Lapurrek gustuko dute udako sasoia

Lapurrek gustuko dute udako sasoia

Kattalin Barber

Uda da lapurrek gustukoen duten urtaroa Nafarroako etxebizitzetan lapurtzeko. Unespa aseguru etxeen elkarteak hala ondorioztatu du, 2014ko lapurretei buruzko datuak biltzen dituen txostenean. Lapurrek sanferminak eta udaren hasiera baliatzen dituzte herrialdeko etxeetan sartzeko eta ahal duten guztia lapurtzeko. 185.000 etxebizitzako lagina hartu du Unespak ikerketa egiteko eta Nafarroan gertatutako 550 lapurreta kontuan izan ditu. Gehien osten dituzten objektuak eskudirua, bitxiak eta gailu elektronikoak dira.

Azterketaren arabera, biztanleria kopuruarekin lotuta dago lapurreta tasa. Hau da, herritar eta etxebizitza gehiago dauden eremuetan izaten dira lapurreta gehien. 550 lapurreta horietatik, 270 Nafarroako hiriburuan gertatu ziren. Dena den, txostenak aipatzen du Iruñea ez dela Nafarroako lekurik “arriskutsuena” lapurretak gertatzeko. “Ikertu ditugun lapurreten herenak hiriburuan gertatzen dira, baina normala da Iruñean lapurreta gehiago izatea, udalerri handiena delako”, esan du Miguel Angel Vazquez Unespako Analisi eta Azterketa arduradunak. Era berean, auzoka ikertuz gero, Zabalgunea da aukera gehien duen auzoa lapurretak gertatzeko. Iturrama eta Alde Zaharra dira auzo “lasaienak”.

Etxebizitza kopuruaren eta lapurreten arteko batez bestekoa aztertu du elkarteak. Logika horretan, Lodosa da lapurrek gehien osten duten herria. Izan ere, herrialde osoko batez bestekoa baino %263 aukera gehiago du Erriberako herriak lapurretak jasateko. Ondoan daude, besteak beste, Murchante (%117), Erriberri (%89), Tutera (%87) eta San Adrian (%83). Kontrako muturrean Tafalla ageri da. Ikerketaren arabera, Nafarroako herririk seguruena da. Ablitas, Azagra eta Zangoza ere herri lasaiak dira, txostenaren emaitzen arabera, betiere.

Ustea dago asteburuetan gertatu ohi direla lapurreta gehienak. Baina txostenaren arabera, igandea da aukera txikiena duen eguna lapurretak gertatzeko. “Ikertu dugunaren arabera, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan izaten dira lapurreta gehienak”, azaldu du Vazquezek.

Lapurreten larritasuna ere aztertu du Unespak bere txostenean. Horren arabera, udalerri txikietan izaten da kostu handiko lapurreta gehien. Batez beste, 1.062 euroko kostua izan dute Caparrosoko lapurretek. Eta Metautenen, adibidez, 1.021 euroko batez besteko kostua. Balantzaren beste aldean daude, berriz, Mendabia eta Ribaforada herriak, alde handiz. Bertan izandako lapurretek 50 euro inguruko kostua izan dute, batez beste.

Lapurreten kostua ere asko aldatzen da Iruñeko auzo batetik bestera. Arrosadian eta Zabalgunean gertatu ziren lapurreta garestienak: 1.103 euro eta 856 euro batez besteko, hurrenez hurren. Lapurreta “merkeenak”, berriz, Arrotxapean eta Sanduzelain (241 euroko kostua) eta Berriozarren (253 euroko kostua) izan ziren. Iruñeko batez bestekoa 372 euro da.

Ikerketaren arabera, Iruñean gertatzen diren lapurreta gehienak uztailean izaten dira. “Lapurrek baliatzen dute hiria jendez gainezka dagoela, eta iruindarren zati handi batek hiritik alde egiten duela”. Horretaz gain, Nafarroan lapurretak “ohikoak” dira urtarrilean, Gabonak amaitzen direnean.

Dena den, Vazquezek baieztatu du Nafarroa herrialde “segurua” dela: “Imajina ezazu The Bing Bang Theory telesaileko Sheldon protagonista maniaduna zarela; argi eta garbi Nafarroan etxebizitza bat erosiko zenuke. Izan ere, Espainia osoarekin alderatuz, Nafarroa da lapurretak sufritzeko probabilitate gutxien duen herrialdea”.

819 lapurreta iaz

Javier Hernandez Nafarroako Foruzaingoaren komunikazio arduradunak azaldu du “oso gutxitan” berreskuratzen direla lapurtutako gauzak. “Objektuak ez dituzte luzaroan beren esku edukitzen, eta, askotan, atxilo hartu arren, zaila da objektuak berreskuratzea”. Denbora pasatzen den heinean, gero eta zailagoa da berreskuratzea. Foruzaingoak dituen datuen arabera, 2015. urtean 819 lapurreta egin ziren Nafarroako etxebizitzetan. 2014. urtean, berriz, 761 salatu zituzten.

Lapurreta bat gertatzean, lehengo pauso gisa, salaketa jarri behar dute bizilagunek. Horren ondotik, aseguru etxera jo, eta gertatutako kalteen berri jakinarazi. Aseguru etxearen aditua lapurreta izan duen etxera joaten da, gertatutakoa berrestera, eta, horren arabera, jasotzen dira kalte-ordainak eta egiten dira beharrezko konponketak.