Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Edurne Elizondo

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Irudiak erabiltzen ditu borrokarako tresna grisa. Munduko hainbat herritako hiltegi eta haztegietan sartu da; animaliak esplotatzen dituzten hamaika jardueraren lekuko izan da, eta bere begien aurrean gertatu denaren lekukotasun zuzena eman du, bere lanaren bidez. Ezkutuan aritzen da, ezkutuan dena agerian uzteko. Euskal Herrian ere bai. 2014an martxan jarri zenetik, hamaika ikerketa, hainbat erakusketa eta Madrilgo Wings of Heart babeslekuari buruzko Refugiados (Errefuxiatuak) izenburuko liburua egin ditu.

2014an, Iruñean jarri zenuen martxan Tras Los Muros proiektua. Hirira itzuli zara. Zer dago Iruñeko besten bertze aldean?

Bertze animaliak hamaika modutan esplotatzen ditugu; jarduera horiek haserre mota ezberdina eragiten dute gizakion artean, baina, funtsean, ekintza mota berberak dira. Espezismoa gauzatzeko modu ezberdinak dira; bertze animaliak gizaki ez direlako baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa. Alde horretatik, Iruñeko zezen plazan sanferminetan ikusi dudana forman baino ez da ezberdina. Ez nago hemen Iruñean gertatzen dena larriagoa delako, baizik eta beharrezkotzat jotzen dudalako hemen gertatzen denak sortzen duen haserre hori bertze esplotazio jardueretara bideratzea.

Lehendabizikoz etorri zinenean UPN zegoen agintean, eta orain, berriz, EH Bildu; animalientzat, baina, ez da deus aldatu.

Ez dut uste EH Bilduk, oro har, animalien esplotazioaren aurkako jarrera sendoa duenik, ezta tauromakiaren kontra ere, zehazki.

Iazko hauteskundeen ondotik aldaketa gertatu zen hainbat udaletan. Sare sozialetan eskatu zenien hiltegietako ateak zabaltzeko. Ez dute egin. Harresi horiek dira gainditzen zailenak?

Eskaera horren bidez azaldu nahi izan nuen erakundeetako politikaren bidez ere aukera badela ekinbide interesgarriak martxan jartzeko borrokaren esparruan. Hiltegietan gertatzen dena nahita gelditzen da ezkutuan. AEBetan, adibidez, egin izan dituzte haztegietako eta hiltegietako harresien atzean gertatzen dena agerian utzi duten ikerketak, eta, ondorioz, Ag-Gag eta AETAren gisako legeak jarri dituzte indarrean, halako tokietan ez grabatzeko eta haiei buruzko informaziorik ez zabaltzeko, zehazki. Lege horien helburua da ekintzaileen jarduera terrorismotzat hartzea.

Industriak badaki bere azpiegituretan lortutako irudi batek eragin handia izan dezakeela gizartean; hagitz zaila da hiltegi batera sartzea kamera agerian duzula. Horregatik, irudi gehienak kamera ezkutuen bidez lortzen dira, edo amarruak erabilita. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak bide luzea egin duen tokietan, hain zuzen ere, industriak bere langileak trebatzen ditu ekintzaile infiltratuak antzemateko.

Espainiako Estatuko udal hiltegi anitzetako ateak zabaltzeko eskumena dute udal horiek. Gizarte hobe baten alde erakundeetatik lan egitea erabaki dutenek kontuan izan behar dituzte animalien eskubideak; eta kontuan izan behar dute, halaber, animalia horienganako tratuaren inguruan gero eta kezka handiagoa badela. Kazetariei eta animalien aldekoei hiltegietara sartzen uzteak errazago bilakatuko luke borrokatu behar dugun bidegabekeria hori ulertzea eta ikusaraztea. Borroka orok behar duen eztabaida soziala eragiten lagunduko luke hiltegietara sartzeak.

Baina industriak ez du hori nahi.

Hiltegietako ateak zabalduko bagenitu, haragiaren industriak duen boterea agerian geldituko litzateke. Botere hori erabiltzen du bere azpiegituretan gertatzen dena ezkutatzeko. Martxoan, hain justu, haragiaren industriak osatutako agiri estrategiko bat filtratu zuten; haren helburua zen Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuak osasunarentzat zer arrisku dakartzan azaltzen zuen txostenak eraginen lituzkeen kalte ekonomikoak arintzea. Txosten horrek agerian utzi zituen haragiaren industriak propagandarako erabiltzen dituen taktikak; agerian utzi zuen, halaber, haren boterea handia dela, eta eskrupulurik ez duela. Negozio horrek 20.000 milioi euroren irabaziak sortzen ditu urtean, Espainiako Estatuan, eta, noski, ez da besoak antxumatuta geldituko, kontuan hartuta gure irudiek eta ikerketek galera ekonomiko handiak eragiten ahal dizkiotela.

