Zortzi mendetako Nafarroari so

Zortzi mendetako Nafarroari so

Kattalin Barber

Martxan da Nafar Estatuaren Historia izenburuko 11. ikastaroa; abendura arte, VIII. mendean Nafarroako Erresumaren egituraketa zein zen azaldu, eta konkistara arteko mugarri historikoak jorratuko ditu. 2012an hasi zen Euskokultur Fundazioa, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Nafarroako estatuaren historiari buruzko ikastaroa antolatzen. Euskaraz, asteazkenero ariko dira historiari buruz Arrotxapean dagoen Euskokultur mintegian, 19:00etatik 20:30era. Asteartero, berriz, gaztelerazko saioak izanen dira. Erdarazko ikastaroetan Aitor Pescador izanen da irakasle, eta euskarazkoetan, berriz, Bixente Serrano.

Serrano historialariak azaldu du “maila apalean eta era ulergarrian” antolatutako ikastaroa dela: “Ez da historian aditua izan behar hona etortzeko. Izan ere, ikastaroa ez da Nafarroako historian aditu direnentzat, baizik eta interesa duen edonorentzat”. Nafar Estatuaren Historia, VIII.-XVI. mendeak da izenburua, eta abenduaren 14ra bitartean eginen dute.

Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafarroako historia ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta UEUk antolaturiko ikastaroak. Hamabi saiotan antolatu dute, eta Nafarroako Erresumaren sorrera, bilakaera eta konkistaren zioak ezagutzeko modu bat izan nahi du. Mende horietako gertaerak azaltzeko eta sakontzeko aukera eman nahi die parte hartzaileei.

Antolatzaileek espero dute azkeneko saioak piztuko duela eztabaida gehien. Nafarroako konkista eztabaidan izena du, hain zuzen ere. “Historiaren garapen kronologikoa 11 saiokoa da, baina beste bat egin dugu konkistaren gaia eztabaidatzeko. Zeintzuk izan ziren ikusmoldeak, eta konkista baten ustezko onurak eztabaidatuko ditugu”, azaldu du Serranok.

Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrena izan zen 2012an, eta urte horretan erabaki zuten ikastaroa egitea. Hiru antolatu zituzten, zehazki: “Esan dezakegu modan jarri zela konkistaren gaia. Sozialki nolabaiteko boom-a izan zen, jendeari sortu zitzaion jakin-mina, eta bide horretan antolatu genuen hau”, jakinarazi du Xabier Lozano ikastaroaren arduradunak. Lau urte geroago, interesa dago, eta gustura prestatzen dute ikastaroa Arrotxapeko egoitzan.

Datuak eman ditu Lozanok: urte hauetan guztietan 350 pertsonak parte hartu dute ikastaroan. “Horrez gain, saio osagarriak eta doako hitzaldiak antolatu izan ditugu, eta 150 pertsona inguruk parte hartu dute horietan”, erantsi du. Asteazkenean zortzi lagunek hasi zuten ikastaroa euskaraz, eta gaztelaniaz, berriz, 11 pertsonak. Izena ematen duten gehienak Nafarroakoak direla esan du Lozanok, baina urteren batean Gipuzkoatik etorritakoak ere izan dituztela gaineratu du: “Askok, gainera, materiala eskatzen digute. Bibliografia zabala daukagu, bai eta ikus-entzunezkoak ere”.

Gazte gutxi

Heldu den abenduaren 14ra arte iraunen du ikastaroak. Eguberrietatik bueltan, hala ere, Euskal Herria XVI-XX. mendeetan ikastaroa hasiko dute, aurrekoari segida emanez. Azkeneko lau mendeak ditu ardatz horrek: “Interes gutxiago du. Askok pentsatzen dute mende horietan Nafarroa desagertuta zegoela, ez zela ezer gertatu. Baina kontu eta fenomeno oso interesgarriak daude. Adibidez, nola moldatu zuten diskurtsoa Nafarroan erresuma gisa mantentzeko”, argitu du Serranok. Haren ustez, Nafarroako gizarteak gero eta ezagutza handiagoa du historiari buruz. “Dena den, nabarristak ez direnen artean gertatzen ari da hori. Ideologiengatik oso baldintzatuta jarraitzen du gaiak”.

Ikastaroa ahoz aho zabaldu dela dio Lozanok, eta izena eman dutenek “izugarri kontent” daudela ziurtatu dute. “Gustatuko litzaigukeen baino gazte gutxiago etortzen dira; 30 urte baino gehiagokoak etortzen dira, eta horietako asko, erretiratuak”.

Saioz saio, abendura bitarte honako gai hauek jorratuko dituzte: Urte ilunak (778-900), Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000), Baskoniako bertze lurraldeak 1000. urtera arte, Antso III.a Nagusia eta haren oinordekoak (1004-1076), Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinura (1076-1194), 1194-1212: Nafar Estatuaren krisia, Txikiagoturiko Nafarroa (1200-1400), Berreskuratzeke leudekeen lurraldeak (1200-1400), XV. mendeko konbultsioak, Nafarroako Estatua eta Europa (1494-1512), Urte erabakigarriak (1512-1530) eta Nafarroako konkista eztabaidan.