Eraberritzeko erronka

Eraberritzeko erronka

Asier Garcia Uribarri

Nola zabaldu museoa ohiko publikotik harago? Hori ari dira planteatzen Nafarroako Museoan, haren 60. urtemugan. “Ulertzen dut museoak erakunde estatiko gisa ikustea jendeak. Ondarea babesteko betebeharra duten gune kulturalak baitira. Halere, uste dut ez dugula behar bezala ulertu publikoarekiko kultura bitartekotasuna”, esan du Susana Irigarai Nafarroako Museoen Zerbitzuko zuzendariak. Horren harira antolatu dituzte urtemugako ekitaldiak. “Museoa kalera atera nahi dugu; hori da gure konpromisoa”.

Kritika bera egin du Blanca Oria kazetariak. Haren aburuz, Nafarroako Museoak aukera asko ditu publikoa erakartzeko. “Leku ezin hobean dago kokatua. Oso jende onak lan egiten du bertan, baina iruditzen zait beste buelta bat eman beharko lioketela programazioari, eta Nafarroako historia eta artistei ikusgarritasuna eman”.

Irigaraik adierazi du Nafarroako Museoak ekintza asko dituela urte osoan, besteak beste, behin-behineko erakusketak, bisita gidatuak, hitzaldi zikloak, ikastaroak eta mikroerakusketak. Hala ere, uste du komunikatzeko orduan, akaso, maila akademikoegian egin dutela. “Beharbada, gauzak ikuspuntu akademiko batekin komunikatu ditugu, eta horrela zaila da jendearen identitate eta bizipenekin bat egitea. Publikoarekin konektatzeko kontuan izan behar dugu eurek pentsatzen dutena”.

Egoera hori kontuan hartuta prestatu dute urtemuga museoko arduradunek. Aurreko astean, museoko lan esanguratsuenetan oinarritutako murala margotu zuten Eneko Azpiroz, Carlos Cenoz Dino, Jabier Landa Corte, Xabier Latasa eta Javier Roldan Pin grafitigileek museoak Descalzos kalean duen fatxadan. “Artista urbano gazteak dira murala egin dutenak. Museoa ezagutu dute, eta bertako lanak barneratu dituzte. Horma irudi batean museoa euren ikuspuntutik irudikatu dute”. Irigarairen aburuz, horrelako ekinbideek museoari publikoarekin bat egiten lagundu diezaiokete. “Artistak kalean egon dira, eta jendeak eurekin hitz egiteko aukera izan du”.

Ekainaren 24a da museoaren urtemugaren data zehatza. Egun horretan, museora sartzea doan izango da. Gainera, bisita gidatuak egingo dituzte, eta ordutegia luzatuko dute. Baina eguneko ekitaldi nagusia iluntzean izango da. Patxi Araujok Inside / Out of the museum ikuskizuna aurkeztuko du. Museoaren Berpizkundeko atarian, mapping teknika erabiliz, irudiak eta musika nahastuko ditu. Horretarako, bidelagun izango ditu Hutsun txalaparta taldea, Ensemble Uqbarnagh talde kulturaniztuna eta Santiago Ortak sortutako organo digitala.

Horrekin batera, hilabete honetan museoak berriro irekiko du Historiaurreko gela. Bertako informazio guztia ele bitan egongo da, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, pieza berri bat gehitu diote bildumari: Turbilgo estatua-hilarria. Beire ondoan dagoen Turbilgo herrixkan aurkitu zuten Burdin Aroko gerlari baten irudia. Javier Armendariz arkeologoak adierazi du Turbilgoa izan daitekeela penintsulako giza estatua iberiar zaharrena.

Historia handiko museoa

XIX. mendean, desamortizazioen ostean, Nafarroako Diputazioak Monumentuen batzordea eratu zuen. Nafarroako monumentuak zaindu eta kontserbatzeko. Hori izan zen 1940an sortu zen Vianako Printzea erakundearen aitzindaria. Bi erakundeek ondasun higiezin ugari bildu zituzten urteetan, eta, une batean, orduko arduradunek erabaki zuten ondasun horiek eraikin batean bildu eta jendeak ikusgai izatea. Horrela sortu zuten Nafarroako Museoa. “Oso garai gogorrak izan ziren gerra zibila eta gerraostea. Lorpen handia izan zen Nafarroako Museoaren moduko proiektu bat aurrera ateratzea”, azaldu du Irigaraik.

Arkeologiak beti izan du toki garrantzitsua museoan. Horren ardura Maria Angeles Meskiriz arkeologoarena dela dio Irigaraik, hura izan baitzen museoko lehen zuzendaria. Hasierako urteetan egindako lana nabarmendu du Irigaraik: “Nafarroa osoko lanak eta bildumak batzen zituen museoak. Baina ez soilik hori. Ondarearen zaintza eta ikerkuntzarako pizgarri izan zen”.

Museoa XVI. mendeko Miserikordia ospitalearen eraikinean ezarri zuten. Orduan, hainbat lan egin behar izan zituzten, besteak beste, gelak, bulegoak eta zaharberritze laborategiak. Baina urteak aurrera joan ahala, museoak behar berriak zituen, eta 1980ko hamarkadarako eraikina zaharkitua zegoen. “Museoak jardun handia zuen, barruan eta kanpoan. Garai berrietara egokitzeko lanak beharrezkoak zituen. Soria eta Garces arkitektoek lan bikaina egin zuten”.

Bildumei dagokienez, museoa asko garatu da. Azken urteetan, arte garaikideko lan ugari bildu dituzte. Irigaraik azaldu duenez, 1956ko museoan, hori ez zen lehentasunetako bat. Barrura begira ere, langile kopurua aldatuz joan da. “Garai bakoitzean, administrazioak erakunde ezberdinen esku utzi ditu eskumenak. Horren arabera, museoan jende gehiago edo gutxiago aritu da lanean. Urteetan hemen egon dira arkeologia, ondasun higiezin eta museoko langileak”.

Egun museoak eskaintza zabala du. Haren bildumak 50.000 pieza inguru ditu, eta erakusketa iraunkorrean 400 bat dituzte. “Diskurtso kronologiko bat sortzeko erabiltzen dugu. Nafarroako historia eta artearen historia ezagutzera ematen ari gara historiaurretik XX. menderaino”. Gainera, lan horiek sarera igotzen ari dira pixkanaka. “Ceres.mcu.es plataforman ikusgai dago jada bilduma iraunkorreko lehen zatia. Heldu den martxorako espero dugu bilduma osoa ateratzea”.

Aurrera begira, bilduma guztiak Interneten jarri,eta sare sozialak mugitzea da asmoa. Publikoarengana hurbiltzeko bide berriak garatu nahi dituzte. Beharrezko osagaiak baditu museoak, eraberritzea da erronka.