Leitzarrak, autoan elkarrekin

Leitzarrak, autoan elkarrekin

Kattalin Barber

Ibilbide bera egiten dutenen artean autoa partekatzea gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. Oraingoan, leitzarrek sortu dute egitasmoa. Autoa partekatzeko aukera eskaintzen duen webgune berria da Tartarkar, Leitzatik eta Leitzara autoz egiten dituzten bidaien iragarki taula birtual bat. Dirua aurreztea ez ezik, aztarna ekologikoa murriztea eta bidaide berriak egitea ere badu helburu. Izan ere, ibiltzen diren auto gehienetan bidaiari bakarra joan ohi da: gidaria bera. Horri aurre egin nahi dion plataforma da Tartarkar.

LeitzEKO Kontsumo Taldeak hartu du proiektua sortu eta garatzeko ardura, Leitzako Udalarekin batera. 2014an sortu zen horrelako egitasmo bat egiteko ideia. Udalak 50.000 euro Zertan? Zertarako? parte hartzeko prozesua abian jarri zuen, eta herritarrek aukeratutako proposamenen artean autoa partekatzeko webgune bat martxan jartzeko ideia zegoen. “Orduan, Leitzako kontsumo taldearekin harremanetan jarri ginen; izan ere, kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatu nahi dugu”, azaldu du Mikel Azkargorta Leitzako zinegotziak. Parte hartzeko prozesu horretan bertan herritarrek erabaki zuten 2.000 euro bideratzea egitasmoa sortzeko.

Horretarako eta ideia garatzeko, LeitzEKO Kontsumo Taldearen barnean Mugikortasun Taldea osatu zuten. Mamen Uharte taldeko kidea da, eta hasieratik egitasmoarekin bat egin zutela azaldu du: “Gure izaerarekin eta oinarriekin bat egiten du proiektuak, funtsean, baliabideak partekatzeko eta kontsumoa murrizteko ideia garatzen baitu. Horretaz gain, hausnarketa eragin nahi dugu”.

San Joan bezperan aurkeztu zuten herrian egitasmoa, eta interesa sortu duela diote. Dagoeneko 80 pertsonak baino gehiagok eman dute izena webgunean, eta lehenengo bidaiak egin dira. Jendeak egitasmoari oso ongi iritzi diola dio Uhartek: “Mugimendua dago webgunean, eta ongi etorria izan da Tartarkar”. Garraio ohiturek sortzen dituzten kontsumo ereduei buruzko hausnarketa eragin nahi dute Leitzan: “Ezbaian jarri nahi ditugu mugikortasunaren indibidualizazioa, garraio publikoaren aukera eskasak, herrian bertan autoa nola erabiltzen den, garraio mota ezberdinek eragiten duten energia kontsumoa…”.

Beraz, egitasmoa puzzle horren beste pieza bat da, autoaren erabilera arduratsuago bat izateko aukera, herritik herriarentzat egindakoa.

Iragarki taula birtual baten gisa funtzionatzen du Tartarkar zerbitzuak. Izena eman, eta Leitzatik edo Leitzara doazen bidaiak ikusi eta publikatzeko aukera du erabiltzaileak. “Jendeari eskaini nahi diogu elkarrekin bidaiatzeko eta gastuak partekatzeko aukera. Tartean ez dago diru mugimendurik, inork ez du zentimorik hartzen. Bidaiariek beren artean eginen dute tratua; gu horretan ez gara sartuko”, azaldu du Uhartek. LeitzEKO Kontsumo Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bitartekari izan nahi dute bakarrik martxan jarritako egitasmo horretan, gehiago esku hartu gabe.

Erabiltzaile bakoitzak, webgunean erregistratzen denean, ezizen bat jasotzen du. Leitzako toponimiarekin lotutako izenak aukeratu dituzte proiektua garatu dutenek. Horregatik Aliñea, Arinburkaitza, Amorruixketa eta Akolako erreka dira erabiltzaile izen batzuk. Azkargortak adierazi du “garrantzitsua” ikusten zutela anonimotasuna, eta ideia “bitxia” zela adostu zuten.

Errezelo kanpaina

Egitasmoa San Joan bezperan jendaurrean aurkeztu bazuten ere, errezelo kanpaina bat abian jarri zuten kontsumo taldekoek, joan den maiatzaren amaieran, eta lau astez. Lehenengo astean, Tar hitza idatzia zuten itsasgarriak paratu zituzten herriko hainbat txokotan. Bigarren astean, beste Tar bat lehenengoaren segidan, hirugarrenean Kar, eta laugarrenean .eus; azkenean, Tartarkar.eus sortu arte.

“Eragin genuen nolabaiteko errezeloa herrian, jendeak ez baitzekien zertarako ote ziren itsasgarriak”, azaldu du Mamen Uhartek. San Joan bezperan photocall bat prestatu zuten egitasmoaren logoa zuen auto baten irudiarekin, zerbitzuaren berri emateko, eta jende “dezentek” parte hartu zuen.