Bihotz artifiziala garatzeko bidean

E. Elizondo

Argi-ilunez betetako bidea da organo transplanteena. Nafarroan, 1984. urtean egin zuten bihotzeko lehenengoa. Ongi atera zen aurrenekoa izan zen hori, zehazki. “Espainian, 1968an egin zen lehendabizikoa, baina gaixoa ez zen kirofanotik atera”, azaldu du Klinika Unibertsitarioko bihotzeko zirujau Gregorio Rabagok. 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara botiken esparruan egindako urratsek lortu zuten ordutik aurrerako transplanteetan arrakastak gora egitea. Gorputzak organo berria berezkotzat onartzea zen gakoa. Eta hori immunoezabatzaileekin lortu zuten.

Transplanteen ardura nagusia Espainiako Transplanteen Erakundeak du. Nafarroan, transplanteen koordinaziorako lana Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak egiten du. Nafarroako Ospitale Guneko profesionalek Klinika Unibertsitarioko medikuekin lan egiten dute. Bi erakundeen artean aztertzen dituzte kasu guztiak. Ebakuntzak egiteko erreferentziazko zentroa, hala ere, Opus Deiren ospitalea da. Han egiten dituzte herrialdeko transplante guztiak.

Transplantearen zain diren gaixoena egoera berezia eta gogorra dela aitortu du Rabagok. Haientzat, bai eta senideentzat ere. Argi utzi du, hala ere, lehen are estuagoa izaten zela. “Orain, itxaron zerrendan diren gaixoen bizi kalitatea hobetzeko tresnak baditugu. Helburua da transplantera ahalik eta egoerarik onenean ailegatzea, hain zuzen ere”.

Transplanteen ordez

Tresna horien artean, bihotz artifiziala nabarmendu du medikuak. “Motor baten gisakoa da, eta bihotzari odola ponpatzen laguntzen dio”, azaldu du. Ameriketako Estatu Batuetan eta Europa iparraldeko herrietan bihotz artifiziala anitz garatu dutela azaldu du Rabagok. Laster transplantea ordezkatzeko moduan izanen direla uste du zirujauak. “Laster erraten dudanean, pare bat urte barru-edo erran nahi dut; zenbaitentzat aukera egokiagoa izanen da transplantea, baina bertze anitzentzat bihotz artifiziala izanen da aukera onena”.

Halako tresnak garatzeko beharra egungo errealitatearekin lotu du sendagileak: “Gero eta gehiago bizi gara; gainera, medikuntzak anitz egin du aurrera. Oraindik ere bada bihotzekoak jota hiltzen den jendea, baina gero eta gutxiago dira horiek”.

Horrek erran nahi du gero eta emaile gehiago beharko direla, Gregorio Rabagok erantsi duenez. “Organoa beharrezkoa dutenen kopurua gora egiten ari delako”. Nafarroan emaileen kopurua nabarmena dela argi utzi du zirujauak.