«Nola idatzi haur bat inguruan duzula?» galderari hurrengoa erantzun zion Doris Lessing idazle britainiarrak: «Ezinezkoa da». «Azkenean, haserretu besterik ez zara egiten», esan zuen Literaturako Nobel saridunak. Are gehiago, literatura feministaren erreferente horrek Londresera alde egin zuen bere bi seme-alabak bere senarrarekin utzita: «Argia den emakume batentzat ez dago haur txikiekin orduak eta orduak ematea baino gauza aspergarriagorik. Haiek hezteko pertsona egokia ez nintzela sentitzen nuen. Beste era batera, alkoholikoa edo, nire amaren antzera, intelektual frustratu bat izaten amaituko nukeen».
Elkarrizketa amaitzean, nire lehenbiziko erreakzioa auzokidea eta laguna dudan Elvira Palazuelos artista plastikoari bidaltzea izan zen. Etxe azpiko parkean askotan topo egin ohi dugu, umeak jolasten diren bitartean, beste gauza batzuen artean, sormenerako dugun denbora faltaren inguruko terapia kutrea egiteko. Hamaika ihesbide eta ahizpatze plan antzu irudikatu ditugu dagoeneko, aurrera eta maiztasunez eramateko energiarik gabe. Doris Lessingen hitzak irakurri ondoren, haserre bizian gaude; idazleak ergelak garela esan izan baligu bezala. Doris, harroputz hori, gorroto zaitugu, Doris.
Bere bost urteko semea umezurztegira eraman zuen Rousseaurekin eta hidrozefalia zuelako bere alaba abandonatu zuen Nerudarekin alderatzen dugu Doris gaixoa (hilen mundutik esnaraztear egongo da Doris jada, bederen birao bat botatzeko, azken finean, hori izan zen bere hautua, nork daki zer-nolako sarea izango zuen, zer-nolako testuingurua, eta ez gara inor bere erabakia zalantzan jartzeko, baina gure artista-niak eta gurekin batera bizi den frustrazioak itsutu ohi gaituzte zoritxarrez). Gau horretan, maiz esnatuko eta altxatuko gara Elvira eta biok ura edatera, ezinegonak jota. Munstro bat esnarazi dute Dorisen hitzek barrualdean.
Doris Lessingen hitzak irakurri ondoren, haserre bizian gaude; idazleak ergelak garela esan izan baligu bezala
Hurrengo goizean, Iñigo Astiz eta Oihane Zuberoa Garmendia idazleei eta Tamara Cuéllar txotxongilolariari idazten diet haien guraso-artista-iritzia ezagutzeko. Beste ideia askoren artean, denak bat datoz haurtzaroak gizartean modu zuzenean kokatzen gaituen ideiarekin, gure haurrek (eta besteenek) zuzenki errotzen gaituztelako orainera, errealitatera, eta utziko diegun etorkizunera. Egia da ere flâunerista izateko eta esperimentatzeko tartea estutzen duela, baina, aldi berean, etorkizunaren zentzu errealagoa eta ardura sakonagoa kutsatzen dizkio sortzen ari garen horri. Gainera, sorkuntza ez da eteten; haurrak hezteko eta hazteko baldintzak, haurtzaroko oroitzapenak eta bizipenak inspirazio eta eraldaketa iturri bilakatzen dira sortze-espazio horretan (txikiagoa zein handiagoa, inguruan dugun saretzearen arabera, generoaren arabera, eta abar, noski). Beraz, Oihanerekin ondorioztatu bezala, interesgarriagoa da agian Inger Christensenen ereduari jarraitzea: idazkera egonaldietara semearekin batera joaten zen eta, semeak arratsaldeko bisita turistikoa prestatzen zuen bitartean, idazteko tartetxo ez idealizatuak topatu ohi zituen.
