Negu Gorriak plataformako kideak Ceutara (Espainia) joanen dira igande honetan, Marokotik hara iritsitako migratzaileei laguntza emateko. Oinarrizko giza laguntzarako lehengaiak eramanen dituzte furgoneta batean, kalean eta behin-behineko kanpalekuetan bizi diren pertsonen bizi baldintzak hobetze aldera. Iruñeko kolektiboak datozen asteetarako antolatu dituen bi brigadetatik lehena izanen da igandean aterako dena, plataformako kide diren Izaskun Matak eta Samira Calvok azaldu dutenez: «Geure gorputzak ezkutu gisa erabiliko ditugu, errefuxiatuak babesteko. Ceuta eremu militarizatu bihurtua da, eta orain arte ikusi gabeko indarkeria pairatzen ari dira».
Brigadan parte hartuko duten beste zenbait kiderekin batera egin dute agerraldia, Iruñeko Errekoleten plazan. Han, elkarteko ordezkariek salatu dute Ceutan aterpe hartutako pertsonen bizi baldintzek «okerrera» egin dutela azken asteetan, besteak beste, «eraso arrazistak eta faxistak eta segurtasun indarren eta armadaren indarkeriazko jarrera direla-eta».
«Sakelakoak lapurtzen dizkiete migratzaileei, ezin dezaten asiloa eskatu; izan ere, gehienek formatu digitalean daramate dokumentazio guztia»
SAMIRA CALVO Negu Gorriak plataformako kidea
Indarkeria eta arrazakeria salatzeaz harago, baina, brigadak xedetzat izanen du Ceutara oinarrizko materiala eta komunikaziorako gailuak eramatea: «Han lanean ari diren erakunde humanitarioek gehien eskatzen duten materialetako batzuk sakelakoak, bateriak eta kargagailuak dira». Halakoak biltzeko deia ere egin dute: telefono eramangarri bat edo komunikaziorako beste gailuren bat eman nahi dutenek Fraktal erakundearen egoitzara eraman ditzakete, Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakian. «Iganderako garaiz iristen ez den materiala ere banatu ahal izanen dugu, bigarren brigadak eramanen baitu».
Matak eta Calvok esplikatu dutenez, Ceutan diren segurtasun indarretako zenbait kidek sakelakoak lapurtzen dizkiete migratzaileei, eta gero suntsitu: «Praktika horren helburua zera da, migratzaileek asiloa eska dezaten galaraztea. Izan ere, gehienek formatu digitalean baitaramate dokumentazio guztia».
Gazarako flotilla eredu
Iruñetik igandean aterako den brigadako kideek, bestalde, errefuxiatuen aurkako eraso arrazistak «detektatzen, salatzen eta geldiarazten» ariko dira Ceutan, eredutzat hartuta Gazarako flotillak eginiko lana. «Jakin badakigu flotillak jasotako bitartekoak eta elkartasuna ezin direla gure ekimen honekin alderatu, baina asmoa da espiritu berari eustea, modu apalagoan». Finean, Negu Gorriakeko ekintzaileen arabera, «Gaza Ceutan dago oraintxe bertan», eta baita «Iruñeko Udalak errolda ukatzen dion magrebtar gazte bakoitzaren baitan ere».
Plataformako kideek adierazi dute Ceutan gertatutakoak «lotura zuzena» duela hiriak «kapitalarentzat eta gerraren industriarentzat duen kokapen geoestrategikoarekin», eta Europako Batasuneko migrazio politiketan ere egin dute azpimarra: «Muga zeharkatzea erabaki duten pertsonek agentzia politikoa dute, beren kabuz pentsatzen duten subjektuak dira, eta beren bizia arriskuan jartzeko erabakia hartu dute, hain zuzen, monarkia basati eta autoritario batek zuzendutako herrialde batetik irteten saiatzeko. Baina horrek ez du esan nahi jokoan dauden interes geopolitikoei ezikusiarena egin behar diegula».
«Marra ikusezin batek lotzen ditu Ceutako muga, itsasoan itotako milaka pertsonak, Iruñeko sarekada arrazistak eta Aranzadiko komentua hustu izana»
IZASKUN MATA Negu Gorriak plataformako kidea
Hala, erakundearen arabera, Ceutan gertatzen ari dena «Europako Batasunaren politiken ondorioa» da, eta horien erantzuletzat jo dute Espainiako Gobernua ere: hala Pedro Sanchezena nola aurreko guztiak. «Europako Batasunak, gutxienez, 500 milioi euro ordaintzen dizkio Marokori hegoaldeko muga kontrolatzeko, eta Espainiako Gobernuak ehunka milioi euro gehiago ordaintzen ditu, zuzenean edo zeharka, migratzaileen aurkako errepresio bortitzena Marokoko lurraldean edo itsaso zabalean gerta dadin».
Negu Gorriak plataforma osatzen dutenen ustez, «marra ikusezin batek» lotzen ditu «Ceutako muga, Mediterraneo itsasoan itotako milaka pertsonak, Iruñeko autobus geltokian egiten diren sarekada arrazistak eta Arantzadiko komentua hustu izana». Gertakari horiek guztiak batu nahi ditu kolektiboak, «eta elkartasun benetakoa, zehatza eta materiala eskaini Espainiako Estatuaren eta Marokoko Estatuaren kapitalismo arrazista eta nekropolitika pairatzen duten guztiei».
