«Operazio hau zirku hutsa izan da: titular baten bila zebiltzan, antifaxismoa kriminalizatzeko»

«Operazio hau zirku hutsa izan da: titular baten bila zebiltzan, antifaxismoa kriminalizatzeko»

Atzo goizeko «sustoa» pasata, lasaiago dago Beñat Remon Reta gazte antsoaindarra (Nafarroa). Haren etxeko atea jo eta atxilo eraman zuen Espainiako Poliziak, iragan urriaren 30ean Vito Quilesen aurkako protestetan parte hartu zuelako. Aske da orain, epaileak noiz deituko zain. Polizia operazioa antifaxismoa «kriminalizatzeko» saialdi bat dela uste du.

[articles:2159138]
Nola bizi izan zenuen atzoko atxiloketa?

Oso arraroa izan zen. 09:30 aldera jo zuten nire etxeko atea, baina, aurretik, nire gurasoen etxera joan ziren. Oraindik orain helbide horretan erroldatuta nagoenez, hara jo zuten lehenbizi. Hortaz, gurasoek atxiloketaren berri izan zuten nik neuk baino lehenago. Etxeko ezkaratzera jaitsi nintzen eta zuzenean eraman ninduten Chinchilla kalera, Espainiako Poliziak han duen komisariara.

Zer egotzi dizute zehazki?

Niri desordena publikoak baino ez. Beste atxilotu batzuei, desordena delituaz gain, autoritatearen aurkako atentatu delitua ere leporatzen diete.

Nolako tratua eman zizuten?

Atxilotzera etorri zirenean, tratua egokia eta lasaia izan zen. Gero, polizia etxean nengoela, nabari zen urduritasuna. Polizia guztiek aurpegia estalita zeramaten eta iskanbila betean ari ziren. Aukera eman zidaten abokatuari deitzeko, eta handik hiru bat ordura iritsi zen, 13:00ak aldera.

Eta abokatua iritsita, deklaratu eta aske atera zinen, ezta?

Ez nuen deklaratu ere egin. Abokatua iritsita, alde egiten utzi zidaten. Esan ziguten epaitegitik deituko digutela aurrerago, deklarazioa hartzeko…

Hortaz, notifikazioa emateko soilik egin zuten polizia makrooperazio hori?

Hori da, bai: zirku hutsa izan da dena. Titular baten bila zebiltzan, eta horretarako atxilotu zituzten hogeitik gora pertsona. Itxurakeria baino ez. Vito Quilesen aurka erantzun antifaxista eta antiespainolista bat antolatu zen egun hartan, eta hain justu, horixe da jopuntuan jarri eta kriminalizatu nahi izan dutena. Atxilotze aginduak epaile batek sinatuta ere, argi dugu Espainiako Polizia dagoela operazio honen guztiaren atzean.