politikarien lana dela dagoen dirua erabiltzeko lehentasunak zehaztea, eta azken urteotan gauzak ez dira ongi egin. Gobernuak behar baino toki gutxiago eskaini ditu zaharrentzako egoitzetan, adibidez.

Senarra zaharrentzako egoitza batean duen emakume baten gutuna irakurri dute antolatzaileek. Bien pentsioarekin 1.700 euroko sarrera dute; egoitzak, berriz, 2.200 euro balio du.

Nafarroako Gobernuak bermatu behar du mendekotasun handia eta larria dutenentzako tokia. Horiek ere ordaindu behar dute, hala ere. Mendekotasun handia dutenek, 1.529 euro, eta larriek, 1.460. Familiaren babesa ez dutenei eta baliabide ekonomikorik ez dutenei ere bermatzen diegu tokia. Horiek 850 eta 1.300 bitartean ordaintzen dute. Gaur egun, 1.900 pertsona daude egoitza publikoetan, eta bertze 850 inguru, berriz, pribatuetan dira, plaza publiko bat jasotzeko zain. Horiei ere ematen diegu laguntza.

Baina laguntzak ez du denen arazoa konpontzen, ezta? Iruñerrian 850 pertsona daude egoitza pribatutik publikora joateko zain, adibidez.

Hala da. Arazo bat dago hor. Iruñerrian egoitza pribatuekin 2.100 euroko ituna du gobernuak sinatua; gobernuak, ondorioz, gehienez ere diru hori ematen du laguntza gisa, baina egoitzak gehiago kobratzen die erabiltzaileei: 2.800 euro, hain zuzen. Aldea, noski, erabiltzaileek ordaintzen dute. Iruñerrian dago beharra, batez ere, eta toki publiko gutxien hor daude.

Zuk ere onartu duzu egoitza publikoetan direnen erdiek ezin dutela behar dutena ordaindu.

Hala da. Guk finkatzen dugun kopurua, 1.500 eurokoa, adibidez, finkatzen da errentarekin eta ondarearekin. Errenta nahikoa ez dutenek ondarearekin kitatzen dute zorra, hil eta gero.

Ordaindu beharrekoa mendekotasun mailaren arabera zehazten da, ez errentaren arabera. Bidezkoa da hori?

Ez dugu uste, eta horregatik ari gara sistema hori aldatzeko lanean. Gure asmoa da ordaindu beharrekoa errentaren arabera zehaztea. Guretzat hori lehentasun bat da, eta ari gara lanean jada.

Nafarroan zaharrentzako 72 egoitza daude; gehienen jabegoa da publikoa, baina gobernuarenak bi baino ez dira.

Bai. Urteotan ez da urratsik egin egoitza berririk eraikitzeko. Kontuan izan behar dugu, halaber, historian zaharrentzako egoitzek egin duten bidea. Anitzek izan dute lotura irabazi asmorik gabeko erlijio ordenekin eta fundazioekin.

Mahai inguruan anitzek eskatu diote gobernuari egoitza publiko gehiago eraikitzeko.

Ez dugu aukera hori aztertu ere egin. 5.400 toki badira Nafarroan, eta 3.000 ari gara erabiltzen. Oraingoz, ez dago agendan egoitzarik eraikitzea.

Asmoa agertu duzu, ordea, zaharrak haien etxean artatzeko sistema indartzeko.

Bai, hori da gure erronketako bat. Etxean laguntza jasotzeko programak eta sistemak bultzatu behar ditugula uste dut, eta zerbitzu horiek hartzeko bideak erraztu, bertzeak bertze, malgutasunez jokatuz ordutegiekin, eta abar. Zaharrek etxean bizi nahi izaten dute.

Zaharrentzako egoitzetan eskaintzen duten arreta ona dela erran duzu; baina jendeak ez du joan nahi. Zergatik?

Uste dut eredua dela jendea beldurtzen duena. Finean, egungo egoitzek neurri batean bakartu egiten dute pertsona. Europako ereduek, gaur egun, gehiago bultzatzen dituzte elkarrekin bizitzeko unitateak. Egoitza txikiak izaten dira. Hemen, berriz, egoitzek ospitaleen antza dute.

Zer alda daiteke?

Ordutegiak, bertzeak bertze. Ez dira batere malguak. Bertzalde, pertsonek anitzez ere rol aktiboagoa bete beharko lukete egoitzaren egunerokoan.

Egoitza batean dagoen 86 urteko gizon batek salatu du zuzendariak ez ziela talde bat osatzen utzi.

Zahar izateak ez du erran nahi autonomo ez izatea. Egoitzetan bizi diren pertsonek badute eskubidea beren iritzia agertzeko, entzunarazteko. Hori bultzatuko duen eredua behar dugu. Bada zer hobetu.

Langileen baldintzei buruz ere bai?

Zalantzarik gabe. Ez dago Nafarroan lan hitzarmenik, eta estatukoak soldata txikiak ezartzen ditu. Ratioak ere aztertu behar dira; baldintzak hobetu.