Jon Barberena
Asfaltoan leitu dut bizikleta gainetik Aroztegia gelditu aldarria. Hanken gisara burua ere mugimenduan hasi zait, eta izan nuen lehen errepideko bizikleta etorri zait burura. Bizikleta zaharra zen. Peugeot markakoa. Plater bakarra eta hiru piñoi zituena. Pendizak neketan gainditzen nituen. Ohartzerako pedalak gogor-gogor paratzen ziren, eta aski gostarik ailegatzen nintzen goitiraino. Ez zen punta-puntakoa, baina ikaragarri maite nuen. Anaia zaharrenari oparitu zioten 10. urtebetetzean, eta haren gainean ibiltzen zen, batean Lucho Herrera zela, bertzean Marino Lejarreta zela… pedalak oinetan eta ametsak buruan.
Hala ere, gorputza handitzearekin batera, bizikleta ttipi geratu zitzaion anaiari. Orduan nik eskuratu nuen nire belauneko zaurien eragile izanen zen altxor preziatu hura.
Modu horretan hartu nituen anaiaren Playmobil, txandal eta galtza batzuk. Arropak edo jostailuak ahal zen neurrian zaindu eta ondorenari uzten zitzaizkion orduan. Eta pedalkadaz pedalkada zalantzak etorri zaizkit burura. Ez dakit gure ondorengoei zer nolako Baztan utziko diegun. Zalantza dut teilatu gorriz, mendi berdez eta harrizko etxez jositako bailara euskaldun hau behar bezala zainduko ote dugun.
Herri galdeketa egin, proiektu urbanistikoaren kontra agertu eta gorrak diren politikoak baldin baditugu, zer-nolako erantzunak jasoko dituzte etorkizunean? Auzitegiak proiektua legez kontrakoa zela erran eta behin betiko erabakia argitaratu aitzin, gobernuak proiektua udalaz gaindiko edo UGEP deklaratu baldin bazuen, zer-nolako balio politikoak utziko dizkiegu? Eta oraingo gobernuak antzinakoaren lepo beretik baldin badu burua, nola definituko dute aldaketa etorkizuneko hiztegiek? Nola adierazpen askatasuna? Herritarren hitza errespetatzea helburu zuen prentsaurrekoaren ondotik salaketak paratzen baldin badira?
Baztango hamaseigarren herria bihur daiteke Aroztegia. Lekaroz guztiz desitxuratuko duena, euskarari kalte egin eta herriaren ohiturak eta izaera errotik aldatuko dituena. Azken urteetako krisi ekonomikoaren eragile izan den bertze kolpe urbanistiko bat paratuko da herritarren nahiaren gainetik. Norbaitek pentsatuko du aldaketak onartzen ez ditugula. Iraganean preso bizi garela edo. Baina gurea ez da bailara estatikoa. Aldaketak onartu eta behar ditugu. Sustraiak iraganari lotuak ditugu, baina adar berriak, etorkizunerantz begira. Herri baten izaerak bizirik iraun nahi baldin badu, egokitzeko eta aldatzeko gaitasuna behar du: hizkuntza mailan, ohituretan, azpiegituretan… Prest gaude! Baina ez dugu 228 etxebizitza dituen herri huts bat nahi! Ez dugu izaerarik gabeko herri erdalduna nahi! Asteburuetan bakarrik zabalduko dira etxe horietako pertsianak, eta nekez sartuko dituzte haurrak gure eskoletan. Nekez parte hartuko dute eguneroko ohituretan eta solastatuko dira euskaraz.
Etorkizuneko aitatxi-amatxien izenak egungo Asier, Eider, Xuban edo Garoa izanen dira. Gure izen modernoak modaz pasako dira. Zahartzarora ailegatzen garelarik ez ote zaigu kontzientzia zimurtuko azalarekin batera? Ez diezaiegun gure bilobei desitxuratutako inguru arrotza utz. Herriaren hitza errespetatzen eta aditzen ez duten politikariak utzi eta izaerarik gabeko hamaseigarren herri grisa utzi, kolore berdea poeten sorburu izan den bailara eder honetan.