Bi urte lanean. Zein da zure analisia egindakoaz?

Egindako hutsak bazter utzi gabe ere, balorazioa ona da. Bertze kideen laguntza funtsezkoa izan da, eta, horri esker, lan sareak osatzeko aukera izan dut. Hasieran ez nuen hori egiteko asmorik, baina sare horiek lagundu didate uste baino esplotazio gune gehiagotara sartzeko. Irekitzen zailak ziren ate eta harresiak gainditzen lagundu didate. Lan eta babes sare horiek analisia eta kritika ekarri diote proiektuari, gainera.

Zuk gainditu dituzun harresi horien bertze aldean dagoen indarkeriaz ohartzen da gizartea?

Munduko hamaika txokotan ekintzaile infiltratuek egiten dituzten ikerketek duten eraginak erakusten du ezetz, gizartea ez dela gertatzen denaz ohartzen. Bertzalde, argi dago engainatzen gaituztela, eta badela egoera ez aldatzeko interesa; hau da, industria ahalegintzen da bere jarduerari buruzkoak ezkutuan gordetzen; propaganda zabaltzen du, haztegietan animaliak zoriontsu bizi direla sinetsarazteko.

Haztegietan eta hiltegietan sartu zara. Eragin dizu han gertatzen denaren lekuko izateak?

Lan honekin hasi aurretik ere banuen harremana zapaldutako animalien irudiekin. Egin nituen animaliak esplotatzen dituzten zentroen inguruko ikerketak. Gizartea kontzientziatzeko lana egiteko, halaber, bertze hainbat ekintzailek egindako irudiak ere erabili izan ditut. Esplotazio horren lekuko izateak badu eragina, bai. Inguratzen zaituen munduarekin duzun harremana betiko aldatzen da. Baina gertatzen denaren lekuko izatea ere bada modu bat gogoratzeko abandonatzea ez dela aukera bat.

Argazkilaritzat eta ekintzailetzat duzu zeure burua; erran izan duzu zure helburua dela gizartea astintzea. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi? Nola antolatzen duzu zure lana?

Gogoeta politiko baten ondorio da Tras Los Muros proiektua. Kamera eta proiektua bera puzzle estrategiko baten bi pieza dira; puzzle horren asmoa da astintzea, kontzientziatzea, eta, ondorioz, eraldatzea. Ez dut ulertzen proiektu hau egitasmo bakar baten gisa; niretzat, bertze hainbat kiderekin partekatzen dudan borroka sare baten zati bat da. Proiektuaren lehen etapa honetan nire aurreneko helburua da esplotazio eremu ezberdinen inguruko irudi artxibo bat osatzea. Horren bidez, zubiak eraiki nahi ditut animalia gehien zapaltzen dituzten eremuetarantz. Nire asmoa da, halaber, hainbat aktibismo modu zehatzen berri jasotzea eta zabaltzea, lan horren bidez gogoeta kolektiboari nire ekarpena egiteko. Toki zehatzetara sartzen laguntzeko prest dagoen jendearen deiak eta mezuak jasotzen ohi ditut. Ondorioz, nire agenda denbora luzez lantzeko erreportajeekin osatzen badut ere, malgutasunez jokatzen dut, proiektuari sendotasuna ematen ahal dioten gertaeren berri ematera joan ahal izateko.

Kazetariok egin beharreko lana egiten ari zarela uste duzu?

Duela sei urte, ikerketa baten berri eman eta gero, kazetari batek horixe erran zien hainbat kideri, kazetariek hainbat arrazoirengatik egiten ez zuten edo egin nahi ez zuten lana egiten ari ginela ekintzaileok. Geroztik, gora egin du animalien eskubideen aldeko interesak, eta gero eta gehiago dira animalien egoeraren berri eman nahi duten kazetariak. Hunkitu eta liluratu egiten nau gosearen, kartzelaren edo gerraren miseria gurera ekartzen duten fotokazetarien lanak; mundua eraldatzera bultzatzen gaituzte. Beharrezkoa da fotokazetari horien talentua bertze animalien alde ere baliatzea.

