Hegan egin nahi du

Hegan egin nahi du

Kattalin Barber

Gaur egun Arrosadia dena garai batean Mochuelo auzoa izan zen. Gutxi idatzi da Mochuelori buruz, baina, diotenez, bizilagunek ez zuten gustuko auzoaren izen hori, eta Iruñeko Udalari aldatzeko eskatu zioten, 1937. urtean. Orain, Arrosadia Bizirik batzarrak auzoaren izen zaharra zena eta, aldi berean, auzoko ikurra dena omendu nahi izan du, eta La Motxuela aldizkaria kaleratu berri du. Auzoko lehen aldizkaria da, auzoak egina auzoko kideentzat. Mozoloak hegan egin nahi du, eta hasi da hegalak astintzen.

“Auzoko ahots guztiak bildu nahi ditugu”, esan dute Oihana Loreak, Alberto Uriartek eta Xabier Sardak. Hirurak dira Arrosadia Bizirik batzarreko kideak, eta auzo bizi baten alde ari dira orain dela hiru urtetik hona. Auzoan jazotakoa “ikuspegi positibo” batean ikusarazi nahi dute, eta horren ariketa praktikoa da La Motxuela.

Aniztasun handiko auzoa da Arrosadia, baina urteetan “baztertuta eta utzita” dagoen sentsazioa izan dute auzokide askok. “Batzarra sortzera bultzatu gintuen helburu berari eusten diogu oraindik: auzoa piztu, eraldatu eta koloreztatu nahi dugu, hemengo bizilagunok hobeki bizi gaitezen”, azaldu du Sardak. Auzoko hainbat kolektibo eta bizilagunek osatzen dute Arrosadia Bizirik. Besteak beste, Arrosadiko Eguna antolatzen du urtero batzarrak.

Orain dela urte batzuk hainbat komunikabidek auzoari buruz argitaratu zituzten “albiste negatiboei” eta horiek izan zuten eraginari aurre egin nahi zioten batzarraren bidez. “Drogak, etxabeak… Bazirudien dena txarra zela Arrosadian. Horri buelta eman nahi izan genion batzarra sortuta”, bat egin dute hirurek. Ekin eta lortu. Egun, auzoaren irudia bestelakoa dela argi dute auzokideek.

“Orain badago saltsa”, adierazi du Loreak, eta hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: joan den urteko maiatzean ospatu zen auzoan Arrosadia nola? izenburuko jaialdia, adibidez, eta, ekainean, berriz, Artisten Auzoak hartu zituen Arrosadiko kaleak, lau egunez. Ekinaldi horiekin guztiekin auzoa indartzen ari dela uste dute.

Ildo beretik mintzatu da Uriarte. Aspalditik zuten aldizkaria sortzeko ideia, baina unerik egokiena orain izan dela uste du: “Arrosadiko eta Santa Maria La Realeko auzokideei beren nahiak eta kezkak askatasunez adierazteko aukera eman nahi dien hedabide bat da gurea”. Interesa duen edonork aukera du La Motxuelan idazteko.

Mila aleko argitaraldia izan du, eta Arrosadia Bizirik elkartearen asmoa da urtean lau aldizkari egitea. Auzoko liburutegian, osasun etxean eta hainbat saltoki eta tabernatan eskuragai dago jaio berri den aldizkaria. Auzokideen erantzuna ona izaten ari dela diote hirurek, eta interesa agertu dutela: “Ikusmina sortu du”.

Gainera, hainbatek adierazi dute bertan parte hartzeko nahia, eta dagoeneko lanean ari dira bigarren zenbakia argitaratzeko: “Malguak gara, eta aldizkaria moldatuko da edukira, ez alderantziz”, azaldu du Loreak. Besteak beste, bigarren eskuko arropari buruzko erreportaje bat, auzoan sortu berri den denbora bankuaren egitasmoaren inguruko informazioa eta Arrosadian tailerra duten bi artistari eginiko elkarrizketa jasotzen ditu aldizkariak lehendabiziko zenbakian.

Lehen zenbakiko artikulu gehienak gazteleraz diren arren, euskara beti presente egonen dela adierazi dute sustatzaileek. “Editoriala ele bitan da, eta asmoa da bakoitzak bere hizkuntzan idaztea. Adibidez, Errumaniako norbaitek errumanieraz idatz dezake. Aniztasuna da gure arma”, nabarmendu du Loreak. Aldarrikatu egin nahi dute auzoko aberastasun kulturala, argi baitute hori dela auzolagunak batzeko bidea.

Arrosadiko bilgune

Printzearen Harresi haur eskola zaharra da egun auzoko bilgune. Han egiten dute bat Arrosadia Bizirik batzarrak, Yoar elkarteak, jai batzordeak, Munduko Medikuek, Madre Coraje elkarteak eta erraldoien konpartsak, esaterako. “Yoar gazte elkartearen urteetako eskakizuna izan da, eta orain dela hiru bat urte utzi zigun udalak”, azaldu du Sardak.

Oraindik bukatuta ez dauden arren, udalak obrak egin ditu, eta egoitza beharretara egokitzen ari da, auzoko talde guztiek beren jardueretako lekua izan dezaten, hain zuzen ere.

Bizi-bizirik dago Arrosadia, eta La Motxuela aldizkariak auzokide guztiekin hegan egin nahi du, guztiak “ongi etorriak” direlako. “Gure jarduna ezagutarazi nahi dugu, eta, aldi berean, elkarlanean auzoa eraiki”, berretsi du Uriartek. Horretarako, aldizkaria jarri dute bitartekari lana egiteko tresna gisa, eta bidean jende gehiago batzea da asmoa. Izan ere, aniztasuna da auzoaren sor-marka, eta, mozoloa, berriz, ikurra.