Historia zatiz zati berreraikiz

Historia zatiz zati berreraikiz

Asier Garcia Uribarri

Iruñeko Alde Zaharra zulatzen duten bakoitzean aurkikuntza arkeologikoak egiten dituzte. Badira 2.000 urte baino gehiago jendea han bizi dela. Hala ere, aberastasun hori guztia zaila da ikusten, auzoko kaleetan ibiltzean. Aurkikuntzak behar bezala mantentzeko, Nafarroako Gobernuko arkeologia biltegian gorde, sailkatu eta zaharberritu egiten dituzte. Larunbatean ospatu zuten Alde Zaharreko egunaren harira, auzoan topatutako hainbat altxor ezagutzeko biltegira bisita gidatua antolatu zuten Nicolas Zuazua eta Carlos Zuza Alde Zaharreko bizilagun eta arkeologoek, joan den astean.

“Auzo elkarteak eskatuta, badira hiru urte arkeologiari lotutako ekinbideak antolatzen ditugula auzoko egunaren inguruan”, azaldu du Nicolas Zuazuak. Carlos Zuza eta biak arkeologoak dira ogibidez, eta horrelakoak prestatzen dituzte ekarpen gisa. Aurreko urteetan auzoan ibilbide gidatuak egin dituzte. Aurten, beste zerbait egin nahi zuten. “Alde Zaharrean gauza gutxi ikus daitezke kalean. Horregatik, biltegira jotzea erabaki dugu aurten, urteetako aurkikuntzak han baitaude”, adierazi du Zuazuak.

Nafarroako arkeologia biltegia Cordovillan dago, garai bateko Super Ser lantegiaren eraikinean. Biltegiak 2.000 metro koadro ditu, eta bi zatitan banatua dago. Beheko solairuan tamaina handiko harriak daude, eta bigarrenean, berriz, pieza txikiagoak. Biltegian Nafarroa osoko eta Aragoiko (Espainia) hainbat tokitako ondarea dago bilduta.

Bisita Jesus Garcia Gazolaz eta Jesus Sesma Nafarroako Gobernuko arkeologoek gidatu dute. Sesmak tamaina handiko ondarearen hautaketa bat aurkeztu du. Hasteko, Castiliscarren (Aragoi) topatutako Zaragoza eta Iruñea komunikatzen zituen galtzadako erromatarren miliario bat erakutsi du. Horiek erromatarrek galtzadetan jartzen zituzten puntu kilometrikoak dira, eta euren baliorik handiena idazketa da. “Gure inguruan, ia ez da ezagutzen erromatarrak heldu arteko idatzizko dokumenturik. Eurek euren hizkuntza eta idazketa ekarri zituzten. Miliarioetatik informazio ugari jasotzen dugu, hala nola galtzada agindu zuen enperadorea, berau egin zuen legioa eta Zaragozara arte dauden miliak”.

Iruñeko Alde Zaharrean erromatarren garaiko pieza ugari atera dituzte urteetan. Garai hartako gizartearen inguruan informazio asko ematen dutenak hilobiak dira, bertan agertzen baitira hildakoen izenak. Sesmak azaldu du erromatarrek hiru izen zituztela: izena, familiaren izena eta ezizena. Azken hori eskubide osoko hiritarrek baino ez zuten. “Hemen badugu Valerio Lupiano semeak Valeria Lupiana amaren omenez idatzitako hilarria. Kasu honetan, ez dute ezizenik. Beraz, ez ziren eskubide osoko hiritarrak. Garai hartako Iruñean, gutxi ziren eskubide osoko hiritarrak”. Aurkitutako beste hilarri batean, lau ahizparen izenak agertzen dira. “Iruñeko Udalak hilarri horren erreplika egitea eskatu du, Alde Zaharrean kokatu eta emakumeei omenaldia egiteko. Ezagutzen diren Iruñeko lehen emakumeen izenak baitaude idatziak”.

Sesmak erakutsitakoaren artean, badago erromatarrak heldu aurretiko Beiren aurkitutako estatua bat. “Gerlari baten irudia da, eta iberiarren tradizioari jarraitzen dio. Beraz, esan dezakegu Beireko norbaitek K.a. IV. mendean horrela irudikatu zuela bere burua. Akaso, iberiarren armadaren bateko kide izan zen gerlari bat izan daiteke. Baina zaila da zehaztasunez jakitea”.

Gauza arrunten garrantzia

Garcia Gazolazek bigarren solairuan kokatuta dagoen gelako materialak aurkeztu ditu. Han tamaina txikiko gauzak daude, gehienak eguneroko bizimoduko piezak. Horietako ugari dira Iruñeko Gaztelu plazako lanetatik ateratako materialak. “Askotan esan da Gaztelu plazako materialak bota egiten zirela. Baina hori ez da egia. Hemen dago jasota guztia”.

Milaka pieza dauzkate gordeta. Beraz, Garcia Gazolazek Alde Zaharrean aurkitutako hainbat material prestatu ditu. Eguneroko bizimoduan erabili diren gauzak dira: hasi Baskoien herrixkako suiletik eta bukatu Napoleonen soldaduen ezaugarriekin.

“Aurkeztu ditugunak ez dira museoetan egoteko bezain ikusgarriak; besteak beste, erromatar garaiko eta Erdi Aroko orraziak edota XVI. mendeko koilarak. Baina oso elementu bereziak dira. Egurrezkoak direlako, material organikoak. Oso egoera berezian egon behar dute horiek gordeta gaur egunera arte eusteko”. Alde Zaharrean aurkitutako objektu txiki gehienak etxeetako putzuetan topatu dituzte, uretan. Sesmaren arabera, oxigenorik gabeko guneek baino ez dituzte mantentzen material organikoak mendeetan. “Arkeologook zaborretan bilatzen dugu. Guk aurkitutakoak jendeak botatakoak dira. Ez dira ohikoak Ponpeia bezalako kasuak”.

Aurkikuntza txiki horiek guztiek historialariek aurretik sumatzen zutena baieztatzeko balio dutela dio Garcia Gazolazek. “Idatzia zegoen Napoleonen tropak Iruñean gotortu zirela. Gure aurkikuntzek hori baieztatzen dute”. Arkeologoek historia zatiz zati berreraikitzen dute.