Animalien esplotazioari uko egiten dion jarrera politikoa da beganismoa. Anitzek dietatzat dute, ordea. Zein neurritan da ekintzaileen ardura, eta zein neurritan da mugimendua edukiz husteko saio bat?

Beganismoak animalien esplotazioari uko egiten diola kontuan hartuta, ezin dugu dietatzat edo modatzat hartu. Erantzukizun politiko bat da; hartu beharreko ardura, zapalkuntza bere forma guztietan desagertu behar dela onartzen badugu. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 50.000 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte, arrainak kontuan hartu gabe. Animalien eskubideen mugimenduak errealitate horri egin behar dio aurre; urratsak egiten ez diren sentsazioak pragmatismoaren tranpara eramaten gaitu, eta, hortik, deriba ideologikora eta haren ondorioetara.

1991n, AEBetako Abeltzainen Elkarteko kideen aurrean, mugimenduak zatitzeko eta bereganatzeko bere estrategiaren berri eman zuen Ron Duchinek. AEBetako Defentsa idazkariaren aholkulari berezia zen, eta MDB agentziako presidente. Duchinen hitzetan, erradikaltzat jotako ekintzaileak bakartzea da lehen urratsa; motibazio politikoa dutenak eta sistema aldatu nahi dutenak jotzen ditu Duchinek erradikaltzat. Bigarrenik, idealistekin egin behar da lan, errealista bilakatzeko; hau da, sistemaren barruan lan egiteko prest diren pragmatiko bilakatzeko. Denborak aurrera egin ahala, erradikalek sinesgarritasuna galtzen dute, eta errealistek, ikusgarritasuna, boterea edo jarraitzaileak bilatzen dituztenekin batera, industriari bere helburua betetzen laguntzen diote: akordio taktikoak egitea, garaipen partzialak eskainiz. Industriak badu interesa mugimendua edukiz husteko, bere indar eraldatzailea hutsean uzteko. Agerikoa denari so egiten badiogu, kontuan hartu behar dugu, gure asmo onak alde batera utzita, industriak izan dezakeela eragina mugimenduaren erabaki estrategikoetan.

Zer harreman du animalien aldeko mugimenduak bertze gizarte mugimenduekin?

Mugimenduen artean bat egiteko gero eta borondate handiagoa sumatzen dut, baina, oraindik ere, alde biko erresistentzia badela uste dut. Militantziaren bertze hainbat esparrutan postmodernitatearen ondorio zuzentzat jotzen da gure mugimendua, eta ez mugimendu politiko eta eraldatzailetzat. Aldi berean, gure mugimenduan borroka iraultzaileak modu negatibo batean ikusten dituzte hainbat sektorek. Hori guztia formakuntzarik ezaren ondorio da. Gure mugimenduak zapaldutako norbanako ororen askapena du helburu, eta, ondorioz, ezin dugu bazter utzi askapenerako borroken garapen historiko eta politikoa, ezta borroka horiekin batzen gaituen guztia ere. Bertze mugimenduek, halaber, ezin dute jarraitu bertze animaliek pairatzen duten zapalkuntzari bizkarra ematen. Bertze animalien adimena, haien gorputzen tamaina, hitz egiteko ezintasuna edo haien itxura ez dira hiltzeko, haztegietan ixteko, basoetan tiro egiteko, laborategietan torturatzeko edo itsasoan itotzeko arrazoi. Bertze mota bateko zapalkuntza pairatzen dutenek bezala, bertze animaliak ere haien borondatearen aurka zapaltzen dituzte, irizpide moral arbitrarioak baliatuz. Gure mugimenduak hutsak egin ditu, formakuntzarik ezagatik eta ikuspuntu iraultzailerik ezagatik, eta, askotan, jarrera despolitizatuak erakutsi ditu, baina hori ez da arrazoi nahikoa gizaki ez diren animaliak justiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarrietatik kanpo uzteko. Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu.

Horren haritik, Martxoaren 8ko eta Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu dute antiespezistek.

Borroka esparruetara eraman behar dugu antiespezismoa, bertze borroketara hurbildu. Bada lotura, eta lotura horretan dago, hain zuzen, inon baino aldaketarako aukera gehiago.

Parisen, duela gutxi, hiltegien aurkako manifestazioa egin zuten. Euskal Herrian halakorik gerta daitekeela uste duzu?

Bazterketa, zapalkuntza eta errepresioa pairatu dituen herri borrokalaria da Euskal Herria. Hori kontuan hartuta, lehenago edo geroago, ziur naiz hemen ere gertatuko dela.