Musikaren bidetik

Musikaren bidetik

Kattalin Barber

Ez dira Iruñean jada, baina bizkar zorroa esperientziaz beterik eraman dute Haitira. Hamalau egunez, herri horretako 11 eta 16 urte bitarteko bederatzi gazte egon dira Nafarroan. Haitiko Port-au-Prince hiriburuko L’Ecole de Musique Saint Triniteko hari orkestrako kideak dira, eta Karibeko doinuz bete dituzte emanaldiak. Biolina, biola, txeloa eta kontrabaxuarekin han eta hemen izan dira beste errealitate batzuk ezagutzen. Atzo hartu zuten sorterrira itzultzeko bidea.

Alvaro Santiago Iruñeko Joaquin Maia eskolako irakasleak eta L’Ecole de Musique Saint Triniteko irakasle kolaboratzaileak antolatu du bisita, beste pertsona batzuekin batera. Santiagok duela sei urte ezagutu zuen lehen aldiz Haiti, eta, ordutik, urtero joaten da uda garaian. “Port-au-Princeko eskola honek orain dela 50 urte musika programa bat sartu zuen hezkuntza curriculumean. Haitin hau ez da oso ohikoa, baina eskolak musikaren aldeko apustua egin zuen”, azaldu du. Arazoak izan zituen arren, aurrera egin du musika eskolak, eta Santiagoren aburuz, musikak balio izan du ikasleek elkar ezagutzeko eta integratzeko: “Gizarte funtzioa egiten du argi eta garbi musikak. Eskola familia bezala hartzen dute ikasleek, eta eguneroko arazoen aterpetxea da”. Musikaren bidez, integrazioari bide egiten diote.

L’Ecole de Musique Saint Trinite ez da eskola “ohikoa” Haitin. Han ikasten dute 1.500 haur inguruk, eta ez dago desberdintasunik haien artean. “Herrialde guztiz desorekatua da Haiti, baina eskolan hori desagertzen da: guztiak berdinak dira, ez dago maila sozialik”. Adierazi duenez, edonork aukera du bertan ikasteko. Oasi bat da Haitin, eta musika funtsezkoa da eskolan. Eskolak udan antolatzen dituen kanpaldiei esker hasi zen Santiago haiekin harremanetan.

Ia hilabete osoko musika udalekuak izaten dira; irakasle kolaboratzailea da iruindarra. “Gozamena da; normalean, udan gaztetxoek ez dute egitekorik, eta, kanpaldi horri esker, haien egunerokoak zentzua hartzen du”, adierazi du. Eskola hiriburukoa izan arren, herrialde osoko haurrek parte har dezaten saiatzen dira. Musikaren bidez, landa eremuko eta hiriko gazteak elkartzea da xedea. “Hirian biolentzia da nagusi; herrietan, aldiz, urritasuna da arazoa”.

Joan den urteko udalekuetan sortu zen Iruñera etortzeko asmoa, eta urtarrilaren 27an iritsi ziren Haitiko bederatzi nerabe, lau irakasle eta arduradun bat. Ideia Haitin sortu bazen ere, “ezinbesteko” laguntza jaso dute Iruñean. Iruñeko Sagrado Corazon eskola, Mendillorriko Bideberri haur eta gazteen elkartea eta Kantuz taldea eta Mari Jose Gastearena Mendillorriko bizilaguna, besteak beste, aipatu ditu Santiagok. “Hau guztia posible izan da lagun askori esker”.

Hain zuzen, 14 egun hauetan, Haitiko haurrek hiru kontzertu eman dituzte, baina horretaz gain, hamaika ekitaldi eta jardueratan parte hartu dute: “Horixe izan da onena; programa ofizialetik kanpo gauza asko sortu dira. Txalaparta ikastaroa egin zuten Uharten, eta hango zaharren egoitzan kontzertua eman zuten, adibidez”. Giro ezin hobean egon direla erran du irakasleak. Asteazkenean, esaterako, San Fermin ikastola ezagutu zuten, eta Burlatako musika eskolan kontzertua eman zuten. Iruñerria afrikar jatorriko “erritmo exotiko eta konplexuz” bete dute.

Eskola solidarioa

Iruñeko Joaquin Maia musika eskolak programa solidarioa du. Horren bidez, beste hezkuntza ildo bat jorratu nahi dute, eta eskolako ikasleak hainbat egoera sozial eta ekonomiko gogorren inguruan sentsibilizatu nahi dituzte. Haitin garatzen ari den proiektua laguntzen dute horrela. “Haitiko gazteak hona etorri dira guri irakastera; guk harrera egin diegu, baina beste guztia haiek jarri dute”, gogorarazi du Santiagok. Iruñeko ikasleek musikaren “beste dimentsio hori” ikustea nahi dute. Eskolako ikasleekin kontzertua emateaz gain, Haitiko Orkestrak Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ere ezagutu ditu. “Atsedenik hartu gabe egon dira 15 egunak, baina merezi izan du; pozik joan dira”. Hortaz, oraingo bidaia elkarlan baten abiapuntua izatea gustatuko litzaioke Santiagori. “Espero dugu aurrerantzean horrelako bisitak errepikatzea”.

Izan ere, duela 50 urte baino gehiago sortutako orkestra hau musika hezkuntzaren adibide bat da, gizarteratzeko, lankidetzarako eta aurrera egiteko bide gisa.