Ondarea, klik batean

Ondarea, klik batean

Asier Garcia Uribarri

Teknologia berrien erabilera, inguruaren ezagutza eta ele aniztasuna. Hiru ezaugarri horiek bildu ditu Nafarroako Ikastolen Elkartearen azken proiektuak: Gure ondarea QR-tuz. Nafarroako ikastoletako ikasleek euren eskualdeetako 75 gune esanguratsu aukeratu eta deskribatu dituzte. Hala nola, elizak, jauregiak edota natur guneak. Deskribapen horiek guztiak, ahoz eta idatzizkoak, datu base batean sartu dituzte. Informazioa jaso daiteke tokian-tokian jarri dituzten QR kodeak erabiliz.

Duela urte eta erdi, ikastolen 50. urtemuga ospatzeko hainbat ekinaldi antolatu zituen ikastolen elkarteak, eta orduan sortu zen proiektu berriaren ideia. “Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren alde egiten dugu, eta ildo horretan ikastola guztiak batuko zituen proiektu bat garatu nahi genuen”, azaldu du Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak.

Horrelako hainbat proiektu martxan dituzte Nafarroako ikastolek. Lizarran, adibidez, Nondik dator ura? proiektua lantzen ari direla nabarmendu du Reparazek. “Ikasleak ibaien iturburuetara joaten dira, eta gure etxeetara heldu arte urak egiten duen bide guztia aztertzen dute. Horrelako proiektuak ikastola guztietan daude. Baina guztiek parte hartuko zuten bat nahi genuen”.

Ekinaldia Nafarroako ikastoletako Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleek egin dute. Ikastalde bakoitzak bere eskualdeko sei elementu aukeratu ditu, besteak beste, Arbizuko dorrea, Arbaiungo arroila, Tuterako Uharte markesen jauregi barrokoa eta Iruñeko Frantziako ataria. Gero talde bakoitzari buruzko informazioa bildu eta deskribapenak osatu dituzte. Euskara da prozesuaren oinarria, baina testuak beste hainbat hizkuntzatara ere itzuli dituzte. “Testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jaso ditugu. Halere, ikastetxe batzuetan aukera bazegoen, eta beste hizkuntzatan ere jarri ditugu: frantsesez eta alemanez”.

Dagoeneko QR kodeak jarrita daude behar duten guneetan, eta edonor hurbildu daiteke informazioa jasotzera. Erabiltzeko modua oso erraza da. Sakelako telefonora QR kodeak irakurtzeko aplikazioa jaitsi egin behar da aurretik. “Oso erraz eskuratzen da, eta doakoa da”. Behin aplikazioarekin, sakelakoa QR kodera hurbildu, eta informazioa ahoz edo idatziz jaso nahi duen galdetuko diote erabiltzaileari. Hautua egin eta gero, erabiltzaileak informazioa jasoko du telefonoan.

Elkarlana oinarri

Ikasleek egindako lana hiru edo lau astean bukatu dutela azaldu du Reparazek. Informazioa bilatu eta deskribapenak egiteko nahiko ongi moldatu dira ikasleak. Prozesuko parterik zailena ahozko testuak grabatzea izan da. “Ezin da edonola irakurri: astiro, beharrezko geldialdiekin… edozein entzulek ulertzeko moduan. Horrek nahiko lan ekarri du”.

Testuak osatzeko eta grabatzeko hainbat astez lan egin behar izan badute ere, zeregin burokratikoak izan dira proiektua gehien luzatu dutenak. Izan ere, erregistratutako eraikin asko pribatuak dira, eta horien jabeen baimena behar izan dute QR kodeak bertan jartzeko. “Elizetan kodeak jartzeko Artzapezpikutzaren baimena behar izan dugu, eta beste zenbait kasutan, eraikinetako jabeena. Baina denen jarrera oso positiboa izan da. Gogo onez hartu dute gure ekinaldia”.

Proiektuak Vianako Printzipea erakundearen babesa ere izan du hasieratik. “Erabateko prestasuna izan dute gurekin bat egiteko. Testu guztiak gainbegiratu dituzte. Azken finean, toki publikoetan egongo den informazioa da. Onartu egin digute proiektu honekin instituzio publikoek zuten hutsune bat bete dugula”.

Reparazek adierazi du horrelako proiektuek ikasleengan motibazio berezia sortzen dutela. “Ikasleek ikusten dutenean ikasten duten edozer gauza baliagarria dela eta ikastolatik kanpo oihartzuna duela motibatu egiten dira. Are gehiago, euren lanaren hartzaileak helduak badira”.

Behin lanak bukatuta, orain proiektua gizarteratzea baino ez zaie geratzen. Horregatik, ikastoletako eta hezkuntzako aldizkari espezializatuetan berria zabalduko dute. Gainera, tokian tokiko turismo bulegoetan eskuragai jarriko dituzte triptikoak informazio guztiarekin.

Lehen pausoa 75 gune erregistratzea izan da. Baina Reparazek ez du baztertzen datozen urteetan proiektua garatzen jarraitzea. “Nafarroan gune asko geratzen dira erregistratzeko; beraz, lana badugu aurretik”. Ikasleek hainbat gaitasun landu dituzte proiektu bakar batean, eta gizarteak, gainera, Nafarroako ondarea eskuragai du, orain, klik bakar batean.