Kutsatzen duten tiroak

Kutsatzen duten tiroak

Edurne Elizondo

Aiegiko Tiro Eremurik Ez plataformako kideek ez dute amore eman nahi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren aurrean salatu dute herriko azpiegitura hori. Sustrai Erakuntza eta Uraren Kultura Berria fundazioek babesa eman diote plataformari, eta bat egin dute salaketarekin. Tiro eremua tokiz aldatzeko eskatu dute, eta agerian utzi dute lur azpiko urak kutsatzeko dagoen “arrisku handia”.

“Duela hamar edo hamabost urte jarri zuten martxan tiro eremua, baina, ordutik, gauzak anitz aldatu dira”, azaldu du plataformako kide Xabier Puertak. Tiro eremua zabaldu zutenean, batetik, etxebizitzarik ez zegoen inguruan. Orain, hainbat kirol azpiegitura badaude, tartean futbol zelaia eta Ardantze zentroa. “Jende anitz pasatzen da ondoko bideetatik”. Bertzalde, tiro eremua urtean bitan erabiltzen zuten azpiegitura izan da orain arte, behin-behinekoa, alegia, baina behin betiko bilakatu nahi dute, bere jarduera urte osora zabaldu ahal izateko. 2014tik, asmo horren aurka borrokan ari dira Tiro Eremurik Ez plataformako kideak. “Herritarrei eta ingurumenari eragiten dielako”, laburbildu du Puertak.

Herritarren artean, hain zuzen ere, eztabaida piztu du auziak. Plataforma sortu eta sinadurak biltzeko kanpaina ere egin izan dute taldeko kideek: 320 baino gehiago jaso dituzte. Aiegiko Udala, halere, ez dute bidelagun izan. Alderantziz. “Tiro eremua lur sail publiko batean dago; eta diru publikoarekin ari dira lanak egiten, urte osoan zabalik eduki ahal izateko”, salatu du plataformako kideak. 20.000 euro inguruko diru saila bideratu dutela jakinarazi du. Proiektuaren bultzatzailetzat jo du udala, ondorioz, herriko ehiztarien elkarteko batzarreko kideekin batera.

Tiro eremua ezin dela egun dagoen tokian gelditu nabarmendu du Puertak, eremua dolina karstiko bat delako. “Inbutu natural baten gisakoa da; hobia du erdian, eta, ondorioz, euria egiten duenean, eremu horretan dauden materialak azpian dauden uretara ailegatzen dira”. Euriak, bertzeak bertze, tiro eremuko jardueraren ondorioz, berunezko perdigoiak eta plateren zatiak mugitzen ditu lur azpiko uretara; “kutsagarriak horiek ere”, zehaztu du Puertak. “Lokizko mendilerroko lur azpiko urak, hain zuzen ere, Ega ibairaino ailegatzen dira”, ohartarazi du, gainera, plataformako kideak.

Baldintzatutako baimena

Ura kutsatzeko arriskuak eragin du Tiro Eremurik Ez plataformak Ebroko Ur Konfederazioaren aurrean salaketa jartzea. Ez da izan egin duen urrats bakarra, halere. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen Departamentuko kideen aurrean ere salatu du Aiegiko azpiegiturak ekartzen ahal duena, behin baino gehiagotan. Gobernuak, hain zuzen ere, baimena eman dio tiro eremuko jarduerari, baina hainbat baldintza jarrita. Baldintza horiek jada ez direla betetzen ari nabarmendu dute plataformako kideek, eta, ondorioz, esku har dezala eta emandako baimena hutsean utz dezala eskatu diete gobernuko arduradunei.

Puertak nabarmendu du tiro eremua egun dagoen tokian egonda ezin dela saihestu beruna lur azpiko uretara ailegatzea, eta hori da gobernuak baimena emateko zehaztutako baldintzetako bat, hain zuzen. “Eremu aldapatsua da, eta zuhaixka anitz daude; gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikari batek ere aitortu zuen ezinezkoa zela tiro eremua behar bezala garbitzea”. Garbitzea ez ezik, jasotako hondakinak kudeatzea ere eskatu dio gobernuak tiro eremuari. “Baina ez dute egiten. Ez dituzte baldintzak betetzen”.

Ez hori bakarrik. Puertak salatu du gobernuak ez zuela txostenik eskatu tiro eremuak lur azpiko uretan eta, ondorioz, Ega ibaian eragiten ahal zituen kalteei buruz, baimen hori eman baino lehen. “Txosten hori egitea zegokion Ebroko Ur Konfederazioari, hain zuzen, eta horregatik aurkeztu dugu salaketa erakunde horren aurrean”.

Egungo egoera aldatzeko eskumena Nafarroako Gobernuak duela berretsi du Puertak, eta lehenbailehen esku har dezala eskatu dio, ondorioz. Plataformak tiro eremua Aiegiko Sarnabiaga harrobira mugitzeko proposamena jarri du mahai gainean, adibidez, baina ez du erantzunik jaso. Aiegiko eta inguruko urak eta ingurumena jokoan direla uste dute plataformako kideek, eta haien alde lanean jarraitzeko prest dira. Ez dute kutsatzen duen tirorik nahi.