“Gladys del Estal da auzi honetako lehen biktima”

E. Elizondo

“Herritarrak tiro eremuaren aurka dira, baina Bardeako batzarrak erabakitzen du, eta herritarrak ez zaizkio inporta”. Horixe nabarmendu du Angel Rinconek (Cortes, 1949). Ezkerreko Hautagaitzako alkate izan zen Cortesen, zortzi urtez, 1991. urtera arte.

Alkate zinenean mahai gainean ziren gaietako bat zen Bardeako tiro eremuarena?

Bai. Mugimendua bazen garai hartan. Jendeak ez zuen tiro eremurik nahi Bardean, eta udal guztiak ere, edo gehienak, behintzat, kontra ginen. Baina, batez ere, herritarrak ziren tiro eremuaren aurka. Inork ez zigun jaramonik egiten, ordea. Garai hartan gertatu zen Gladys del Estalena. Nuklearren eta tiro eremuaren aurkako lehendabiziko manifestazioa egin zuten Tuteran, eta guardia zibil batek Gladys tiroz hil zuen. Orduan zegoen tiro eremuaren aurkako sentimendua ez da desagertu. Herritarrek kontra jarraitzen dute, baina kontua da Espainiako armadak eta Defentsa Ministerioak diruz erosten dituztela nahi dituzten borondateak. 190.000 euro ematen dizkiote udal bakoitzari, eta, jendeak aurka jarraitzen duen arren, hainbat udalek baiezkoa ematen dute diruaren truke.

Zu alkate zinenean udal gehienak kontra zirela erran duzu. Egoera aldatu da, beraz?

Ez. Nik uste dut egoera ez dela aldatu, baina gauza bat dira udalak eta bertze bat Bardeako batzarra.

Batzarrak erabakitzen du?

Bai, eta, zenbait kasutan, udalek erraten dutenaren aurka erabakitzen du. Nafarroako Parlamentua ere tiro eremuaren kontra da, baina Bardeako batzarrari berdin zaio. Berdin zaio herritarroi zer gertatzen zaigun, edo zer iritzi dugun. Ez dugu ahaztu behar orain egiten ari diren ariketak bertze hainbat herri bonbardatzeko saioak direla.

Bardea bonbardatzeko saioekin bat egin du Nafarroako Gobernuak antolatutako Bakearen Nazioarteko Egunaren ospakizunak. Zer deritzozu?

Bakearen eguna ospatzea ongi iruditzen zait, eta Paco Etxeberria zoriondu nahi dut jasotako errekonozimenduagatik. Hala ere, memoria historikoaren aldeko langile gisa, nik erran behar dut, argi eta garbi, hemen ospatzeko deus ez dugula. Hildako anitz dugu, oraindik ere, bide bazterretan. Sentsazioa dut ospakizunekin auzia amaitutzat jo nahi dutela, eta hori ezin dugu onartu. Ez dugu onartuko. Egia, justizia eta ordaina behar ditugu.

Gladys del Estalen kasuan ere bai?

Bai, zalantzarik gabe. Gladys del Estal ez dute biktimatzat jo. Tiroz hil zuten, baina inork ez du inolako ardurarik hartu gertatutakoagatik. Alderantziz; hil zuen guardia zibila karguz igo zuten. Gladys del Estal biktima da; auzi honetako lehena. Ordaina merezi du.

Tiro eremuaren aurkako protestak badira. Hori da bidea, azpiegitura hori bertan behera utzi ahal izateko?

Hagitz garrantzitsua da protestei eustea. Ni alkate nintzenean, tiro eremura sartu ginen, eta hainbat orduz lortu genuen bonbardaketa gelditzea. Jon Idigoras ere han zen. Ez dut erran nahi jendeak tiro eremuan sartu behar duenik, baina protestei eutsi behar zaie, eta bat egin behar dugu denok.